Burundako euskara
Nafarroako mendebaleko ertzean dago Burunda, Gipuzkoa eta Araba ondoan dituela. Kokagune berezi horrek eragin zuzena eduki du hango hizkeran: hiru alderdi horietako ezaugarriak jaso ditu, tarteko hizkera da bete-betean.
Kokaguneak azaltzen du, beraz, alderdi askotako eraginak edukitzea, baina badira, hala ere, ezusteko gertakari bi. Alde batetik, gauza zahar asko gorde dira eta, bere kokagunea ikusita, ez da hori espero, Burunda ez dagoelako leku urrun eta bakarti batean. Alderantziz, Iruñea eta Gasteiz eta Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen bidean dago. Bestalde, berriz, Sakana eskualdean dagoen arren, nabarmena da Burundako azken herritik, Bakaikutik, bere aldamenekora, Etxarri Aranatzera dagoen aldea.
Esandako guztiak oso berezi egiten du Burundako euskara; ezagutzen dudanetan bereziena eta, hori dela eta, luze eta zabal azalduko dut.
Sei herrik osatzen dute Burunda: Ziordia, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku dira. Euskalkiaren egoera ez da ona, Urdiainen baizik ez da zaharrengandik gazteengana igaro. Bakaikun heldu batzuek baizik ez dakite eta, gainerako herrietan, galduta dago. Guztira 11.000 lagun inguru bizi dira Burundan; horietarik gehienak (7.500 inguru) Altsasun.
Ikus ditzagun ezaugarririk esanguratsuenak:
Fonologia
Bokalak
Sail honetan hauxe da nabarmentzekoa:
- 1. /e + a, e, o/ bokalak elkartzen direnean, e > i egiten da: etxea > etxia. Euskal Herri osoko bazter askotan gertatzen da hori, baina Burundan, eta Sakanan oro har, beste inon baino indartsuagoa da: bokal artean izan den kontsonantea galdu ondoren ere gauzatzen da. Hitz hasieran, esate baterako, honelako bilakaerak gertatu dira: edan > ean > yan, egon > eon > yon, erantzi > eantzi > yantzi, erosi/egosi > eosi > yosi… Berdin hitz barruan ere: aberats > abeats > abiats, jatera > jatea > jatia, urtero > urteo > urtio… Gauza bera gertatzen da /o + a, e, o/ elkartzen direnean: o > u egiten da bokal arteko kontsonantea galdu ondoren ere. Horren adibide dira: basora > basoa > basua, denbora > denboa > denbua…
- 2. -a + a > -ea > -ia egiten da: anekdotia 'anekdota', balbulia 'balbula', bronkia 'bronka', klabikulia 'klabikula'… Mendebaleko euskararen bereizgarri esanguratsu hori Burundan ere bada, beraz. Hango azken herriraino heltzen da; arrotza da Bakaikutik ekialdera. Arau hori betetzen denez, hitz amaieran -e > -a egiten da zenbaitetan: andra 'andre', bara 'bare', basurda 'basurde', bela 'bele', lora 'lore'… Hori ere mendebaleko gertakaria da.
- 3. Ekialdeko euskalkietan bezala, Burundan eta Sakana guztian ohikoak dira goranzko diptongoak: nes.kjá 'neska', bi.djá 'bidea', ma.ris. kwék 'mariskoak'…
- 4. -ei- > -ai- egiten da maiz: alaina 'ahalegina', laioa 'leihoa', lantaia 'lantegia', luziai 'luzeegi'… Askotan lehian daude -ai- eta -ei-: axei/axai 'azeri', baindo/beindo 'baino'…
- 5. Sakana osoan bezala, -eu- > -au- egiteko joera dago: yauli 'euli', yauri 'euri', lauke (< leuke) 'luke'…
- 6. Hitz amaieran -un dago ondorengo lau hitzotan: asun, bi(g)un, lurrun, mun. Euskal Herriko mendebalean gertatzen da gehienbat hori; gainerako alderdietan -uin/-in ageri dira.
- 7. Erdialdeko euskalkian bezala, er > ar egiten da zenbait hitzetan: baztar 'bazter', ifarnu 'infernu', izardi 'izerdi', iztar 'izter', muskar 'musker', uzkar 'uzker'…
Kontsonanteak
- 1. Asimilazio bustidura eza da gertakaririk esanguratsuena. Inguruko hizkera guztietan indartsua da bustidura; arrotza, aldiz, Burundako sei herrietan. Horren lekuko maila, zaila, laino, oinez… bezalako ahoskerak. Gainera, gaztelaniatik hartutako hitzetan ere saihestu egin dira ll eta ñ: kutxilo, ladrilo, pastila, sila…esaten da.
- 2. Erdialdean bezala, euskal hitzen hasieran [x] ahoskera dago Sakana osoan: jaio, jakin, jan, jo…
- 3. Zenbait hitzetako -nd- kontsonante multzoa da Burundako bereizgarri. Alde batetik, izan-en adizkietan agertzen da: gindan 'ginen', zindan 'zinen', zindain 'zineten'. Bestetik, muga adlatiboko morfema -raindo da (orok. '-raino'): nuaindo 'noraino', etxiaindo 'etxeraino'… Beste hitz batzuetan ere gertatzen da; baindo/beindo 'baino', esate baterako.
- 4. Herskarien sailean ere badira gauza bereziak. Alde batetik, herskari ahostuna dago hitz batzuetan: barre (ez parre), dalo 'talo', dolostatu 'tolestu', gainu 'keinu', galte 'kalte', gata 'kate', girten 'kirten'… Beste hauetan, berriz, ahoskabea: kaixa 'gerezia', pits 'bits'… Nabarmentzekoak dira beste aldaera bi hauek ere: aitatu 'aipatu' eta kipula 'tipula'.
- 5. Hitzak elkartzerakoan z ahoskatzen da l, n eta r ondoren; ez tz: an zon (ez an tzon) 'han zegoen', zer zan (ez zer tzan) 'zer zen', il zan (ez hil tzan) 'hil zen'.
- 6. ez partikula z- batekin hasten den adizkiarekin elkartzerakoan ere z ahoskatzen da; ez tz: eza (ez etza) 'ez zara', ezan (ez etzan) 'ez zen', ezon (ez etzon) 'ez zegoen'.
- 7. -st- kontsonante multzoa dago: beste, bost, heste, ostegun, ostiral esaten dira; ez bertze, bortz gisakoak.
- 8. r dago, inoiz d edo ø aldatuta; ez l orokorra: bear/biar 'belar', irar 'ilar', irargi 'ilargi', zidar 'zilar'. Baina, horien ondoan, elur esaten da; ez erur.
- 9. Nafarroako jokabidearekin bat etorriz, erdal -ón eta -ión bukaerak -ona eta -iona egokitu dira Sakana osoan: melona, montona, abiona, akordiona…
Azentua
Burunda eta Sakanako osoko azentua ahula da. Ez dauka balio bereizgarririk: ez du singularra eta plurala bereizten; ezta hitz bikoteak ere. Ez dut bilatu azentu markatua daukan hitzik.
Morfologia
Izenaren morfologia
Kasuen morfemei dagokienez, hauxe nabarmenduko dut:
- 1. Datibo plurala -airi/-eiri da:
langilieiri eztiai sueldoik eman 'langileei ez diete soldatarik eman' - 2.
Genitibo plurala -ain/-ein da:
estudiante txarrain moduen 'estudiante txarren moduan'
Jakina, genitiboaren gainean eraikitzen diren kasu guztietan –soziatiboan ez besteetan– daukagu aldaera bera: txarraingana 'txarrengana', txarraingeiti 'txarrengatik', txarraindako 'txarrendako'… - 3. Soziatiboa -kin da: borondate onakin 'borondate onarekin'. Euskal Herriko eremu zabalean erabiltzen da morfema hori, baina Etxarri Aranatzez gero, -ki ere bada aukeran. Arrotza da hori Burundan.
- 4. Antzeko gertakaria daukagu instrumentalean. Burundan -z erabiltzen da: oinez. Aldiz, Etxarri Aranatzez gero, -s nafarra dago.
- 5.
Destinatiboan -endako dago Burundan eta Sakana osoan:
yauria ona da lurrandako 'euria ona da lurrarentzat' - 6.
Prolatiboan -tako dago. Hori ere Sakana osokoa da:
eskualdunetako dukau giaure bua 'euskalduntako daukagu geure burua' - 7.
Bizidunen inesiboan -en baitan erabiltzen da Sakana osoan; ez -engan:
jaiek prestatzeko bajukagu konfiantzia gaztiein baitan 'jaiak prestatzeko bazaukaagu konfiantza gazteen baitan' - 8. Ablatiboan eta motibatiboan bizirik iraun dute -ti eta -gaiti aldaera zaharrek:
- a. gelati ata in gindan 'gelatik atera egin ginen'
- b. zengeiti eskatzen dai diru asko 'zergatik eskatzen dute diru asko'
Atal hau ixteko, gauza bat nabarmenduko dut: mendebalean bezala, -rik morfema erabiltzen da Burundan etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi tankerako esapideetan. - 9.
Adinarekin inesiboko -tan morfema baliatzen da:
eskolati hamalau urtetan ata nitzan 'eskolatik hamalau urtetan atera nintzen'
Beste hiru gertakari hauek aipatuko ditut izenaren morfologiaren sailean:
- 1. -rutza morfema baliatzen da honutza, horrutza eta hautza aditzondoetan. Sakana osoan erabiltzen da. Nabarmentzekoa da, dena dela, 'hona/horra/hara' dela horien esanahia. Norabidea adierazi nahi bada, aldera eransten zaie: honutzaldea, horrutzaldea, hautzaldea.
- 2. Izenordain indartu bereziak erabiltzen dira Burundan: ñeau/niau 'neu', yau 'heu', bea 'bera', giau 'geu', ziau 'zeu', zebeik 'zeuek', ebeik 'berak'.
- 3. bakarren bat 'norbait' gisako izenordainak maiz aditzen dira Sakana osoan: bakarren batek, bakarren bati… Horiekin batera, baten bat gisakoak ere ezagunak dira: baten batek, baten bati… Azkenik, zeozer 'zerbait' izenordaina ere bada.
Aditzaren morfologia
- 1. izan-en singularreko 3. pertsonako erroan -a- dago: dan 'den', dala 'dela', dalako 'delako, zan 'zen', zala 'zela', zalako 'zelako'.
- 2. edun-en orainaldian -o-, -au- eta -e- lehian daude adizkien arabera: dot 'dut', dezu 'duzu', dau 'du', du 'dugu', dezai 'duzue', dai 'dute'.
- 3. NOR-NORI sailean zaira 'zait', zaio, zaigu… gisakoak erabiltzen dira. Ez dira bereziak, baina egin dezagun kontu Burundatik ekialdera, Etxarri Aranatzez gero, dakit 'zait', dakiyo 'zaio', dakigu 'zaigu'… gisakoak baliatzen direla. Iraganaldian, ostera, -ki- hori bada Bakaikun eta Iturmendin:
trena pasatu zakiten 'trena pasatu zitzaidan'. - 4. NOR-NORI-NORK saileko adizkiek egiten dute Burunda berezi. Ez dago *-i- erroa, inguruko hizkera guztietan bezala. Badirudi *eradun dela hango erroa. Hona hemen Urdiaingo zenbait adibide: dua 'dit', duazai 'didazue', geauzu 'diguzu', dezait 'dizuet', diai 'diete'…
- 5. egin erroa NOR-NORI-NORK saileko aginteran baliatzen da: yakus iok/ion 'erakuts iezaiok/iezaion', eskatu iozu 'eska iezaiozu'…
- 6. joan-en adizkietan nua/niyua 'noa', dua/diyua 'doa', nenduan/nendiyuan 'nindoan', zuan/ziyuan 'zihoan' bikoteak dauzkagu. Beraz, Gipuzkoako diyua gisakoak hara ere heldu dira.
- 7. eduki-ren erroa berezia da, baina bi aukera daude. Urdiainen -u- da (eta halaxe zen han hasi eta Ziordia bitartean): dukat 'daukat', nukan 'neukan'. Iturmendin eta Bakaikun -e- da: dekat 'daukat'. Berezia da ekarri-ren erroa ere: -e- dago horretan; dekat 'dakart'.
- 8.
edun aditzaren erabilera mugatu eta eduki nagusitu da Sakana osoan:
launak banukatzien 'lagunak baneuzkan' - 9. NOR-NORK saileko adizkiak gutxi erabiltzen dira Sakanan; ia bat ere ez Burundan: NOR-NORI-NORK sailekoak nagusitu dira, baita adin handiko hiztunen jardunean ere.
- 10. Geroaldia egiteko -en eta -ko erabiltzen dituzte adin batetik gorako hiztunek: emain/emanko, izein/izanko… Gazte jendeak -go baliatzen du: emango, izango.
- 11. NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sailetako adizkien pluraleko 2. eta 3. pertsonetan -ei/-ai morfemak daude; ez -te: dai 'dute', zain 'zuten', duai 'didate', diai 'diote', dezai 'duzue', zenduein 'zenuten'… Baita NOR saileko pluraleko 2. pertsonan ere: zai 'zarete', zei 'zaudete', zazai 'zoazte'…
- 12. Aditzen pluralgileak direla eta, bada zer nabarmendu:
- a. NOR-NORI-NORK sailean -tzi- eta -zki- erabiltzen dira Urdiainen, adizkien arabera: NORI 'niri', 'hari' eta 'haiei' denean, -tzi- aukeratzen da; -zki- gainerakoetan. Beraz, duatzizu 'dizkidazu', diatzit 'dizkiot/dizkiet' gisakoak esaten dira. Berdin gertatzen da Bakaikun eta Iturmendin, baina hauetan -tza- erabiltzen da; ez -tzi-.
- b. -tzi- erabiltzen da eduki, ekarri eta eroan-en adizkietan: dukatzit 'dauzkat', dekatzit 'dakartzat', diatzit 'daroatzat [daramatzat]'. Iturmendin eta Bakaikun -tza- dago: dekatzat 'dauzkat/dakartzat', diatzat 'daroatzat'.
- c. -zi dago joan-en adizkietan: gazi 'goaz', zazi 'zoaz', dazi 'doaz'.
- 13. Partizipioari -ta nahiz -rik morfemak eransten zaizkio: jarrik/jarrita. Nabarmentzekoa da aditz berrietan -rik dela ohikoena: bakunatuik, mobilizatuik, prezintatuik…
- 14.
Sakana osoan dago -gi partizipioetan. Burundan ebai 'ebaki', jagi 'jaiki', yazi (< irazegi) 'irazeki [piztu]' esaten dira.
Hiketa dela eta, oso galduta dago gazte jendearen artean. Aldiz, adin batetik gorako hiztunak, gizonezkoak gehienbat, horretaz baliatzen dira euren eguneroko hartu-emanean. Gauza bi nabarmendu nahi ditut morfologiari dagokionez: - 15. Mendebalean bezala, j- da NOR morfema ondorengo adizkiotan:
- a. edun-en pluralean: jituk/jitun 'ditik/ditin'. Singularrean d- orokorra dago: dik/din.
- b. Trinko iragangaitzen orainaldian: jok/jon 'zagok/zagon'. Iraganaldian z- dago: zoken/zonen 'zegoan/zegonan'.
- c. Trinko iragankorren orainaldian, 'hik' pertsonari dagozkion adizkietan izan ezik: jukak/jukan 'zaukak/zaukan'. Oraingo honetan ere z- dago iraganaldian: zukaken/zukanen 'zeukaan/zeukanan'.
- d. NOR-NORI-NORK sailean: juak/juan 'zidak/zidan'.
- 16.
Nafarroa gehienean bezala, y- dago singularreko 2. pertsonan adizki jakin batzuetan, baina gaur egun behintzat ez da arauzkoa: yengon 'hengoen', yua 'hoa', yukan 'heukan'… bezalako batzuetan aditzen da.
Eta sail hau ixteko, beste gertakari bi hauek aipatuko ditut: - 17.
Adberbioak errepikatzen direnean, absolutibo singularrean erabiltzeko joera dago Sakana osoan:
ixil-ixila ibiltzen da 'isil-isila ibiltzen da'
arropia seko-sekua do 'arropa seko-sekoa dago'
trena geldi-geldia eldu da 'trena geldi-geldia dator'
- 18.
Aditz izena ZERTAN kasuan erabiltzen da gehienetan:
etxien eztuai faten autzi 'etxean ez didate joaten utzi'
yakusten alaindu nauk 'erakusten ahalegindu nauk'
oia biandu faten oitu nauk 'ohera berandu joaten ohitu nauk'
Baina atrebitu eta eman aditzekin ZERTARA kasua baliatzen da:
enaiz dirua jokatzia atrebitu 'ez naiz dirua jokatzera ausartu'
eman giauei ondo jatia ta yatia 'eman zigutek ondo jatera eta edatera'
Bi aukerak balia daitezke gelditu aditzarekin:
zuien ibaia nola eldu zan ikustia/ikusten gelditu naiz 'zubian ibaia nola zetorren ikustera/ikusten gelditu naiz'
Adizki horiek guztiok ez partikularekin elkartzen direnean, ez + *j- > etx- da emaitza: etxakik 'ez zakik', etxukak 'ez zaukak'.
Atzizkiak
Hiru gertakari aipatuko ditut:
- 1. Nafarroako beste alderdi batzuetan bezala, -kan aldaera aditzen da maiz Sakanan (orok. -ka): bakarkan, jokan, saltokan…
- 2. Distributiboa egiteko -na baliatzen da; ez -ra: bina, seina, zazpina…
- 3. -tza baliatzen da; ez -go: artzaintza, nekazantza, soldautza…
Sintaxia
Hauexek dira sail honetako gertakaririk esanguratsuenak:
- 1. Kausazko perpausetan ondorengo lau egiturok dauzkagu:
- a. 'nolabait + aditza + -en'. Asko erabiltzen da Sakana osoan:
nolabait andragaia Iruñakua dukan, bertan yosi dai etxia 'nolabait andregaia Iruñekoa daukan, bertan erosi dute etxea' - b. 'Aditza + eta' eta 'aditza + -(e)la eta' ere ohikoak dira Sakana osoan:
eldu'an lanbatien Alsua fanko gaituk, feiek tuk eta 'datorren larunbatean Altsasura joango gaituk, feriak dituk eta'
usuek ekar tueila ta, afaia inko du 'usoak ekarri dituztela eta, afaria egingo dugu' - c. 'Aditza + bait-' ere ohikoa da Sakanan, baina arrotza Burundan.
- d. Burundan -(e)lako erabiltzen da gehienetan, baina adin batetik gorako hiztunek -(e)lakoz era baliatzen dute:
ez ne aita zalakoz, bea oso ondo zukan burua 'ez nire aita zelako, baina oso ondo zeukan burua'
- a. 'nolabait + aditza + -en'. Asko erabiltzen da Sakana osoan:
- 2.
Perpaus osagarrietan, aditz nagusia ezezkoa denean, menderatuak -(e)nik morfema hartzen du:
eztot uste olakoik pasatuko danik gaio 'ez dut uste horrelakorik pasatuko denik gehiago' - 3.
Denborazko perpausetan -(e)la erabiltzen da Sakana osoan; ez ekialdeko -(e)larik:
ileta funtziotan gendela, izugarrizko elurra bota zen 'hileta funtzioetan geundela, izugarrizko elurra bota zuen' - 4.
Esan dezadan, azkenik, Sakana osoan erabiltzen dela egin aditzaren indartzaile. Ikus dezagun egin-dun eta egin gabeko perpaus biren arteko kontrastea:
- a. Gobernuek galazita duka, bea ikurriña patu in dai 'Gobernuak galarazita dauka, baina ikurrina jarri egin dute'
- b. etxeko ataien argia patu dot 'etxeko atean argia jarri dut'
Lexikoa
Burundan erabiltzen diren hitz berezi batzuen zerrenda egingo dut jarraian.
- A: ahaztu 'atzendu, ahantzi', amarratz 'armiarma' (Ziordian eta Olatzagutian antzina), antuxa 'usin, doministiku', apiki (< apika) 'nonbait', arkakuso 'kukuso', asko 'anitz', atari 'ate' esanahiarekin, atxitamustaia 'tximeleta', atze 'gibel', aurre 'aitzin'.
- B: baso 'oihan', behatz (> bihetz) 'hatz', berantzagi (> mentzagi) 'orantza, legami', beratz (eta bigun), beta 'asti', bota 'erori' esanahiarekin.
- D: dermio/dermau 'alor', despeditu 'bukatu', domeka (> donbeka) 'igande'.
- E: eroan (> ean/yan) 'eraman', errendaketan (Bakaikun botaketan) 'botaka', esegi 'zintzilikatu' (Olatzagutian eta Altsasun antzina), esnatu (> esenatu) 'iratzarri'.
- G: garagarril 'ekain', garranga 'izotz burruntzia' (Ziordia eta Altsasu bitartean antzina), gura 'nahi' hitz elkartuetan (azkura, barregura, logura, negargura, onguramina 'apeta').
- H: heldu + izan-en adizkiak 'etorri', hirurogei 'hiruretan hogei', hitz egin 'mintzatu, solastu', hobeto (eta hokio 'hobekiago'), horma 'pareta', hots egin 'deitu'.
- I: ibai, ibili 'eduki' esanahiarekin (autua garajien ibili dot 'automobila garajean eduki dut'), ilbetz 'urtarril', ilondo 'ilbehera', inbuluzkan 'itzulipurdika', indiaba 'indaba, babarrun', ira (Bakaikun iyostor) 'iratze', irazeki (> yazi) 'piztu', izara 'maindire', izeko 'izeba' (Ziordia eta Urdiain bitartean antzina).
- J: jaregin (> jarein) 'askatu', jator, jaungoikoaren gerriko 'ostadar', joare (> fara) 'zintzarri', jostai 'ostots, trumoi'.
- K: kale 'karrika', katagorri 'urtxintxa', konturatu 'ohartu', korrikan 'lasterka', kunkun 'apo'.
- L: lapiko (eta eltze), lastail 'urri [hilabetea]' esanahiarekin, laurogei 'lauretan hogei'.
- M: maki 'herren', momoxarro 'inauteri', mutiki 'mutiko', mutxikan 'jolasean', muxinkuen 'borrokan'.
- N: nekazari 'baserritar', nesaki 'neskato'.
- O: odolki 'tripot, odoloste', ohe 'ohatze', okaran, okela (eta haragi), okolu 'ukuilu', ondo (eta ongi), ortu (eta baratza), oso 'hagitz, arrunt', ozpingarri 'oinaztarri'.
- P: pantalon 'galtza, praka', pernil 'urdaiazpiko', pits (eta apar).
- S: sobrare (> sobre) 'nonbait', sor 'gor'.
- T: triku 'sagarroi', tu (ez listu, txistu), txarki (eta gaizki), txitxigarro 'kilker', txukun.
- U: ubaraxa (> uaxa, Bakaikun igualaiza) 'igel', urri 'irail' esanahiarekin.
- Z: zajau 'ahozapi', zakar 'itsusi' esanahiarekin, zapo 'zomorro' esanahiarekin, zil 'zilbor, zilko', zinzirrin 'belarritako'.
Aldaerak
Bukatzeko, Burundako zenbait aldaeraren zerrenda osatuko dut:
- A: ailubi/aulubi 'marrubi', aitxur 'aitzur', alkar 'elkar', apiz 'apaiz', arrontza 'arrautza', autzi 'utzi'.
- B: bea/baia 'baina', be 'gabe' (eta beiko/baiko 'gabeko'), bekela (eta bezela) 'bezala', bildur 'beldur', bulkatu 'bultzatu', bultxurrun 'giltzurrun', burruka 'borroka'.
- E: esan (ez erran), esenatu 'esnatu', esene 'esne', eskubi 'eskuin', eskutur 'eskumutur', etzin 'etzan'.
- F: gaztai 'gazta', guai 'orain'.
- H: haraitz 'haritz'.
- I: ikutu 'ukitu', iretsi 'irentsi', irruti 'urruti', itain 'izain'.
- J: jaunka 'zaunka', jito 'ijito'.
- M: musti 'busti'.
- N: narru 'larru' (Bakaikun larru).
- O: okotz 'kokots', opo 'orpo'.
- P: piliskorri 'biluzgorri'.
- S: sagona 'xaboi'.
- T: tapilo 'korapilo', tximu 'tximino', txindila 'dilista', txindurri/txingurri 'inurri', txixa 'pixa'.
- Y: yainun 'herenegun', yaitzi (< ereitzi) 'iritzi', yauli 'euli', yauri 'euri'.
Bibliografia
BONAPARTE, Louis-Lucien.
- 1881. "Observaciones sobre el vascuence de algunos pueblos del valle de la Burunda". Euskal-erria, 2, 145-151.
ERDOZIA, Jose Luis.
- 2001. Sakana erdialdeko euskara. Iruñea: Nafarroako Gobernua.
- 2002. "Bakaikuko hizkera". Fontes Linguae Vasconum, 34, 90. zenb., 269-306.
- 2004. Sakanako hiztegi dialektologikoa. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
- 2006. Altsasuko euskara. Altsasu: Altsasuko Udala eta Sakanako Mankomunitatea.
INTZA, Damaso.
- 1922. "Burundako euskalkia". Euskera, 3-3: 3-42.
IZAGIRRE, Kandido.
- 1967. "Altsasuko euskeraren gai batzuk". Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 1, 45-97.
ONDARRA, Francisco.
- 1965. "Voces vascas de Bacaicoa". Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 21, 386-412.
- 2005. "Bakaikuko euskal hitzak, esaerak, etab." Fontes Linguae Vasconum, 37, 100. zenb., 481-523.
YRIZAR, Pedro.
- 1991. Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano (2 ale). Donostia: Kutxa eta Euskaltzaindia.
ZUAZO, Koldo.
-2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
Araitz-Beteluko euskara
Beteluko eta Araitz ibarreko sei herrietako euskararen aurkezpen laburra egingo dut. Hauexek dira Araizko herriak: Arribe, Atallu, Azkarate, Gaintza, Intza eta Uztegi. Larraungo Errazkin herrian eta Azpirozko Lezaeta auzoan ere hizkera bera egiten da. 'Mailope' ere deitzen zaio eskualde honi, Aralarko mailoen azpian dagoelako.
Guztira, 1.000 bizilagun inguru dira; horietatik gehienak euskaldunak. Nafarroako mendebalean dago, Gipuzkoarekin mugan eta Tolosatik gertuan. Kokagune horrek eragin zuzena izan du hango hizkeran: ezaugarri nafarrekin batera, giputzak ere badira. Gainera, hauexek zabaldu eta nagusitu dira azkenaldian.
Hona hemen Mailopeko euskararen ezaugarririk esanguratsuenak.
Fonologia
Arlo honetan sei gertakari dira kontuan hartzekoak.
- 1. i eta u bokalen ondoren a > e egiten da: sue 'sua'; gutxiten 'gutxitan'; arrike 'harrika'; zazpiñe 'zazpina'; eun bétzutako 'egun batzuetako'.
- 2. Hiatoetan ez dago aldakuntzarik: semea, besoa, mendie, burue esaten da. Arrotzak dira semia/semie, besua/besue, mendiya/mendiye, buruba/burube gisakoak.
- 3. Hitz hasierako j- [x] ahoskatzen da: jakin, jan, jo; ez yakin, yan, yo.
- 4. Erdal -on bukaera bere horretan uzten da: balkona 'balkoia'; botona 'botoia'; limona 'limoia'.
- 5. -st- kontsonante multzoa dago: beste, bost, ostegun; ez bertze, bortz.
- 6. Azentua gehienbat hitzaren ezkerretik hasita 2. silaban egoten da: larúnbata (> laúnbeta/laánbeta). Beste ezaugarri hauek ere baditu:
- - Azentu markatuko hitzak daude: lékue, béstea...
- - Hitzen singularra eta plurala bereizten ditu: Sing. usóak jan du / Pl. úsoak jan due
- - Esanahi desberdineko hitz bikoteak bereizten ditu: eltzéa 'lapikoa' / éltzea 'iristea'
Morfologia
Hamar gertakari aipatuko ditut sail honetan:
- 1. Prolatiboan (NORTAKO/ZERTAKO) -tako atzizkia erabiltzen da; ez -tzat: Tontotako al naukezu?
- 2. Ablatiboan eta motibatiboan ohikoak dira -ti, -gandi eta -gati aldaerak: etxeti etorri; mútillengandi hartu; mútillengati egin.
- 3. Baten bat eta bakarren bat gisako izenordainak erabiltzen dira: Baten batek, baten bati, baten batekin... Bakarren batek, bakarren bati, bakarren batekin...
- 4. Maiz erabiltzen da eduki, edun-en ordez: zortzi urte dauzke (ez ditu).
- 5. Etorri-ren adizkien ordez, 'heldu + izan' baliatzen da: eldu naiz (ez nator).
- 6. Edun-en erroan -u- dago: dut, duzu, duzue. Tarteka -e- ere aditzen da: det, dek.
- 7. NOR-NORI-NORK saileko pluraleko adizkien erroan -a- agertzen da: dazkit 'dizkit'; dazkiot 'dizkiot'; nazkizun 'nizkizun'; zazkion 'zizkion'.
- 8. Geroaldiko morfema -go da: egingo, jakingo, joango; ez eginen gisakoak.
- 9. gina- eta zina- agertzen dira trinkoen iraganaldian: giñauden 'geunden'; ziñauden 'zeunden'; ziñauten 'zeundeten'; giñauken 'geneukan'; ziñaukezun 'zeneukan'; ziñaukezuen 'zeneukaten'.
- 10. 'Partizipioa + -ta/-rik/-a' hirurak erabiltzen dira, baina -ta eta -a dira ohikoenak: erosita, zaartua, eginik.
Sintaxia
Zortzi gertakari nabarmenduko ditut arlo honetan:
- 1. Kausazko perpausak osatzeko aukeren artean, 'adizkia + eta' eta 'adizkia + - (e)la eta' daude:
- Igual eztuk égie izengo, aobero xámarra duk oi ta 'beharbada ez duk egia izango, ahobero samarra duk hori eta'
- Kótxeai kólpea eman diola ta, errixta latza jaso'ik 'kotxeari kolpea eman diola eta, errieta latza jaso dik'
- 2. Kontzesio perpausak osatzeko aukeren artean, bi hauek aipatu behar dira:
- - Perpaus menderatuaren bukaeran baina jartzea:
Ingo't, gogo aundiik eztauket biño 'egingo dut, gogo handirik ez daukat baina' - - Lanak lan gisakoak:
Lának lan, biar jai ein bea'iau 'lanak lan, bihar jai egin behar diagu'
- - Perpaus menderatuaren bukaeran baina jartzea:
- 3. Denborazko perpausen artean, hauexek daude:
- - 'Adizkia + -(e)la'
Gazteak giñela, asko joaten giñen Orexaa 'gazteak ginela asko joaten ginen Orexara' - - 'Harik eta... arte':
Aik eta dénak bildu arte, ezka jaten asiko 'harik eta denak bildu arte, ez gara jaten hasiko'
- - 'Adizkia + -(e)la'
- 4. Moduzko perpausetan 'partizipioa + ahala' gogoratu behar da:
- Jan ala, géigo ateako'ttuu 'jan ahala, gehiago aterako ditugu'
- 5. Baldintza perpausen artean -t(z)era da berezia:
- Oi jakittea, ingo nun 'hori jakitera, egingo nuen'
- 6. Helburuzko perpausen sailean 'aditz izena + aldera' dago:
- Belarrak itte aldea, dénak bildu giñen 'belarrak ebakitze aldera, denak bildu ginen'
- 7. Al erabiltzen da 'bai/ez' erako galdera perpausetan:
- Ba al daukek nei launtzeko bétaik? 'ba al daukak niri laguntzeko betarik?'
- 8. Egin aditz indartzailea baliatzen da. Hona hemen egin-dun eta egin gabeko perpausen arteko aldea:
- a. Enun nai, biño etorri in naiz 'ez nuen nahi, baina etorri egin naiz'
- b. Lekunberritti etorri naiz 'Lekunberritik etorri naiz'
Lexikoa
Eskualde honetako hitz esanguratsuenetako batzuk erakutsiko ditut
A-
- aditu 'entzun'
- agidanean 'dirudienez'
- ahaztu (eta atzendu)
- aise (eta erraz)
- aita ponteko eta ama ponteko 'aita-/amabitxi'
- aitona (> attuna) eta amona
- akets 'kamuts'
- aldaboi 'euria eta haizea aldi berean'
- alkotx 'pertsona narrasa'
- amaume (eta armiarma sare)
- andre (eta emazte)
- antzigar 'lantxurda'
- apika (eta beharbada)
- argitu 'eguna zabaldu'
- ariora(n) 'proportzioan'
- arkakuso (> arkakoso)
- artesi 'arrakala'
- asko 'anitz'
- astegorri 'astegun'
- atarramentu
- atorra (eta alkandora)
- atze (eta aurre)
- aukeratu 'hautatu'
- aurreneko (eta lehenbiziko)
- axuri (eta arkume)
- azienda (eta abere, ganadu)
- azkar (eta agudo, bizkor)
- azkura
B-
- baba 'babarrun'
- bailara 'ibar'
- baliteke (eta beharbada)
- banaz beste 'batez beste'
- barratu (eta zabaldu)
- barride (eta auzo)
- barru (> barrun) 'barne'
- barruti 'belardi'
- baso 'oihan'
- basur (eta ihintz)
- batez ere (eta gehienbat)
- beharrik! (eta eskerrak!)
- beherako (eta kakeria)
- belakatu (eta ahul)
- beratz (eta biguin)
- berebiziko (eta bialdiko, sekulako)
- beta 'asti'
- bidali (> bialdu) 'igorri'
- bidenabar (> binaarrean) 'bide batez'
- botagura (eta gonbitale)
D-
- dagoeneko 'jada'
- dena dela (eta dena den)
- denetara 'orotara'
- deus (eta ezer)
- diosal (eta agur)
E-
- edozer
- eguarrito 'elur jauzi'
- egundainoko (eta egundoko, sekulako)
- egutera 'eguzki alde'
- enantzu 'gaitasun, indar'
- enas 'zikin'
- eozi (eta eroizi, euzi) 'luizi'
- erakustun 'irakasle'
- erostun 'erosle'
- erreka 'ibai'
- errero 'errementari'
- erruki (eta gupida)
- erruz (eta ugari)
- esate baterako (eta konparazio batera, konparaziora) 'adibidez'
- eseri 'jarri'
- eskerrik asko 'mila esker'
- eskumuin (> eskumin) 'goraintzi'
- esnatu (> esnaatu) 'iratzarri'
- espa 'nahia, gogoa'
- espartzin 'apreta'
- ezizen (eta izengoiti)
- ezkila 'kanpai'
F-
- faborez (eta mesedez)
- flako 'argal'
G-
- gaixotu (eta gaizkitu)
- galtzarbe (eta besape)
- galtzin (eta kare)
- garagarril 'ekain'
- garo 'iratze'
- gisu (> kisu) (eta igeltsu)
- gisugile (> kisuskile) (eta igeltsero)
- gogoratu (eta akordatu)
- gorbizi 'egoskor, gogor'
H-
- hainbestean 'ongi samar'
- haizematu 'putz egin'
- hala-moduzko 'hala-holako'
- hartu-eman 'harreman'
- hegal (eta hegatz) 'hego'
- hobeki 'hobeto'
- hoberenean (eta beharbada)
- holako eta halako 'urlia/berendia'
- hormatxori 'txolarre'
- hots egin (eta deitu)
- hozka egin 'haginka egin'
- hozkada (eta mokadu)
I-
- ilbeltz 'urtarril'
- iritsi (eta heldu)
- isats 'buztan'
- iskanbila (eta ardaila, istilu, okasio, zalaparta)
- itxoin (> atxoin) (eta esperatu)
J-
- jakina (eta horixe baietz, noski)
- jasa 'zaparrada'
- jator
- jela (eta izotz)
- jostatu 'jolastu'
K-
- kalpar (eta ilaje)
- kanposantu 'hilerri'
- katagorri (> kattagorri) 'urtxintxa'
- kaxol/kaxon 'zakurraren beroaldia'
- kazkabar (eta harri) 'txingor'
- kilima (eta kili-kili)
- kirkir (eta kirkil) 'kilker'
- koko 'espainiar' eta 'hegoaldeko'
- kolle 'ur izoztua'
- kolle-ziztor 'izotz-burruntzi'
- konturatu (eta ohartu)
- kukuso (eta ñañarro) 'txori-izugarri'
- kuxidade 'txukuntasun'
- kuzmaneoan/kuzmanean/kuzmandan (eta kuxkuxean)
L-
- lakatz 'latz' eta 'argal'
- lapurtu (eta ostu)
- lasterka (eta korrika)
- lekutu 'alde egin'
- limiskatu/limiztatu 'milikatu'
- listu 'tu'
M-
- mailo 'malkar harritsua'
- makur 'gaizto'
- malkar 'aldapa handia'
- malkor 'haitz'
- mamartolo 'labezomorro, kakalardo'
- mami 'gatzatu' eta 'esne gain'
- maskuri
- materia (eta gesal, zorne)
- mikatz (> minkatz) (eta min)
- mingain 'mihi'
- mizto 'ezten'
N-
- nahiko (eta aski)
- neguri 'udazkenaren bukaera'
- nekazari (eta baserritar)
- neskame
- nini 'hazpizar'
- noski 'uste dut, ematen du'
- nozitu
Ñ-
- ñaño 'ganora gabea'
O-
- odolki
- ohatze 'ohe'
- olatu 'uhin'
- ongarri 'simaur'
- ongi 'ondo'
- orantza (> orrantza) 'legamia'
- osatu (eta txikiratu)
- oso 'hagitz'
- osotara (eta erabat)
- ospel 'laiotz' eta 'azkordin'
- ostots (eta trumoi)
P-
- pantalon (eta galtza)
- paraos 'euritako'
- pella 'azalore'
- perdeska 'balantzaka'
- peto 'egiazko'
- poltsiko (eta poltsa) 'sakela'
R-
- raso (eta erabat, osotara, zeharo)
- rekozina (eta despentsa)
S-
- sarri (> saarri) (eta geroxeago)
- segari 'segalari'
- sesio 'liskar'
- sobra ere 'nonbait'
- sor 'gor'
- sorreria 'gorreria'
T-
- (aran) tximilo 'basaran'
- tankera (eta antz, kera)
- tenore (eta sasoi)
- triku 'sagarroi'
- txalburu 'zapaburu'
- txamal 'moxal'
- txantxangorri
- txarro 'pitxer'
- txipa 'ezkailu'
- txukun
U-
- udare 'madari'
- ukalondo 'ukondo'
- ukuilu
- urgun 'ardien herrena'
- urruti 'urrun'
- usin (eta doministiku)
Z-
- zalkor (eta txalkor) 'konkor'
- zanpatu
- zata 'abarka'
- zein 'zein' eta 'nor'
- zelai (eta ordeka)
- zilbor (> txilbor)
- zintzarri 'joare'
- zurgin
Aldaerak
Aldaeren sailean hauexek nabarmenduko ditut:
A-
- apez 'apaiz'
- atxoin (eta itxoin)
- atxur 'aitzur'
B-
- bae (eta bare) 'gabe'
- barrun 'barru, barne'
- bildur 'beldur'
- biño (eta baño) 'baina'
- bixki 'biki'
E-
- ebi (eta euri)
- elbi (eta euli)
- esan
G-
- geazi 'gerezi'
H-
- hamika 'hamaika'
- haraitz 'haritz'
I-
- ikutu (eta ukitu)
- illoa 'iloba'
- izoa 'izeba'
J-
- jendu 'kendu'
K-
- kerten 'kirten'
L-
- leurri 'neurri'
O-
- obi 'ogi'
- okotz 'kokots'
- osin 'asun'
P-
- pake 'bake'
- parra 'barre'
- pixko (eta pixke) 'pixka'
- puzkar 'uzker'
S-
- sapai 'sabai'
T-
- txilar
- tximu 'tximino'
- txingurri 'inurri'
Z-
- zirriku 'zirrikitu'
Bibliografia
APALAUZA, Amaia.
− 2007. "Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretako lexikoaren azterketa". Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», 41-1: 175- 236.
− 2008. "Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu". Fontes Linguae Vasconum, 40, 107. zenb., 63-104.
− 2012. Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
APALAUZA, Amaia eta Kontxi ARRAZTIO.
- 2007. Araitz-Beteluko ahotsak. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Beteluko Udala eta Araizko Udala.
ETXEBARRIA, Jose Mari.
- 1985. "Gaintzako euskeraren alderdi fonetiko batzuk". Eusko Ikaskuntza. Hizkuntza eta Literatura, 4. zenb., 127-142. Donostia.
ZUAZO, Koldo.
- 2013. Mailopeko euskara. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara
Bizkaiko ipar-sartaldeko hiru eskualde hauetan 25 herri daude. Hamaika Uribe Kostan: Barrika, Berango, Gatika, Getxo, Gorliz, Jatabe-Maruri, Laukiz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Zortzi Txorierrin: Derio, Erandio, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio. Sei Mungialdean: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Meñaka eta Mungia.
Eremu honetako euskarari dagokionez, hauxe nabarmendu behar da:
- a) Euskararen ertz batean dagoenez, nortasun handikoa da: beste alderdi batzuetan egin diren berrikuntza batzuk ez dira hara heldu eta, alderantziz, bertan sortu dira zenbait gauza berri.
- b) Ez da guztiz homogeneoa hiru eskualdeotako berbeta. Berdintasun handienekoa Uribe Kostakoa da, eta hango hamaika herrietan ez eze, Leioan, Erandion eta Loiun ere antzekoa egiten da.
Mungialdean ez dago batasunik. Aldatu egiten da mendebaletik ekialdera joan ahala. Meñakakoa eta Mungiakoa antzekoak dira; Gamizkoa eta Fikakoa ere bai; Fruizen eta Arrietan ere antzera egiten da, baina hemengo berbetak Busturialdekoaren eragina dauka. Bakiokoa zertxobait bereziagoa da; hemengoak ere Busturialdeko eragina dauka.
Nabarmentzekoa da Mungian gertatzen dena. Aspaldi luzetik izan da herri hazia, baina hizkuntzaren aldetik ez da izan hegemonikoa. Gainera, bere barruan ere ez dago batasunik: Atelan eta, batez ere, Larrauri eta Emerando auzoetan Mungialdeko beste herrietan antzera egiten da; aldiz, Laukarizen eta, batez ere, Atxuri eta Birle auzoetan Uribe Kostako herrietan antzera.
Txorierrin ere ez dago batasunik: hemen ere aldatuz doa mendebaletik ekialdera joan ahala. Leioan, Erandion eta Loiun Uribe Kostan bezalatsu egiten da. Larrabetzun, berriz, Bizkaiko erdigunearen gertutasuna nabari da.
Arloz arlo ikusiko dugu eremu honetako euskararen egitura.
Fonologia
Bokaletako gertakariak aipatuko ditugu lehenengo:
- 1. Mendebal osoan bezala, -a batekin amaitzen diren berbak artikuluarekin batu direnean, -a + a > -ea egin da, baina gero lau bilakaera gertatu dira:
- a) Leku batzuetan bere horretan geratu da: -ea (alabea). Mungia gehienean eta Txorierriko hiru herritan daukagu: Sondikan, Derion eta Zamudion.
- b) -a + a > -ea > -e (alabe). Uribe Kostan, Txorierriko hiru herritan eta Mungiako hiru auzotan gertatu da. Txorierriko herriak Leioa, Erandio eta Loiu dira; Mungiako auzoak Birle, Atxuri eta Laukariz, baina azken bietan -ea (alabea) ere bada.
- c) -a + a > -ea > -ia (alabia). Mungialdeko eta Txorierriko herri batzuetan eta Mungiako hiru auzotan gertatu da. Meñaka eta Gamiz-Fika dira Mungialdeko herriak; Lezama eta Larrabetzu Txorierrikoak; Atela, Larrauri eta Emerando Mungiako auzoak.
- d) -a + a > -ea > -ia > -ie (alabie). Mungialdeko ekialdean gertatu da: Fruizen, Arrietan eta Bakion.
- 2. Bokalean amaitzen diren berbetan artikulua guztiz asimilatzen da Uribe Kostan, Leioan, Erandion, Loiun eta Mungiako hiru auzotan: Birlen, Atxurin eta Laukarizen; azken bietan ez beti. Ikus dezagun, esate baterako, ‘etxe’ berbak Getxon daukan bilakaera: absolutibo singularrean (zer) etze ‘etxea’; ergatiboan (zerk) etzek ‘etxeak’; datiboan (zeri) etzeri ‘etxeari’; genitiboan (zeren) etzen ‘etxearen’; destinatiboan (zerentzat) etzéntzako ‘etxearentzako’; soziatiboan (zeregaz, zerekin) etzé(g)as ‘etxeagaz, etxearekin’. Berdin gertatzen da pluralean eta, singularra eta plurala bereizteko, azentua baliatzean da: etze vs étzek; etzek vs étzek; etzeri vs étzeri; etzen vs étzen; etzéntzako vs étzentzako; etzé(g)as vs étzekas. Nabarmentzekoa da absolutibo singularrean ere asimilazioa gertatzea: etze ‘etxea’ bezala, alabe (< alabea) ‘alaba’, iturri ‘iturria’, baso ‘basoa’, buru ‘burua’ esaten da.
- 3. Uribe Kostan, Leioan, Erandion eta Loiun -oa- > -o- egiten da joan-en adizkietan. Leioakoak dira adibideak: no ‘noa’; sos ‘zoaz’; do ‘doa’; gos ‘goaz’; sose ‘zoazte’; dos ‘doaz’. Partizipioa ere yon ‘joan’ da.
- 4. Eroan-en adizkietan ere bilakaera bera gertatzen da. Leioan, esate baterako: dárot ‘daroat, daramat’; dárosu ‘daroazu, daramazu’; dáro ‘daroa, darama’; dáru ‘daroagu, daramagu’; dárosue ‘daroazue, daramazue’; daré ‘daroe, daramate’. Partizipioa eron ‘eroan, eraman’ da. Honen eremua zabalagoa da: Sondikan, Derion, Mungian, Meñakan, Bakion eta Gamiz-Fikan ere gertatzen da. Zamudion ere bai tarteka. Eskualde honetatik kanpo, Nerbioi ibarrean eta Zeberion ere bada.
- 5. Uribe Kostan, Txorierri gehienean eta Mungia gehienean hiatoetan ez da gertatzen inolako aldakuntzarik: semea, surie ‘zuria’, beroa, burue ‘burua’ esaten da. Jakina, Uribe Kostan eta haren inguruetan artikulua asimilatzen denez, seme, suri, bero eta buru gertatu dira. Mungialdean, aldiz, /e + a, e, o/ elkartzerakoan, e > i egiten da (semia/semie) eta /i + a, e, o/ elkartzerakoan, -dx- epentesia sartzen da (suridxe). Gauza bera gertatzen da Mungiako ekialdeko hiru auzotan: Atelan, Larraurin eta Emerandon. Larrabetzun eta Lezaman ere /e + a, e, o/ batzen direnean, e > i egiten da: semia.
- 6. Bizkaiko eremu zabalean -au- diptongoa -eu- egiten da. Ipar-sartaldera ez da erabat heldu; Mungialdean gertatzen da eta, Txorierriri dagokionez, Derio eta Larrabetzu bitartean; beraz, eremuaren ekialdean. Fikakoak dira adibideak: euntz ‘ahuntz’; eurre ‘aurre’; eurten ‘aurten’; euso ‘auzo’; eutz ‘hauts’; geur ‘gaur’; geuse ‘gauza’; neusi ‘nagusi’; dxeusi ‘jausi, erori’. Aditz partizipioetan arauzkoa da: deklareu (< deklarau) ‘deklaratu’; separeu (< separau) ‘separatu’.
- 7. Uribe Kosta gehienean eta Txorierriko mendebalean −Leioa eta Sondika bitartean− alderantzizko gertakaria gauzatzen da: -eu- diptongoa -au- egiten da. Getxokoak dira hauek: auki (< euki) ‘eduki’; auli ‘euli’; auri ‘euri’; áuskera ‘euskara’; áutzi ‘eutsi’. Izenordain indartuetan ere agertzen da: nauk ‘neuk’; sauk ‘zeuk’; sáurok ‘zeuok’; áurek ‘eurak, berak’. Baita edun-en adizkietan ere: aun (< eun) ‘zuen’; auden (< euden) ‘zuten’. Eta NOR-NORI-NORK sailekoetan: daust (< deust) ‘dit’; dauste (< deuste) ‘didate’. Gertakari hau Bizkaiko sartaldeko beste alderdi batzuetan ere bada: Nerbioi ibarrean, Orozkon, Zeberion, Zeanurin, Ubiden eta Otxandion.
- 8. Uribe Kostako alderdi batzuetan −Getxon eta Berangon, gehienbat− -ei- diptongoa -ai- egiten da zenbait berbatan. Getxokoak dira hauek: baye ‘behia’; gaitu (< geitu) ‘deitu’; gáyena ‘gehiena’; laye ‘lehia, izotza’; Layoa ‘Leioa’; ogai ‘hogei’. Bizkaiko sartaldeko beste alderdi batzuetan ere bada gertakari hau: Nerbioi ibarrean, Orozkon, Zeberion eta Zeanurin.
- 9. Mendebal guztian bezala, alderdi honetan ere u- dago berba batzuen hasieran: ule ‘ile’; untze ‘iltze’; urten ‘irten’; urun ‘irin’… Baina Uribe Kosta gehienean eta Txorierriko mendebalean, Leioa eta Sondika artean, uzen ‘izen’ ere bada. Hemendik kanpo, Nerbioi ibarrean eta Orozkon ere bada, eta Zeberion ere ezaguna izan da.
Kontsonanteei dagokienez, gauza bi dira nabarmentzekoak:
- 1. Txorierrin ahula da asimilazio bustidura: l eta n baizik ez dira bustitzen. Gainera, kontsonante bi horiek bustiko badira, ingurune berezi bat behar da: j bokalerdiaren eta beste bokal baten artean egon behar dute. Beraz, ollo ‘oilo’ eta arrañe ‘arraina’ esaten dira, baina mutile ‘mutila’ edo mine ‘mina’ bestela. Getxon bustidura indartsuagoa da, baina han ere t ez da bustitzen. Bizkaiko hego-sartaldean ere ahula da bustidura: Arratian, Galdakaon, Zeberion, Orozkon, Arakaldon eta Arrankudiagan.
- 2. Herskarien sailean aipatu beharrekoa da -k- gabe esaten direla sélau (< zelako) ‘nolako’; edosélau (< edozelako) ‘edonolako’; esélau (< ezelako) ‘inolako’; ólau ‘holako’; álau ‘halako’; lau (< lako) ‘bezalako’. Uribe Kostan, Mungian, Bakion, Meñakan eta Txorierriko mendebalean, Leioa eta Derio bitartean gertatzen da. Gainera, horiekin batera, sélaseko, álaseko, ólaseko, laseko aldaerak ere erabiltzen dira, neurria adierazteko.
Bestalde, hiru aldaera berezi ere badaude: bere ‘ere’, duzti ‘guzti’ eta gorta ‘korta, ukuilu’. Uribe Kostan, Mungian, Meñakan, Bakion eta Txorierriko mendebalean, Leioa eta Derio artean, erabiltzen da bere zaharra. Baita Nerbioi ibarrean eta Orozkon ere.
Murritzagoa da duzti aldaeraren eremua: Uribe Kostan eta Txorierriko mendebalean, Leioa eta Sondika artean, erabiltzen da.
Azkenik, Bizkaiko ipar-sartaldeko bereizgarria da gaur egun gorta.
Morfologia
Izenaren morfologian hauxe da gertakari berezien zerrenda:
- 1. Leioan eta Erandion -ganik aldaera zaharra gorde da bizidunen ablatiboan. Leioako da adibidea:
Nóani[k] tákisu estáule eskondúte ‘norenganik dakizu ez dagoela ezkonduta?’ Nerbioi ibarreko iparraldean ere ezaguna da, eta bizirik dirau Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako ekialdean. - 2.
Mungian, Meñakan eta Bakion, -raiño orokorrarekin batera, -giño erabiltzen da muga adlatiboan. Bakiokoa da adibidea:
Goásen Mungidxegiño! 'goazen Mungiaraino!'
Nerbioi ibarrean eta Orozkon ere ezaguna da. - 3.
ren bat > -ran bat egiteko joera dago Bizkaiko ipar-sartalde gehienean. Getxokoa da lekukotasuna:
Bátaran bat yáusi da 'baten bat jausi da'
Algórta se ixen da, ba? Lau etze ta txaletátxuran bat 'Algorta zer izan da, ba? Lau etxe eta txaletxoren bat'
Busturialdeko alderdi batzuetan eta Zeberion ere gertatzen da.Aditzaren morfologian, berriz, hauxe da esanguratsua:
- 1. Uribe Kosta gehienean −Jataben eta Lemoizen ez bestean− eta Txorierriko eremu zabalean −Leioa eta Zamudio artean− iraganaldiko lehen pertsonako adizki bereziak erabiltzen dira edun-en sailean: nendun ‘nuen’ eta nenduzen ‘nituen’. Jakina, guk gendun, zuk zendun, zuek zenduen adizki orokorren eredura sortu dira. Nerbioi ibarrean, Zeberion eta Orozkon ere badira.
- 2. Ipar-sartaldeko euskararen bereizgarria da d- izatea NOR-NORI saileko adizkietan, mendebalean orokorrak diren y-/dx- ere ezagunak diren arren. Hauexek erabiltzen dira Getxon: dat/dast (eta yat) ‘zait’; datzu (eta yatzu) ‘zaizu’; dako (eta yako) ‘zaio’; daku/dasku (eta yaku) ‘zaigu’; datzue (eta yatzue) ‘zaizue’; dake (eta yake) ‘zaie’. Busturialdeko herri batzuetan ere ezagunak dira: Morgan, Bermeon, Mundakan, Elantxoben…
- 3. Aditzen pluralgileak direla eta, gertakari bi aipatuko ditugu. Alde batetik, ibili-ren adizkietan pluralgile bi agertzen dira ipar-sartalde gehienean: -tze eta -z. Beraz, gabiltzes ‘gabiltza’; sabiltzes ‘zabiltza’; sabiltzese ‘zabiltzate’; dabiltzes ‘dabiltza’ esaten dira. Uribe Kostan, Txorierri gehienean −Leioa eta Zamudio bitartean−, Mungian, Meñakan, Bakion eta Gamiz-Fikan erabiltzen dira. Baita Bizkaiko itsasbazterreko beste zenbait herritan ere. Uribe Kostan eta Txorierri gehienean −Leioa eta Lezama bitartean− -e da izan-en orainaldiko pluralgilea: gare/gares ‘gara’; sare ‘zarete’. Leintz haranean, Aramaion eta Legution ere badira, euskalkiaren hego-sortaldeko ertzean.
- 4. Txorierriko eta Mungialdeko ekialdean g- dago singularreko 2. pertsonetan: gas ‘haiz’; gau ‘hago’; gator ‘hator’; goa ‘hoa’; gabil ‘habil’. Zamudion, Lezaman, Larrabetzun, Fruizen eta Arrietan erabiltzen dira.
- 5. -ado partizipioak -a egin dira Uribe Kostan, Txorierriko mendebalean −Leioa eta Sondika artean− eta Mungiako Birle, Atxuri eta Laukariz −hemen ez beti− auzoetan: akába (< akabadu) ‘akabatu’; prepára (< preparadu) ‘preparatu’; pasa (< pasadu) ‘pasatu’. Bizkaiko itsasbazter gehienean ere gertatzen da, Erandio eta Ondarroa bitartean.
- 6. Partizipioan -adu > -a egin duten aditz horietan -ten da aditz izena: akabaten ‘akabatzen’; preparaten ‘preparatzen’; pasaten ‘pasatzen’. Mendebal gehienean -etan izaten da: akabetan, preparetan, pasetan.
- 7. ‘Aditz partizipioa + TA’ nagusitu da mendebalean: ikusita (> ikusitte) esaten da; ez ikusirik edo ikusia. Baina ipar-sartalde gehienean, partizipioa -l eta -n amaierakoa denean ere, -ta (> -te) agertzen da; ez -da. Getxokoak dira hauek: ílte ‘hilda’; emónta ‘emanda’; ínte ‘eginda’; yánta ‘janda’; yónta ‘joanda’. Ekialdeko herriak aldentzen dira: Zamudio, Lezama, Larrabetzu, Gamiz-Fika, Fruiz eta Arrieta.
Hitz eratorrien sailean gertakari bakarra aipatuko dugu: -mentu atzizki orokorrarekin batera, -mintu erabiltzen da. Urdulizkoak dira hauek: adelantamínttu, aparkamínttu, ayuntamínttu, meresimínttu, moimínttu. Uribe Kostan, Txorierriko mendebalean −Leioa eta Sondika artean− Mungian, Meñakan eta Gamiz-Fikan erabiltzen dira. Nerbioi ibarrean, Zeberion, Orozkon eta Arratian ere ezaguna da.
Sintaxia
Lau gertakari ikusiko ditugu sail honetan:
- 1. Kausazko perpausetan -elakon aldaera erabiltzen da eremu honetako zenbait herritan: Leioan, Getxon, Berangon, Sopelan, Urdulizen eta Lemoizen. Getxokoa da adibidea: Larri daus, amak sokorru íngo dáutzelakon ‘larri daude, amak sokorru [garrasi] egingo dielako’ Nerbioi ibarreko iparraldean, Bermeon eta Mundakan ere ezaguna da. Hemendik urrun, Nafarroa Behereko alderdi batzuetan ere bada.
- 2. Getxon, Berangon eta Leioan mendebalean orokorra den arren erabiltzeaz gainera, arrik ere bada perpaus kontzesiboetan. Kausazko eta helburuzkoetan, era berean, -tearren orokorra eta -tarrik daude. Getxokoa da lekukotasuna: Gíau erebásteitarrik yon siren fábriketara bear íten ‘gehiago irabaztearrik joan ziren fabriketara behar egiten’ Nerbioi ibarreko iparraldean, Zeberion eta Orozkon ere badira; Erandion ere bai -tarrik.
- 3. Uribe Kostan −Lemoizen ez bestean− eta Txorierrin nominalizazioetan ezeztapena aditz lexikoaren ondoren doa eta nominalizazio atzizkia ezeztapenari lotzen zaio. Leioakoak dira adibideak: Sélau lástime lélau etorri éste! ‘zelako lastima lehenago etorri eztea!’ Sélan iséli goserik áuki éste, yan dúnik eta ona! ‘zelan izan daiteke goserik eduki eztea, jan dugunetik eta hona!’ Sáke bótaisu bean gánera, labandu ésteko górtara gosénen ‘saka [belar fardoa] bota ezazu behearen gainera, labaindu ezteko kortara goazenean’ Nerbioi ibarrean ere ezaguna da egitura hau.
- 4.
Uribe Kosta gehienean −Lemoizen eta Jataben ez bestean− ‘ze + subjuntiboko adizkia’ egitura baliatzen da. Nabarmentzekoa da ez aldaera orokorraren ordez, ze agertzen dela. Urdulizkoa da lekukotasuna:
Amorrurik koxi sedeiñ, gordekosu Gauon gaueko ogi sati urten duranten ‘[txakurrak] amorrurik hartu ez dezan, gordeko duzu Gabon gaueko ogi zatia urtean zehar’ Gorro belarritaraño sartute daro, axek éron sedeion ‘gorroa belarrietaraino sartuta daroa, haizeak eroan ez diezaion’ Eskutxutik oratute doro, eskapa sedakion ‘eskutxotik oratuta daroa, eskapa ez dakion’ Gáneska in sedeitzun, goberna ixu esne ‘gainezka egin ez diezazun, zaindu ezazu esnea’Nerbioi ibarrean, Zeberion eta Orozkon ere ezaguna da.
Lexikoa
Hauexek dira alderdi honetako hitz berezietako batzuk: aldestaio ‘ganora gutxikoa’; amiotu/amiatu/amietu ‘lizundu’; ásao eta paraje ‘urrun/hurbil’; ataza ‘zeregina, ardura’; barekil ‘barea (Fam. Limacidae)’; basarte ‘basatza, lokatza’; basi ‘saltsa’; beterre ‘gogaikarria, zirikatzailea’; kázkaragar ‘txingorra’; leba ‘inportantzia’; mamurtu ‘murtxikatu’; óhidalango/óhidalau ‘neurri onekoa, egokia’ (eta óhidalez ‘ondo samar’); troinu ‘korapiloa’; txotor ‘txingor edo elur xehea’.
Eremu txikiagokoak dira ondorengoak: Uribe Kostan eta Mungialdean esaten da aurki ‘antza, dirudienez’; Mungialdean eta Txorierrin korrontzi ‘behien beherakoa’; lumindu ‘lizundu’ eta sasimartxo ‘Inauteri aurreko igandean basora joan eta txitxiburduntzi egitea’; Uribe Kostakoak dira andana ‘ganora’; aube ‘amaginarreba’; gariko/gariteko ‘gainerakoa, bestea’; justuri/jisturi ‘tximista’ (Bermeon eta Mundakan ere bada) eta opetsi ‘eskaini’; Mungialdekoak ineztu ‘tximista’ eta tronbil/anbulo ‘korapiloa’; Txorierrikoak baizen ‘baino’ (Orozkon ere ezaguna da); kiketz ‘zotina’ eta kiña ‘hegabera’.
Aldaerak
Sail honetan hauexek nabarmenduko ditugu: ingiru ‘inguru’; ixi ‘itxi’; kinpula ‘tipula’; lélau ‘lehenago’; urubio ‘kurumino, liztorra’.
Uribe Kostako eta Txorierriko alderdi batzuetan esaten da lasai (mendebalean nasai); Uribe Kostan eta Mungialdean (Bermeon ere bada) ien ‘igo’; Mungialdeko eta Txorierriko alderdi batzuetan geltxo ‘eltxo’. Uribe Kostakoa da zenbest ‘zenbat’.
Bibliografia
Azketa, Sorkunde.
2002. Fikeko berbakera. Bilbo: Gamiz-Fikako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Gaminde, Iñaki.
- 1982. “Butroiko euskara”. Fontes Linguae Vasconum, 14, 40. zenb. 403-460.
- 1989. Leioako euskararen gramatikaz. Leioa: Leioako Udala.
- 1992. Urduliz ingeru, berbak eta bizimodu. Urduliz: Urdulizko Euskera Taldea.
- 1997. Gatikako euskaraz. Gatika: Gatikako Gogoz Euskara Taldea.
- 1999. Bakio berbarik berba. Bilbo: Bakioko Udala, Labayru Ikastegia eta Bilbao Bizkaia Kutxa.
- 2000. Zamudio berbarik berba. Bilbo: Zamudioko Udala, Labayru Ikastegia eta Bilbao Bizkaia Kutxa.
- 2001a. Arrieta berbarik berba. Bilbo: Arrietako Udala, Bilbao Bizkaia Kutxa, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.
- 2001b. Jatabe berbarik berba. Bilbo: Jatabeko Udala, Bilbao Bizkaia Kutxa, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.
- 2001c. Meñaka berbarik berba. Bilbo: Meñakako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.
- 2001d. Mungia berbarik berba. Bilbo: Mungiako Udala eta Mungia euskaldunduz.
- 2001e. Leioa berbarik berba. Leioa: Leioako Udala.
- 2004. Berango berbarik berba. Berango: Berangoko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.
- 2006. Lezama berbarik berba. Lezama: Zorrizketan Lezamako Euskera Alkartea.
- 2007. Bizkaian zehar. Euskararen ikuspegi orokorra. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea.
Gaminde, Iñaki, Bene Markaida eta Eukene Markaida.
-1993. Sopelako euskaraz. Sopela: Urdulizko Euskera Taldea.
Gaminde, Iñaki, Esther Elgoibar, Atotz Goikoetxea, Ziortza Sanz, Oihana Astobieta eta Jon Gaminde.
- 2005. Derioztarren euskara. Derio: Derioko Udala, Albia-Berri, Tximintx Euskara Elkartea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Gilisasti, Iñaki.
- 2003. Urduliz aldeko berba lapikokoa. Bilbo: Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea. 2. arg., osatua.
Hualde, José Ignacio eta Xabier Bilbao.
-1992. “A phonological estudy of the basque dialect of Getxo”. Anuario del Seminario de Filologia Vasca “Julio de Urquijo”, 40, 449-470. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Uriarte, Jon.
- 2003. Fruiztarrak berbetan. Fruiz: Fruizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Zuazo, Koldo eta Urtzi Goiti.
- 2016. Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
Deba Ibarreko euskara
Hiru hizkuntza eremu ageri dira Deba ibarrean:
- a) Debagoiena, Leintz haranak eta Aramaiok −Oleta auzoak ez besteak− osatua. Oñati ere eremu honetan sartzen dugu, nahiz eta hemengo hizkera berezia den.
- b) Deba ibarreko erdigunea, Eibar, Ermua, Zaldibarko Eitzaga auzoa, Soraluze, Elgeta, Bergara −Elosu auzoa ez bestea− eta Antzuola barruan direla.
- c) Debabarrena, Elgoibar, Mendaro eta Mutriku herriek osatua.
Debagoiena eta ibarraren erdigunea mendebaleko euskalkian ikusten ditugu, “bizkaiera” deitu izan zaion horretan; Debabarrena mendebaleko eta erdialdeko euskalkien artekoa da; Deba, azkenik, erdialdeko euskalkian agertzen da.
Ermua eta Zaldibarko Eitzaga auzoaz gainera, Bizkaiko beste herri bi ere Deba ibarretik gertu ikusten ditugu hizkuntzaren aldetik: Mallabia eta Elorrio. Biak dira “tarteko hizkerak”: Mallabiak Deba ibarra, Artibai eskualdea eta Durangaldea lotzen ditu; Elorriok Deba ibarra eta Durangaldea.
Deba ibarreko euskararen ezaugarriak
Deba ibarra aurkeztu ondoren, ikus ditzagun horretarako izan ditugun irizpideak. Eskualde horrek mendebaleko euskalkiaren barruan daukan lekuaz jardungo dugu lehenengo; bertan bereizi ditugun hiru eremuak azalduko ditugu gero.
1.1. Deba ibarra mendebaleko euskalkiaren barruan
Bonapartek (1863) hiru azpieuskalki egin zituen euskara bizkaitarraren barruan: sartaldekoa, sortaldekoa eta Deba ibarrekoa. Ikusten denez, izaera berezikotzat hartu zuen eskualde horretako euskara. Gu geu azpieuskalki bi egitearen aldekoak gara, sartaldekoa eta sortaldekoa, eta bigarren honetan ikusten ditugu Debagoiena eta Deba ibarreko erdigunea, Lea-Artibai eta Durangaldearekin batera. Izan ere, ez da hain handia eskualde horien arteko aldea eta, gainera, modu gradualean egiten da batetik besterako bidea. Arestian esan dugu Ermua eta Zaldibarko Eitzaga auzoa Deba ibarrean kokatzen ditugula, Mallabia eta Elorrio tarteko hizkerak direla, eta Bizkaiko ekialdeko beste herri batzuetan ere agerian dago Deba ibarrarekiko gertutasuna: Ondarroan, Etxebarrin, Markinan, Bolibarren, Zaldibarren… Azken batean, Deba ibarreko zenbait herri (Elgoibar, Eibar, Bergara, Arrasate) aspaldi luzetik izan dira industriagune esanguratsuak eta hara begira egon dira inguruko herriak.
Dena dela, Bonapartek bazuen bere arrazoia: Bizkaian azkenaldian egin diren berrikuntzak ez dira Deba ibarrera heldu; bai, ostera, Gipuzkoan eta Euskal Herriko erdigunean egin diren batzuk. Beste era batera esateko, aspaldi, euskalkiaren ardatza Gasteiz zenean, handik zabaldutako berrikuntzak mendebal osora −Deba ibarra tartean zela− heldu ziren, baina Gasteiz erdaldundu eta euskalkiaren sorleku nagusia Bizkaia gertatu zenean, hango berrikuntzak ez ziren Deba ibarrean zabaldu edo ez, behintzat, ibar osoan.
Ikus ditzagun, lehenengo, Bizkaian sortu eta Deba ibarrera heldu ez diren berrikuntzak:
- 1. Eduki-ren erroko -e-: dekot ‘daukat’; deko ‘dauka’. Bizkaian gertatu den -au- > -eu- egiteko joera ere arrotza da Deba ibarrean: eurretik ‘aurretik’; paseu ‘pasatu’.
- 2. iz > ix bustidura: ixen ‘izan’; dakixu ‘dakizu’.
- 3. ‘Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea’ egiturako izenordainak: nonor ‘norbait’; nonora ‘norabait’.
- 4. -txu atzizki txikigarria: apurtxu bet ‘apurtxo bat’.
- 5. Zein juntagailu hautakaria: Neska sein mutil artzen dabe denda orretan ‘neska zein mutil hartzen dute [lanerako] denda horretan’.
- 6. Denborazko perpausetako -(k)eran: Etxetik urtekeran ikusi dot ‘etxetik irteterakoan ikusi dut’.
Bizkaian indartutakoak diruditen beste gertakari bi hauek ere ez dira Deba ibar osoan zabaldu:
- 1. *-iño-ren adizkiak: diñot ‘diot’; diño ‘dio’. Deba ibarreko erdigunean baizik ez dira erabiltzen; diot gisako orokorrak baliatzen dira gainerako herrietan.
- 2. Nire saileko izenordainak (niri, nigaz, nigana…) Leintz haranera eta Aramaiora baizik ez dira zabaldu; nere gisakoak esaten dira ibarraren erdigunean eta Debabarrenean.
Ikus ditzagun, ondoren, Gipuzkoan edo Euskal Herriko erdigunean sortu eta Deba ibarrean zabaldu diren berrikuntzak:
- 1. Ibarraren iparraldean e > a egiteko joera dago dardarkari aurrean. Oñati ere tartekoa da eta bertakoak dira adibideak: astartu ‘aztertu’; bidar ‘bider’; edarki ‘ederki’; eguardi ‘eguerdi’; eskarrik asko ‘eskerrik asko’; isardi ‘izerdi’; istar ‘izter’; muskar ‘musker’; pipar ‘piper’; pitxar ‘pitxer’; tallar ‘taller, lantegia’; uskar ‘uzker’ (Altuna, Elortza eta Zumalde 2014; Izagirre 1970).
- 2. Deba ibar osoan -kin morfema nagusitu da soziatiboan, baina singularrean -gaz (> -az) ere ezaguna da Debagoienean.
- 3. Nor izenordaina baztertu eta zein nagusitu da: Seiñ etorri da? ‘nor etorri da?’. Artibai eskualdera eta Durangaldeko ekialdera ere −Berriz, Zaldibar, Elorrio− heldu da joera hori.
- 4. Iraganaldiko 3. pertsonetan ø- da ZER argumentuari dagokion morfema mendebal gehienean: eban ‘zuen’; eusten ‘zidan’; euen ‘zegoen’… Deba ibarreko iparraldean z- orokorra dago Debabarrenean, Soraluzen, Antzuolan eta Bergaran.
- 5. NOR saileko adizkien pluraleko 2. pertsonetan -(i)e morfema dago mendebal gehienean: sarie ‘zarete’; satose ‘zatozte’; sabise ‘zabiltzate’… Debabarrenean, Soraluzen, Bergaran eta Antzuolan Euskal Herriko erdigunean zabaldu den -te erabiltzen da.
- 6. Ibarraren iparraldean -ten eta -tzen dira aditz izenak osatzeko aukera bakarrak eta, gehienbat, gainerako euskalkietan bezala erabiltzen dira bata eta bestea. Mendebalean beste morfema batzuk ere badira: -etan (pasetan ‘pasatzen’); -tuten (apurtuten ‘apurtzen’)…
- 7. Mendebaleko -to atzizkiaren ordez (txarto), -ki erabiltzen da Debabarrenean, Bergaran, Antzuolan eta Oñatin: edarki, gaizki, poliki, txarki.
- 8. ‘Bi zenbatzailea + izen sintagma’ hurrenkera oso sustraituta dago Debabarrenean, Bergaran, Antzuolan eta Oñatin: bi etxetan (vs mendebaleko etxe bitan).
1.2. Deba ibarreko euskararen bereizgarriak
Ezaugarri gutxi dira Deba ibarrean bertan sortutakoak eta, gainera, ezaugarri horiek Bizkaiko ekialdeko beste herri batzuetan ere badira. Arrazoi horiexegatik ez dugu mendebaleko euskalkiaren aparteko “azpieuskalkitzat” hartzen eta, aldiz, Lea-Artibai eskualdearekin eta Durangaldearekin azpieuskalki berean batzen. Hauexek dira hango bereizgarriak:
- 1. [∫] epentesia garatu da /i + a, e, o/ artean Deba ibar osoan, Deba eta Itziar tartean direla. Bizkaiko Artibai eskualdean, Elorrion, Zaldibarren eta Mallabian ere bada epentesi hori; Mallabiko adibide hauek lekuko: kíbixe ‘kiwia’; manikixe ‘manikia’; uránixue ‘uranioa’.
- 2. NOR-NORI sailean eta hitanoko adizkietan [x] ahoskera dago ibar gehienean: jako ‘zaio’; jakik/jakin ‘zakik/n’; jotsak/jotsan ‘ziok/n’. Oñati eta Mutriku dira salbuespena. Oñatin −eta Elorrion− [∫] ahoskera dago; Mutrikun (eta Deban eta Mendaron −hemen ez erabat−) z- orokorra dago NOR-NORI sailean (zako ‘zaio’). Hitanoan d- dago Mutrikun (diok/dion ‘ziok/n’; diatorrek/diatorren ‘zatorrek/n’) eta z- orokorra Deban. Aldiz, Mallabian eta Artibai eskualdean ere [x] ahoskera dago, Ondarroan izan ezik. Herri honetan g- dago NOR-NORI saileko adizkietan: gako ‘zaio’. Hitanoa aspaldi galduta dago Ondarroan.
- 3. Euskal Herriko beste alderdi batzuetan bezala, -endako da destinatiboko morfema ibar gehienean, Debabarrenean ez bestean: lagunandako ‘lagunarentzat’. Inguruko herri bizkaitar batzuetan ere bada: Mallabian, Berrizen, Zaldibarren, Elorrion, Atxondon eta Abadiñon.
- 4. Jokamolde bereziko aditzak daude. Bi nabarmenduko ditugu. Alde batetik, ohikoa da pentsatu aditza NOR-NORI erara jokatzea. Mallabikoa da lekukotasuna: Seuri ondo pentzátzen bájatzu, eisu ‘zeuri ondo pentsatzen bazaizu, egizu’ Bestalde, ekin aditza NOR erara jokatzen da. Oñatikoa da adibidea: Lanian ekin nais ‘lanean ekin naiz’
1.3. Debabarreneko bereizgarriak
Gipuzkoako eta Euskal Herriko erdiguneko bereizgarriak oso sustraituta egotea da eremu honen ezaugarria; baita mendebaleko zenbait berrikuntza hara heldu ez izana ere. Hauxe zerrenda:
- 1. Erdal -(c)ion > -(z)io egin da: espekulasio (vs mendebaleko espekulasiño).
- 2. -tikan, -gatikan, -gandikan, -rikan aldaerak erabiltzen dira: Estakat astirikan ‘ez daukat astirik’. Soraluzen ere badira.
- 3. Izan-en pluraleko adizkietako -e- erroa: gera ‘gara’; sera ‘zara’; serate ‘zarete’. Elgoibarren ez da erabatekoa; -a- errodunak ere badira.
- 4. Edun-en orainaldiko adizkietan -e- erroa erabiltzen da Deban, Mutrikun, Mendaron eta Elgoibarko Altzola auzoan: det ‘dut’.
- 5. NOR-NORI-NORK sailean *-i- errodun adizkiak erabiltzen dira; ez mendebaleko eutsi dutenak: dit, digu.
- 6. Dijua ‘doa’ gisako adizkiak erabiltzen dira Deban eta Mutrikun; dixe ‘doa’, dixes ‘doaz’ bereziak Elgoibarren eta Mendaron.
- 7. Ezaguna da ari izan. Mendebalean ibili eta egon izan dira ordezkoak; jardun-en adizkiak ere badira Deba ibarrean eta Bizkaiko ekialdean: diardut, diardu…
- 8. NOR-NORI saileko iraganaldian ezaguna da Euskal Herriko erdiguneko zit-; Deban eta Mendaron gehienbat: zitzaion (vs mendebaleko jakon).
- 9. Al erabiltzen da ‘bai/ez’ erako galdera perpausetan: Ekarri al desu perretxikurik? ‘ekarri al duzu perretxikorik?’.
- 10. Debabarrenean eta Oñatin arrotza da ‘partizipioa + adizki jokatua’ egitura, aditza indartu nahi denean: Joan zoaz ala etorri zatoz?
1.4. Deba ibarreko erdiguneko bereizgarriak
Hauxe da eremu honetan aipatzekoa:
- 1. Egon-en orainaldiko adizkien erroan -a- eta iraganaldian -e- daude eskualde honetako hizkera gehienetan: gare ‘gaude’; sare ‘zaude’; sarete ‘zaudete’; dare ‘daude’; genden ‘geunden’; senden ‘zeunden’; sendeten ‘zeundeten’; seren ‘zeuden’. Tankera berekoak erabiltzen dira Goierrin eta, ziurrenera, handik etorritakoak dira.
- 2. NOR-NORI-NORK saileko orainaldian, NORI ‘hari’ edo ‘haiei’ denean, adizki bereziak erabiltzen dira Oñatin, Antzuolan eta Bergaran. Hauexek, esate baterako, Antzuolakoak (Larrañaga 1998: 123): jat ‘diot’; jao ‘dio’; jau ‘diogu’; jatzu ‘diozu’; jet ‘diet’. Badirudi NOR-NORI sailekoetatik atera direla. Zukako adizkietan baizik ez dira horrelakoak erabiltzen; hitanoan ohikoak baliatzen dira: jotsak/jotsan ‘ziok/n’. Lazarraga arabarraren izkribuetan ere badira horrelako adizkiak: jagot ‘diot’; jago ‘dio’.
- 3. Eibarren, Soraluzen, Elgetan, Antzuolan, Bergaran eta Azkoitian erabiltzen da -ke/-ka ‘gabe’ atzizkia. Elgoibarren ere bada, baina adin handiko hiztunen jardunean. Ekintza amaitu gabe dagoela adierazteko baliatzen da. Antzuolakoa da lekukotasuna (Larrañaga 1998: 177): Ori nik entzuteke neukan ‘hori nik entzun gabe neukan’ Plasa bastarrian jendia jarri ta beira; sela eon leike dantza itteke? ‘plaza bazterrean jendea jarri eta begira; zela egon daiteke dantza egin gabe?’ Oinddio afaltzeke nago ‘oraindik afaldu gabe nago’ Oñatin ere izan da, baina gaur egun oso galduta dago. Kandido Izagirrek (1970) akordatzaka ‘akordatu gabe’ eta eltzaka ‘heldu gabe’ jaso zituen. Lazarraga arabarraren izkribuetan ere bada.
- 4. Aurkaritza adierazteko barren lokailua erabiltzen da. Elgoibarren, Mendaron, Azkoitian, Zestoan (Azpeitia 2003), Mallabian eta Zaldibarren ere bada, baina ez Antzuolan eta Bergaran. Mallabikoak dira adibideak: Marsel da, barren! Urriñetik esautu bes! ‘Martzel da eta! Urrunetik [begiratuta] ezagutu ere ez!’ Nora soies ain gois? Séire[k] pe estie, barren! ‘nora zoaz hain goiz? Seiak ere ez dira eta!’ Logure asela? Egwerdi arte gustixen eon as oien, barren! ‘logura haizela? Eguerdi arte guztian egon haiz ohean eta!’
1.5. Debagoieneko bereizgarriak
Arabarekin eta, batez ere, Gasteizekin lotura estua izatetik datorkio, gehienbat, eskualde honi bere nortasuna. Honako gertakari hauek nabarmenduko ditugu:
- 1. Leintz haranean eta Aramaion ez dago inolako azentu bereizgarririk. Oñatin ere ez du bereizten hitzen singularra eta plurala, baina bai esanahi banako hitz bikoteak: basúa ‘oihana’ / básua ‘edalontzia’. Azentu markatuko hitzak ere badira Oñatin: béste, dénpora ‘denbora’, káixola ‘kaiola’.
- 2. -tza amaierako hitzei artikulua gehitzen zaienean, -tza + a > -tzaia/-tzaie/-tzarie gertatzen da. Aramaiokoak dira adibideak (Ormaetxea 2006: 107): bedartzaie ‘belartza, belardia’; bisitzaie ‘bizitza’; eskontzaie ‘ezkontza’; konfiantzaie ‘konfiantza’; labrantzaie ‘labrantza’; lokotzarie ‘lokatza’. Landucciren hiztegian jaiatzaia ‘jaiotza’ jarri zen eta Arabako erdiguneko toponimian ere ohiko gertakaria izan da. Zalantzarik gabe, Arabatik etorria da.
- 3. Adizki bereziak erabiltzen dira Debagoienean eta Legution edun-en iraganaldian: neuen/neben/nemen/nen ‘nuen’; geuen/geben/gemen/gen ‘genuen’; seuen/seben/semen/semien/sen ‘zenuen/zenuten’; sebien/seben ‘zuten’.
- 4. NOR-NORI-NORK saileko adizkien erroa -u- egin da: dust ‘dit’; dusk ‘dik’; dutzet ‘diot’; nutzen ‘nion’. Legutio eta Oleta ere eremu barruan daude.
- 5. *Erautsi erroko adizkiak erabili dira Leintz haranean eta Aramaion. ‘Ari izan’ orokorraren balioa daukate. Galbidean daude. Hauexek Ormaetxeak Aramaion jasotakoak: darutzet, darutzek/darutzen, darutzo, darutzau, darutzesu, darutzesue, darutzie. Eta hauxe adibidea (Ormaetxea 2006: 37): Bararutzek lanien i[k] pe? ‘badarutzak lanean hik ere?’
- 6. Aditzak ez du izen sintagma pluralarekin komunztadura egiten. Aramaiokoa da lekukotasuna (Ormaetxea 2006: 299-301): Isenok etxat akordetan niri ‘izenok ez zait akordatzen niri’ Berak paga’uskun danak ‘berak pagatu zigun denak’ Eran daigun kopak ‘edan dezagun kopak’ Nik enakixen orreik gausa gustiok ‘nik ez nekien gauza horiek guztiok’ Bergara −Ubera auzoa ez beste guztia− eta Antzuola ere eremu barruan daude. Araban ere bazen: Landucciren, Lazarragaren, Gamizen eta Albenizen izkribuetan ageri da. Mutrikun ere bada gertakari hori, baina, ziurrenera, oraintsuko gauza da hangoa.
- 7. NOR-NORK sailean -it- pluralgilerik gabeko adizkiak erabiltzen dira Debagoienean eta Legution: saut ‘zaitut’; sauet ‘zaituztet’; gau ‘gaitu’; gaue ‘gaituzte’. Aramaiokoa da adibide hau (Ormaetxea 2006: 295): Su fuen sais aurretik, nik jarraittuko saut eta ‘zu joan zaitez aurretik, nik jarraituko zaitut eta’ Lazarraga arabarraren izkribuetan ere badira horrelako adibideak: zaut ‘zaitut’; zau ‘zaitu’.
- 8. Leintz haranean, Legution eta Aramaion gare ‘gara’ eta sare ‘zarete’ adizkiak erabiltzen dira izan-en pluralean. Bizkaiko ipar-sartaldean ere badira: Uribe Kostan eta Txorierri gehienean.
- 9. Partizipioa -tu/-du, -atu, -itu eta silaba bitik gorakoa denean, -ketan morfema erabiltzen da aditz izena osatzeko: esauketan ‘ezagutzen’; eskaketan ‘eskatzen’; jarraiketan ‘jarraitzen’. Araban ere bazen: Landucciren, Lazarragaren eta Albenizen izkribuak horren lekuko. Ziurrenera, handik heldu zen Debagoienera.
- 10. Debagoieneko hizkera batzuetan (Aramaion, Oñatin, Aretxabaletako alderdi batean) aditz izenen absolutibo singularra -tzeia/-tzeie egiten da, partizipioa -i edo -tu amaierakoa eta silaba bikoa denean: artzeia/artzeie ‘hartzea’; asteia/asteie ‘hastea’; galtzeia/galtzeie ‘galtzea’; sartzeia/sartzeie ‘sartzea’. Oñatin -teen/-tzeen ere izan da inesiboan: artzéen ‘hartzen’; astéen ‘hasten’; sartzéen ‘sartzen’. Lazarraga arabarraren izkribuetan -zaen agertzen da.
- 11. -dui/-tui eta -doi/-toi aldaerak erabiltzen dira gehienbat (orokorrak -di/-ti). Oñatikoak dira hauek: arboladui ‘arboladi’; aristui ‘harizti’; gastañui ‘gaztainadi’; maastui ‘mahasti’; pagadui ‘pagadi’; sagastui ‘sagasti’.
- 12. Lexikoan hitz sorta zabala da berezia: amarratz ‘armiarma’; azkarri ‘legamia’; biao ‘siesta, bazkalosteko loa’; egubakoitz ‘ostirala’; garbatu ‘damutu’; garranga ‘izotz burruntzia’; irastu ‘tximista’; itui/itua/itoi ‘korta, ukuilua’; itxungi −eta atxingi Arrasaten− ‘itzali’; jaregin ‘askatu’; joskin ‘jostuna’; justuri ‘trumoia’; kixkora/txirkora ‘txingor edo elur xehea’; laru ‘kolore horia’; petrina ‘larruzko gerrikoa’; samur ‘erraz’ esanahiarekin; takarrada ‘arineketa, lasterka’; tril egin ‘topo egin’; zarba ‘zerba, azelga’.
- 13. Aldaerak: afia ‘habia’; birki ‘biki’; egogi ‘egoki’; emun ‘eman’; fan/fuen/fuan ‘joan’; gutxi (mendebalean gitxi); kaldara ‘galdara’; karandu ‘garandu’; nar ‘lahar’; ordei ‘herdoil’; xei ‘sei’.
- 1. i bokalak, diptongoaren bigarren osagaia denean, ondorengo z eta tz kontsonanteak busti eta x/tx aldatzen ditu mendebalean. Baita Leintzen eta Aramaion ere: axe ‘haize’; gatx ‘gaitz, zail’. Eibarren, Ermuan, Elgetan eta Bergarako Ubera eta Angiozar auzoetan ere gertatzen da batzuetan; ez Deba ibarreko gainerako herrietan.
- 2. Mendebalean ohikoa denez, aditz izenak osatzeko aukera zabala dago Debagoienean:
- a) Gainerako euskalkietan baino esparru gehiagotan erabiltzen da -ten: partizipioa -(l, n, r)i, -a, -e, -o eta -l denean. Hauexek adibideak: ibilltten ‘ibiltzen’; ifiñtten ‘ipintzen’; ekarten ‘ekartzen’; botaten ‘botatzen’; beteten (eta betetan) ‘betetzen’; joten ‘jotzen’; illtten ‘hiltzen’.
- b) Partizipioa -au denean, -etan (-iten Oñatin): gustetan ‘gustatzen’.
- c) Partizipioa -idu denean, -iduten (> -iruten, -iuten) (-iten Oñatin): dibertiuten ‘dibertitzen’.
- 3. Aditz izena mugimenduzko aditzen osagarria izan eta helburua edo norabidea adierazten duenean, inesiboan (ZERTAN) erabili ohi da mendebal gehienean; baita Leintzen eta Aramaion ere: Ogixe erosten doie ‘ogia erosten doa’. Oñatin, Deba ibarreko iparraldean eta Artibai eskualdean adlatibo orokorra (ZERTARA) baliatzen da (ogixa erostera doia).
- 4. Moduzko adberbioetan -la atzizkiari -n gehitzeko joera dago mendebalean: selan ‘nola’; eselan ‘inola’; onan (eta onantxe) ‘honela(xe)’; olan (eta olantxe) ‘horrela(xe)’; alan (eta alantxe) ‘hala(xe)’. Leintz haranean, Aramaion eta Eibarren lehian dira -lan eta -la; Deba ibarreko gainerako alderdietan -la da nagusi.
Alderdi honetako hizkera batzuetan beste hauek ere badira: baruts ‘lerdea’; kiribilar ‘basoilarra’; kukumarro ‘txorimaloa’; postaka ‘lasterka’; susuma ‘higuina, kezka’; txirritola/sirixola ‘argizaria’; urru ‘usoaren kantua’.
Aipatu diren bereizgarriez gainera, esan behar da mendebaleko ezaugarriak hobeto gorde direla eskualde honetan; Leintz haranean eta Aramaion gehienbat. Hauexek nabarmenduko ditugu:
Bibliografia
Agirrebeña, Aintzane eta Juan Martin Elexpuru.
-2014. Elorrixoko berbetia. Elorrio: Elorrioko Udala eta Badihardugu Euskara Elkartea.
Altuna, Fidel.
-1995. “Acto contriciocoa eriotzaco orduracò: Garcia de Albeniz araiarraren araberazko eskuizkribua (1778)”. Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 29-1: 83-132. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Altuna, Roberto, Kepa Elortza eta Koldo Zumalde.
-2014. Oñatiko euskeria. Oñati: Oñatiko Udala.
Aranberri, Fernando.
-1996. Ermua eta Eitzako euskara. Ermua: Ermuko Udala.
Areta, Nerea.
-2003. Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.
Azpeitia, Agurtzane.
-2003. Zestoarren erretolika. Hitzen, esamoldeen eta atsotitzen bilduma. Zestoa: Zestoako Udala.
Basauri, Serafin eta Asier Sarasua.
-2003. Eibarko hiztegi etnografikoa. Eibar: Eibarko Udala.
Bonaparte, Louis-Lucien.
-1863. Carte des sept provinces basques, montrant la délimitation actuelle de l’euscara. Londres.
Burgete, Xabier eta Iñaki Gaminde.
-1991. Otxandioko euskaraz. Otxandio: Otxandioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Carrera, Ignacio M. eta Imanol García.
-2005. Legutiano aldeko euskara. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia.
Elexpuru, Juan Martin.
-2004. Bergara aldeko hiztegia. Bergara: Bergarako Udala.
Elortza, Jerardo, Eneritz Garro, Jose Luis Ormaetxea, Jesus M. Garai eta Estepan Plazaola.
-1999. Arrasateko euskara. Arrasate: Arrasateko Udala.
Gaminde, Iñaki.
-1999. “Elosu, Nafarrete eta Urrunagako euskaraz”. Fontes Linguae Vasconum 31, 81. zenb., 241-262.
Goikoetxea, Jon.
-1984. Juan Bautista Gamiz Ruiz de Oteo, poeta bilingüe alavés del siglo XVIII. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia.
Izagirre, Kandido.
-1970. “El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate y zonas colindantes”. Berrarg. [L. Villasante eta G. Markuleta, arg.] Anejos del Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo»-7. Oñati eta Donostia: Oñatiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 1994.
Landucci, Niccolò.
-1562. Dictionarium linguae cantabricae. [M. Agud eta K. Mitxelena, arg.] ASJU-ren gehigarriak-3, 1958. Berrargitaratua, euskara-gaztelania zerrenda gehituta, [H. Knörr eta K. Zuazo, arg.] Arabako euskara. Ikerketak eta testuak: 201-465. Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1998.
Larrañaga, Jone.
-1998. Antzuolako hizkera. Antzuola: Antzuolako Udala.
Makazaga, Jesus Mari.
-2010. Elgoibarko ahozko euskara. Bilbo. Euskaltzaindia. Iker-25.
Mugarza, Pello.
-2006. Mallabiko euskara. Mallabia: Mallabiko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Ormaetxea, Jose Luis.
-2006. Aramaioko euskara (Azterketa dialektologikoa). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
Perez Lazarraga, Joan.
-2004. Eskuizkribua. Madrid: Edilán-Ars Libris eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Baita ere www.lazarraga.com.
Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña eta Leire Zenarruzabeitia.
-2005. Eibarko euskara. Eibar: Eibarko Udala.
Zuazo, Koldo.
-2006. Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Eibar: Badihardugu Euskara Elkartea.
-2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.
Baztan-Zugarramurdi-Urdazubiko euskara
Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko mugan dago eskualde hau eta hizkuntzan ere agerian dago kokagune horren eragina. Louis-Lucien Bonapartek aztertu zuen lehenengoz eta, hasiera batean, Baztango hizkera iparraldeko goi-nafarrean sartu zuen (Bonaparte 1869 [1991-1]: 226), baina izaera nahasikoa zela eta euskara lapurtarrean ere sar zitekeela esan zuen. Geroago (1881: 161) euskara lapurtarrean sartu zuen, Oronoz ez beste guztia. Zugarramurdi eta Urdazubi, berriz, hasieratik eta beti ikusi zituen euskara lapurtarraren barruan. Gugandik gertuago, Pedro Yrizarrek ere (1997) euskara lapurtarrean sartu zuen eskualde honetako hizkera.
Eremua aurkezte aldera, esan dezadan Baztanen hamabost herri direla, lau barruti edo “kuarteletan” banatuta: Erberean Oronoz, Arraioz, Irurita eta Gartzain daude; Basaburuan Almandoz, Aniz, Berroeta eta Ziga; Elizondon Lekaroz, Elizondo −Baztango hiriburua− eta Elbete; Baztangoizan Azpilkueta, Arizkun, Erratzu eta Amaiur. Urdazubi eta Zugarramurdi herri beregainak dira.
Hizkuntzaren aldetik, eta Bonapartek ohartarazi zuen bezala, Oronoz berezia izan da: Bidasoa eskualdearekin egin du bat. Basaburuko hizkera ere zertxobait desberdina izan da, Ultzama aldekotik gertukoa. Dena dela, gazte jendearen artean berdintzera egin du azkenaldian: gaur egun antzekoa da Baztan osoko euskara.
Eskualde honetan Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaren eragina nabari dela esan dut eta, gehienbat, gertakari horiei begiratuko diet ondorengo aurkezpenean.
Fonologia
Baztanen azentu indartsua dago. Azkenaurreko silaban egon ohi da, euskara nafarrean bezala. Horren lekuko Anizko adibide hauek: launbéta ‘larunbata’; lagunendáko ‘lagunarendako’. Urdazubin eta Zugarramurdin bestelakoa da: hitzaren ezkerretik hasita, bigarren silaban egoten da maiz.
Bokalen sailean honako gertakari hauek nabarmenduko ditut:
- 1. Euskara nafarrean bezala, aferesi eta sinkopa adibideak ugariak dira Baztanen. Hauexek aferesi adibide ezagunenak: baki ‘ebaki’; karri ‘ekarri’; kusi ‘ikusi’; man ‘eman’; mazteki ‘emazteki, emakume’; purdi ‘ipurdi’; torri ‘etorri’; turri ‘iturri’; (t)susi ‘itsusi’; zautu ‘ezagutu’… Sinkopen artean, hauek dira ohikoenak: arpatu ‘harrapatu’; asertu ‘haserretu’; atra ‘atera’; batre ‘batere’; erten ‘erraten’. Urdazubin eta Zugarramurdin ez dira arruntak, baina tarteka aditzen dira.
- 2. Ipar Euskal Herrian bezala, o > u egiteko joera dago alderdi honetan. Gehienbat erakusleetan gauzatzen da: unek ‘honek’; uni ‘honi’; unen ‘honen’; unekin ‘honekin’; unendako ‘honendako’; unet ‘hona’; unten ‘honetan’. Beste hitz bi hauetan ere bada: ungi (eta ongi); untzi ‘ontzi’. Urdazubin eta Zugarramurdin, gainera, arrunt (arront Baztanen), untza ‘hontza’, pullit ‘polit’ eta pulliki ‘poliki’ ere badira.
- 3. Hego Euskal Herriko alderdi askotan bezala, u eta i ondoren a > e egiten da Baztanen. Oso indartsua da, ondorengo adibideek erakusten duten bezala: apezaingena ‘apaizarengana’; apezaindeko ‘apaizarendako’; espabiletu ‘espabilatu’; gustetu ‘gustatu’; dugule ‘dugula’; ixilke ‘isilka’; eztulke ‘eztulka’; bigerren ‘bigarren’; izigerri ‘izugarri’; ordu bet ‘ordu bat’; aldi betez ‘aldi batez’; garai betian ‘garai batean’; mutil betzuk ‘mutil batzuk’; torri de ‘etorri da’; torri gera (baina egon gara); torri zera (baina egon zara); balin beda ‘baldin bada’; balimezen ‘baldin bazen’; balin bedabiltze ‘baldin badabiltza’… Urdazubin eta Zugarramurdin ez da gauzatzen arau hori; ezta Oronozen ere.
- 4. Euskara nafarra egiten den beste alderdi batzuetan bezala, -tuko > -tiko egiten da Baztanen: engañatiko ‘engainatuko’; errespetatiko ‘errespetatuko’; eskapatiko ‘eskapatuko’; sartiko ‘sartuko’; solastiko ‘solastuko, hitz egingo’. Urdazubin eta Zugarramurdin arrotza da joera hori.
- 5. Kontsonantean edo -e mutuan bukatzen diren zenbait hitzek -a hartzen dute Urdazubin eta Zugarramurdin, Ipar Euskal Herrian bezala: anbulantza ‘anbulantzia’; diferenta ‘diferente’; estomaka ‘estomago’; minuta ‘minutu’; mustika ‘eltxo’… Baztan Hego Euskal Herriarekin bat dator.
- 6. Hiatoetan /e + a, e, o/ > i eta /o + a, e, o/ > u egiteko joera dago Baztanen: yendia ‘jendea’; mutikua ‘mutikoa’. Urdazubin eta Zugarramurdin ez da hain indartsua: tarteka baizik ez da gertatzen.
- 7. Baztangoizan adizkien pluraleko 2. pertsonetan -zue > -ze egiten da: duze ‘duzue’; gaituze ‘gaituzue’; dakize ‘dakizue’.
Kontsonanteen sailean ondorengo gertakari hauek aipatuko ditut:
- 1. Gaztelaniatik hartutako hitzetan [x] ahoskera dago eremu osoan: ajenzia, azulejo, garaje, granja, homenaje, jaleo, jefe, jirafa, lujo, majo, naranja/laranja, rebajatu, rejimen, tatuaje… Baztanen euskarazko beste hitz hauetan ere bada ahoskera hori: ajata ‘irri algara’; atrije ‘usin, doministiku’; alajinkoa eta ja ‘ezer, deus’. Jakina, [x] arrotza da Ipar Euskal Herrian.
- 2. Euskara nafar-lapurtarrean bezala, hitz hasieran x- dago alderdi honetan: xerri ‘txerri’; xerto ‘txerto’ (eta xertatu ‘txertatu’); ximini ‘tximinia’; xixtorra ‘txistorra’; xixtu(lari) ‘txistu(lari)’; xoko ‘txoko’; xori ‘txori’… baina gaztelaniatik hartutako hitz ugarietan tx- agertzen da: txankleta, txantxullo, txapa, txaketa, txikle, txiste, txuleta, txulo, txutxeria…
- 3. Asimilazio bustidurari dagokionez, hiru eremu bereiz ditzakegu. Urdazubi eta Zugarramurdi bat datoz euskara nafar-lapurtarrarekin: ez dago bustidurarik. Baztango iparraldean ahula da: l eta n bustitzen dira, baina diptongo ondoren daudenean. Beraz, zalle ‘zaila’, baiña ‘baina’ bezalako hitzetan bada, baina busti gabe esaten dira ilune ‘iluna’ eta sorgine ‘sorgina’. Baztango hegoaldean −Basaburua eskualdean−, Arraiozen eta Oronozen indartsuagoa da: mutille ‘mutila’, giñule ‘genuela’ ahoskatzen da, esate baterako, Anizen.
- 4. -on amaierako mailegu zaharretan -oin gertatu da, euskara nafar-lapurtarrean bezala. Baztangoak dira adibideak: arrazoña ‘arrazoia’; arrotoña ‘arratoia’; kantoiña ‘kantoia’; kojoiña ‘kofoina, erlauntza’; pozoiña ‘pozoia’; sasoiña ‘sasoia’; takoña ‘takoia’. Aldiz, mailegu berriagoetan -on izan da emaitza, euskara nafarrarekin bat eginez: algodona ‘kotoia’; balkona ‘balkoia’; botona ‘botoia’; kartona ‘kartoia’; leona ‘lehoia’; xagona ‘xaboia’…
- 5. Erdal -(c)ione bere horretan egokitu da, Ipar Euskal Herrian bezala: afizione ‘afizio’; jubilazione ‘jubilazio’; kalefazione ‘kalefakzio’; konparazione ‘konparazio’; kontribuzione ‘kontribuzio’; orientazione ‘orientazio’; razione ‘errazio’; telebisione ‘telebisio, telebista’; tentsione ‘tentsio’…
- 6. Urdazubin eta Zugarramurdin -aia amaiera dago zenbait hitzetan, euskara nafar-lapurtarrean bezala: bisaia ‘aurpegi’; lenguaia (vs lenguaje); porzentaia (vs porzentaje); usaia ‘ohitura’. Baina hitz berrietan -aje dago, gaztelaniaz bezala: garaje, peaje, tatuaje.
- 7. Euskara nafarrean bezala, oa- aurrean g- garatu da Baztanen guatze ‘ohatze, ohe’ eta goaye/gaye ‘(hi) hoa’ hitzetan, baina g- gabe esaten dira orai ‘orain’ eta oartu ‘ohartu’.
- 8. Ipar Euskal Herrian bezala, *-ani > -ain egin da alderdi honetan: arraiñ ‘arrain’; artzaiñ ‘artzain’; useiñ ‘usain’.
Morfologia
Izenaren morfologian hauxe esango dut:
- 1. Ergatibo pluralean -ek erabiltzen da alderdi honetan, Oronozen ez beste guztian:
- 2. Adlatiboan ezaguna da Ipar Euskal Herriko -rat, baina Baztanen hitz jakin batzuetara mugatuta dago; gehienbat hauetara: noat ‘nora’; iñoat ‘inora’; unet ‘hona’; orrat ‘horra’; arat ‘hara’; aitzinet ‘aitzina, aurrera’; gibelat ‘gibelera, atzera’; barnat ‘barnera’. Baztangoizan, mugatik gertuan, indartsuagoa da: Elizondorat, Anizerat. Indartsuagoa da Urdazubin eta Zugarramurdin.
- 3. Soziatiboan -kin orokorra erabiltzen da eskualde honetan; ez euskara nafar gehieneko -ki. Beraz, gizonaikin (ez gizonaiki) ‘gizonarekin’.
- 4. Instrumentalean -z orokorra erabiltzen da; ez euskara nafarreko -s. Beraz, buruz (ez burus).
- 5. Destinatiboan -endako erabiltzen da Baztanen: gizonaindeko ‘gizonarendako’. Urdazubin eta Zugarramurdin -entzat ere bada: gizonaindako nahiz gizonaintzat.
- 6. Prolatiboan, era berean, -tako erabiltzen da Baztanen: Edertako dauke bee burue ‘edertako dauka bere burua’. Urdazubin eta Zugarramurdin -tzat ere bada: edertako nahiz edertzat.
- 7. Hurbiltze adlatiboa egiteko ezaguna da Ipar Euskal Herriko -ri/-rat buruz egitura Urdazubin eta Zugarramurdin: Mendiat buuz abiatu da ‘mendirat buruz abiatu da’. Baztanen ere izan da, baina gaur egun gutxitan entzuten da.
- 8. Urdazubin eta Zugarramurdin nehor saileko izenordainak erabiltzen dira, euskara nafar-lapurtarrean bezala: nior ‘inor’; niok ‘inork’; niun ‘inon’; niundik ‘inondik’… Baztango iparraldean ere aditzen dira adineko hiztunen solasean; gazteek inor sailekoak baliatzen dituzte.
Denek badakite eskwaraz mintzetzen ‘denek badakite euskaraz mintzatzen’
Aditzaren morfologiari dagokionez, sei gertakari nabarmenduko ditut:
- 1. NOR-NORI-NORK sailean *eradun eta *-i- erroak erabiltzen dira Baztanen; bigarren hori datiboa ‘hari’ / ‘haiei’ denean. Alde batetik, datzut ‘dizut’, dautzugu ‘dizugu’, daku ‘digu’, datate ‘didate’, dakute ‘digute’… Bestetik, berriz, diot, dio, diogu, diote, zion, zioten.
- 2. Mendebalean eta erdialdean bezala, Baztanen ere badira eduki-ren adizkiak: dauket ‘daukat’; daukete ‘daukate’… Urdazubin eta Zugarramurdin ez dira ohikoak.
- 3. Joan-en sailean -i- duten adizkiak erabiltzen dira Baztanen, euskara nafarrean bezala: noaie/naie ‘noa’; goaie/gaie ‘hoa’; doaie/daie ‘doa’; nindoaien/nindaien ‘nindoan’; indoaien/indaien ‘hindoan’; zoaien/zaien ‘zihoan’… Arrotzak dira Urdazubin eta Zugarramurdin.
- 4. Urdazubin eta Zugarramurdin, Lapurdiko joerari jarraituz, adizki trinkoak baztertu eta partizipioari -ki atzizkia eransten zaio: ekarki dut (vs dakart); egoki naiz (vs nago); ibilki nintzen (vs nenbilen).
- 5. Adizkien singularreko 2. pertsonan y- dago Baztanen, euskara nafarrean bezala: yaiz ‘haiz’; yaut ‘haut’; yaugu ‘haugu’; yaute ‘haute’; yau ‘hau’; yitzen ‘hintzen’.
- 6. Aditzak datiboarekin komunztadura egitea ez da nahitaezkoa. Gehienbat datiboa 3. pertsonakoa denean eta agerian dagoenean gertatzen da komunztadura eza. Zugarramurdikoa da lekukotasuna:
Pluralgileak hiru dira: -zki- (dazkizut ‘dizkizut’); -z- (dazku ‘dizkigu’; daztazu ‘dizkidazu’) eta -it- nafarra, erroa *-i- denean: tiot (< ditiot) ‘dizkiot’; tiou (< ditiogu) ‘dizkiogu’; nition ‘nizkion’; zition ‘zizkion’; gintion ‘genizkion’.
Urdazubin eta Zugarramurdin NOR-NORK sailekoak erabiltzen dira, Lapurdiko hego-mendebalean bezala: eman nau ‘eman dit’; errain tzaitut ‘erranen dizut’. Gertakari hau Baztango gazteen hizkerara ere zabaldu da; aldiz, arrotza da adinekoen solasean. Datiboa 3. pertsonakoa denean, Urdazubin eta Zugarramurdin ere *-i- da erroa: eman diot. Pluralgilea dela eta, erroa *-i- denean, -zk- izaten da: diozkat ‘dizkiot’. NOR-NORK sailekoak erabiltzen direnean, -zki-: nauzki ‘dizkit’.
Kasu in bear da baatzeko gauzei ‘kasu egin behar da baratzeko gauzei’
Sintaxia
Hiru gertakari erakutsiko ditut sail honetan:
- 1. Urdazubin eta Zugarramurdin bizirik dirau ala juntagailuak. Ez da edo nagusitu euskara gipuzkoarrean eta nafarrean bezala:
- 2. Osagarria aditz izena denean, genitiboan erabil daiteke, baina gazte jendearen artean absolutiboa nagusitu da, Hego Euskal Herriarekin bat eginez:
- 3. Ipar Euskal Herrian bezala, ba- aurrizkiak esparru zabala dauka alderdi honetan. Anizkoak dira adibideak:
Nun yokatzen duzu: ezkerrian ala eskuinian? ‘non jokatzen duzu: ezkerrean ala eskuinean?
Ardien kustea gan naiz ‘ardien ikustera joan naiz’
Yende aunitz bada ‘jende anitz bada’
Noat badaie? ‘norat badoa?’
Zertara bazazi? ‘zertara bazoaz?’
Ondorioak
Guztira 33 ezaugarri erakutsi ditut. Ez dira denak inportantzia berekoak, baina, hala ere, denak hartuko ditut kontuan. Ipar/Hego Euskal Herriarekin sailkatzeko orduan, dena dela, horietako zazpi alde batera utzi ditut: 1) hiatoetan e > i eta o > u egitea; 2) Baztangoizan pluraleko 2. pertsonan -zue > -ze egitea (duze ‘duzue’); 3) ergatibo pluraleko -ek; 4) destinatiboko -endako/-entzat; 5) prolatiboko -tako/-tzat; 6) aditzak datiboarekin komunztadura egitea nahitaezkoa ez izatea; 7) osagarria aditz izena denean absolutiboan jartzea.
Gainerako ezaugarriek hauxe erakusten dute:
- 1. Euskara nafarrarekin eta, oro har, Hego Euskal Herriarekin batzen dituzten ezaugarriak 13 dira Baztanen eta 4 Urdazubin eta Zugarramurdin. Hauexek eremu osokoak: 1) [x] ahoskera mailegu berrietan (jirafa); 2) Hitz hasieran tx- mailegu berrietan (txantxullo); 3) mailegu berrietan -on (xagona ‘xaboia’); 4) mailegu berrietan -aje (garaje).
- 2. Euskara nafar-lapurtarrarekin eta, oro har, Ipar Euskal Herriarekin batzen dituzten ezaugarrien kopuruak 12 dira Urdazubin eta Zugarramurdin eta 4 Baztanen. Hauexek eremu osokoak: 1) o > u egitea (unek ‘honek’); 2) -zione amaiera (kalefakzione ‘kalefakzio’); 3) *-ani > -ain egitea (arrain vs arrai); 4) ba- aurrizkiaren ugaritasuna (yende aunitz bada).
- 1. Ipar Euskal Herriko eragina txikitzen ari da eta Hegoaldekoa handitzen. 7 ezaugarritan ikusi dugu hori: 1) antzina [j] ahoskera zegoen; [x] ere bada orain; 2) antzina x- zegoen hitz hasieran; tx- orain; 3) antzina -oin amaiera zegoen; -on orain; 4) Urdazubin eta Zugarramurdin -aia amaiera zegoen; -aje orain; 5) adlatiboko -rat ahula da Baztan gehienean eta ez da hitz berrietan erabiltzen; 6) hurbiltze adlatiboko -rat/-ri buruz egitura ezaguna zen Baztanen; ia erabat arrotza gaur egun; 7) nehor saileko izenordainak baziren Baztanen; ia desagertuta daude gaur egun.
- 2. Azkenaldian frantsesaren eraginez Ipar Euskal Herrian egin diren berrikuntzak arrotzak dira eremu honetan. Horren lekuko dira, esate baterako, Ipar Euskal Herrian zabaldu den [R] ahoskera (azpimagatu ‘azpimarratu’) edo iraganeko gertakariak adierazteko orainaldiko adizkiak erabiltzeko joera (atzo ikusi dut vs atzo ikusi nuen).
- 3. Baina, bestalde, euskara nafarrean egin diren zenbait berrikuntza ez dira heldu alderdi honetara. Horren lekuko hiru gertakari hauek: 1) soziatiboko -kin (vs euskara nafarreko -ki); 2) instrumentaleko -z (vs euskara nafarreko -s); 3) NOR-NORI saileko adizkien iraganaldiko -tza- erroa (vs euskara nafarreko -ki-: zakiten ‘zitzaidan’).
Baztanen, gainera, beste 9 hauek ere badira: 1) azentuaren kokagunea; 2) aferesi eta sinkopa adibideak; 3) u eta i bokalen ondoren a > e egitea (dirue ‘dirua’); 4) -tuko > -tiko egitea (sartiko ‘sartuko’); 5) oa- aurrean g- eranstea (baina ez erabat); 6) NOR-NORI-NORK saileko pluralgilea -it- izatea (nition ‘nizkion’) (baina ez erabat); 7) eduki-ren adizkiak baliatzea (dauket ‘daukat’); 8) joan-en adizkietan -i- sartzea (noaie/naie ‘noa’); 9) 2. pertsona singularreko adizkietan y- izatea (yaiz ‘haiz’).
Urdazubin eta Zugarramurdin beste hauek ere badira: 1) Kontsonantean edo -e mutuan bukatzen diren hitzek -a hartzea (estomaka ‘estomago’); 2) asimilazio bustidura eza (zaila vs zailla); 3) adlatiboko -rat (etxerat ‘etxera’); 4) hurbiltze adlatiboko -ri/-rat buruz (mendiat buruz abiatu da); 5) nehor ‘inor’ saileko izenordainak; 6) NOR-NORI-NORK saileko adizkien ordez NOR-NORK sailekoak erabiltzea (erran zaitut ‘erran dizut’); 7) adizki trinkoen ordez ‘partizipioa + -ki’ sailekoak erabiltzea (ekarki dut ‘dakart’); 8) ala bizirik irautea (ezkerrian ala eskuinian?).
Orain arte esandakotik irudi luke Baztan euskara nafarrean eta Urdazubi eta Zugarramurdi euskara nafar-lapurtarrean kokatzea litzatekeela egokiena. Nik, ordea, ‘tarteko hizkeratzat’ hartuko nituzke. Hiru arrazoirengatik hori:
Bibliografia
Bonaparte, Louis-Lucien.
-1869. Le verbe basque en tableaux. Berrargitaratua [J. A. Arana Martija, arg.] Opera omnia vasconice (I): 175-442. Bilbo: Euskaltzaindia.
-1881. “Observaciones acerca del vascuence de Valcarlos”. Revista Euskara IV, 161-166.
Izeta, Mariano.
-1996. Baztango hiztegia. Iruña: Nafarroako Gobernua.
Lakar, Maite eta Ana Telletxea.
-2006. Baztan solasean. Ahozko tradizioaren bilduma. Baztan: Baztango Udala.
Montoya, Estibalitz.
-2004. Urdazubi eta Zugarramurdiko euskara. Iruña: Nafarroako Gobernua.
N’Diaye, Geneviève.
-1970. Structure du dialecte basque de Maya. The Hague & Paris: Mouton.
Salaburu, Pello.
-1984. Hizkuntz teoria eta Baztango euskalkia: fonetika eta fonologia (2 ale). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
Salaburu, Pello eta Maite Lakar.
-2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruña: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
Yrizar, Pedro.
-1997. Morfología del verbo auxiliar labortano. Bilbo: Euskaltzaindia.
Zelaieta, Edu.
-2008. Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa. Iruña: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
Zuazo, Koldo.
-2018. Sarako euskara. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.