Euskara batua
1964an egin ziren euskara batuaren lehenengo urratsak; berandu beraz. Hori ulertzeko badaude zenbait arrazoi. Alde batetik, euskarak ez du joan den mendeetan ofizialtasunik eduki; ez da eskolan eta administrazioan ia sekula erabili. Idatzizko zereginetan ere gutxi baliatu da. Gaskoiak eta frantsesak bete dute zeregin hori Ipar Euskal Herrian; gaztelaniak, Hego Euskal Herrian. Azken batean, euskara inguru jakin batzuetako ahozko jardunetara mugatu da eta, horretarako, nahikoa zen lekuan lekuko euskalkia. Baina, arrazoi nagusi horietaz gainera, beste gertakari bi ere kontuan eduki behar dira: Larramendiren eta Arana Goiriren mezuak.
Larramendik (1690-1766) euskalki guztiak zirela onak eta guztiak erabili beharrekoak esan zuen bere hiztegiaren (1745) hitzaurrean. Egiari zor, eztabaidaren beroak ekarri zuen hori esatea. Haren garaikide zenbaiten iritzian, euskara hizkuntza basatia zen, arautu gabea eta arautu ezina eta, hori dela eta, hainbat euskalkitan zatituta eta guztiz desitxuratuta zegoen. Larramendik, horri aurre egiteko, euskara eta bere euskalkiak Jainkoak sortu zituela Babelen esan zuen eta, horrenbestean, onak eta zuzenak zirela. Ikuspegi horretatik etorri zen euskalki guztiak indartzea eta, ondorioz, literatura euskalkiak garatzea.
Sabino Arana Goirik (1865-1903), Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuenean, egitura federala aldarrikatu zuen Euskal Herri beregainaren barruan eta, horrenbestean, herrialde bakoitzean bertako euskalkia landu behar zela esan zuen. Lecciones de ortografía del euskera bizkaino saioan idatzi zuenez, sei euskalki behar ziren; inondik inora ere ez euskara batu bakar bat. Sei euskalki, zioen, Nafarroa Beherea Nafarroaren zati izango zelako (Arana Goiri 1896 [1980]: 822).
Azken batean, hiru aro nagusi bereiz daitezke euskararen batasun bidean: a) XX. mendea bitartekoa, b) XX. mendearen lehen erdia, c) 1950az geroko epea. Ikus ditzagun banan-banan.
XX. mendea bitarteko epea
Epe honetan urrats esanguratsu askorik egin ez zen arren, arlo bitan, behintzat, zertxobait aurreratu zen.
Alde batetik, hizkera bi nagusitu ziren: Lapurdiko itsasbazterrekoa eta Gipuzkoako Beterrikoa. XVII. mendean, kontrarreforma katolikoaren alde jardun zuten elizgizon lapurtarrek maila handiko idazlanak plazaratu zituzten, Axularren Gero (1643) guztietan gorena, eta, hori dela eta, haiek erabilitako euskara, Donibane-Lohizune, Ziburu eta Sara ingurukoa, eredu gertatu zen. Bestalde, berriz, XVIII. mendean hasi zen euskararen aldeko susperraldiak Gipuzkoan hartu zuen indarra eta han idatzitako liburuak, Agustin Kardaberatz hernaniarrarenak gehienbat, jarraibide gertatu ziren.
Horretaz gainera, ortografia arautzeko urratsak egin ziren. Ipar Euskal Herria izan zen aitzindari horretan. Martin Duhalderen esanetan (1809), frantsesaren arauei orpoz orpo jarraitu beharrean, egokiagoa zen euskararen egitura berezia aintzakotzat hartzea. Duhaldek urratutako bidea, Jean-Pierre Darrigolek jarraitu zuen (1827) eta, azken batean, ondorengo bost aldaketok etorri ziren: a) g eta gu ordez, g soila idaztea, b) c eta qu baztertu eta k baliatzea, c) c eta ç baztertu eta z erabiltzea, d) y ordez, i idaztea, e) v baztertu eta b baliatzea.
Augustin Xahok (1810-1858) eragin handia eduki zuen arau horiek zabaltzeko orduan. Baita Bonaparte printzeak (1813-1891) ere, eta honi esker heldu ziren Hego Euskal Herrira. XIX. mendearen amaieran, gainera, Sabino Arana Goirik eta Resurrección M. Azkuek saio bana plazaratu zuten ortografiaren inguruan, biak 1896an.
XX. mendeko lehen erdialdea
Sabino Arana Goiri hil eta gero, EAJ alderdiko Euzkadi aldizkariak hasi zuen aro berria. Euskararen batasuna beharrezkoa ote zen eta, hala izatera, nola eta zer batu behar ote zen galdetu zuen 1910ean. Batasunaren aldeko iritzia nagusitu zen eta, eztabaidaren harira, txosten esanguratsuak plazaratu ziren. Federico Belaustegigoitiarena (1916) eta Koldobika Eleizalderenak (1919a eta 1919b) nabarmendu behar dira. Alderdi Jeltzaleko kideak izan arren, ez ziren Arana Goirirekin bat etorri eta ezinbestekotzat jo zuten batasuna. Bestalde, biak mendebalekoak izan arren, euskara giputzaren alde agertu ziren.
Dena dela, Alderdi Jeltzalea ez zen batasunaren aldekoa; Euzkeltzale-Bazkunak Sobre la unificación del euzkera txostenean agertu zuen haren aurkako iritzia, 1916an.
Beraz, Euzkadi aldizkariak urratutako bidea itxita geratu zen, eta batasunaren aldekoek beste ate bat irekitzen ahalegindu ziren: Euskaltzaindia, Euskararen Akademia sortu zuten 1918an, Hego Euskal Herriko lau diputazioen babesean.
Sortu eta batera, hizkuntzaren batasuna izan zen Euskaltzaindiaren helburua. Bertako kide bik, Arturo Campionek eta Pierre Broussainek, txosten bat osatu zuten eta, ondoren, lau jardunaldi antolatu ziren txosten hori eztabaidatze aldera. Beste hamasei txosten aurkeztu ziren jardunaldi horietan. Txostenok ikusita, ondorio hauxe ateratzen da:
- 1. Batasunaren aldekoak: 12.
- 2. Batasunaren aurkakoak: 5.
Kopuruei begiratuta, aldekoak ziren nagusi, baina aurkakoen artean eragile indartsu bat zegoen: Euzko Alderdi Jeltzalea. Aldekoen artean ere, bestalde, oso ikuspegi nabarrak ageri ziren. Ondorengo multzoak egin daitezke haien artean:
- a. Euskara giputzaren aldekoak: 4.
- b. Gipuzkera osotuaren aldekoak: 2.
- c. Euskara osotuaren aldekoak: 2.
- d. Euskara giputza eta lapurtarra nahastearen aldekoak: 1.
- e. Euskara bizkaitarraren aldekoak: 1.
- f. "Jatorrizko euskara" berreraikitzearen aldekoak: 1.
Egoera hori ikusita, Euskaltzaindiak bertan behera utzi zuen batasunaren egitasmoa. Dena dela, Resurrección M. Azkuek, haren lehendakariak, "gipuzkera osotuaren" alde jarraitu zuen lanean eta, haren eraginpean, jarraitzaile multzotxo bat bildu zen egitasmoaren inguruan. Azkueren iritzian, euskara giputza zen batasunerako oinarririk sendoena, baina ezinbestekotzat jotzen zuen gainerako euskalkiekin osatzea. Hori eginda, aberatsagoa izango zen eta, gainera, euskaldun guztiek onartuko zuten. Zentzuzkoa zirudien Azkueren egitasmoak, baina ez zuen aurrera egin. Hauxe arrazoi nagusia: Azkuek ez zuela bere eredua zehaztu eta, euskara giputza "osatzeko" asmoz, bakoitzak nahi zuena sartzen zuen.
XX. mendeko bigarren erdialdea
Gerra osteko diktadura militar luzeak (1939-1975) hilzorian jarri zuen euskara. 1960 aldera hasi zen itzartzen euskal gizartea. Garai horretan sortu ziren lehenengo ikastolak eta, handik lasterrera, gau eskolak etorri ziren. Euskaraz zekitenek alfabetatu nahi zuten; euskararik ez zekitenek hutsetik hasita ikasi. Egitasmo horiek aurrera egiteko, testu liburuak eta era guztietako lanabesak behar ziren eta, horretarako, euskara batu eta arautu bat ezinbestekoa zen.
Euskara erabiltzeko debeku eta zigorrei aurre egin eta jendaurrean hizkuntza horretaz baliatu nahi zutenak ere baziren. Eta ausardia hori zutenek, baserritik kalera ekarri nahi zuten euskara, ahozko esparrutik idatzizkora zabaldu, eta euren eskualdeko hartu-eman estuetatik Euskal Herri osora hedatu. Azken batean, horrek guztiorrek ekarri zuen euskara batua egiteko gogoa.
Euskara batua zein euskalkitan oinarritu izan zen lehenengo galdera. Hiru irtenbide agertu ziren. Lapurtar klasikoaren alde zeuden batzuk, XVII. mendeko idazleek eraiki zuten ereduaren alde. Bilbo ingurukoek zioten hori, Xabier Kintanak, Imanol Berriatuak eta Anaitasuna aldizkariaren ingurukoek. Zehatzago mintzatu ziren beste bizkaitar batzuk. Haien iritzian, euskara batua eginda zegoen; Joanes Leizarragak gauzatu zuen, 1571n Testamentu Berria euskaratu zuenean. Federico Krutwigek (1921-1998) egin zuen aldarri hori 1950 aldean. Leizarragaren hizkera omen zen euskaldunok sekula guztian eduki dugun jasoena eta landuena.
Erdialdeko euskara ikusten zuten beste batzuek egokiagoa. Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' eta Koldo Mitxelena ziren horren aldeko. Arrazoi hauek aipatu zituzten:
- a. Hobe zen bizirik zegoen hizkuntza, aspaldi hilda zegoena baino.
- b. Gipuzkoa Euskal Herriko erdigunean zegoenez, hango euskara zen euskaldun guztiek errazen ulertzen zutena.
- c. Mendebalekoarekin batera, horixe erabiltzen zen gehien.
- d. Gipuzkoako hiriguneak ziren euskaldunenak: Pasaia-Lezo-Errenteria-Oiartzun, Donostia, Andoain-Hernani, Tolosa, Beasain-Ordizia, Urretxu-Zumarraga-Legazpi, Azkoitia-Azpeitia, Zumaia-Zarautz-Orio… Hirigune horien bidez, hizkera estandar berria errazago zabalduko zen.
- e. Ospea zeukan. XVIII. mendean hasita, euskara giputza erabili zuten apaiz eta fraideek, bertsolari eta idazleek. Hego Euskal Herrian, gehienbat, Tolosako hizkera jotzen zen "euskara ontzat".
Hasiera batean tirabira gogorra izan zen hiru eredu horien aldekoen artean, baina azkenean, erdialdeko euskara aukeratu zen. Behin oinarria zehaztuta, arautu egin behar zen: ortografia, morfologia eta hitzen itxura (arrain edo arrai, beldur edo bildur…) zehaztu zen. Fonologia ez zen askorik landu, eta lexikoan eta sintaxian ezer ez baztertzea erabaki zen. Beste era batera esanda, euskalkietako hitzek eta egitura bereziek euskara batuan ere lekua edukitzea onartu zen.
Morfologiari dagokionez, aditza zen korapilorik zailena, baina arazo handirik gabe askatu zen. Ortografian sortu ziren iskanbilak. Alde batetik, h grafia erabiltzea erabaki zen eta, bestetik, i bokalak eragindako hots bustiak ortografikoki ez adieraztea, hau da, in, il, it idaztea: baina, langile, ditu (ez baiña, langille, dittu). Hego Euskal Herrian eta, batez ere, Bizkaian jende euskaltzalea bitan zatitu eta euskara batuaren geroa kolokan jarri zen. Urte batzuk behar izan ziren gauzak bere onera ekartzeko, baina, azkenean, nola edo hala lortu zen.
Esan dezadan, hizkuntzari begiratuta, zentzuzkoa zela h-a baliatzea. Ipar Euskal Herriko izkribuetan beti erabili da eta badirudi, antzina, hasperena Euskal Herri osoan izan zela. Bestalde, h-a jarri ezean, arazoak sortzen ziren zenbait hitz idazteko orduan. Esate baterako, hasperena galdu ondoren, jatorrizko aho hitza ago, abo, aba, ao esaten zen euskalkien arabera. Egoera horren aurrean zentzuzkoa zen jatorrira itzultzea.
Hots bustiei dagokienez, ez dira Euskal Herri osokoak. Leku batzuetan ez dira ahoskera horiek zabaldu: Lapurdi eta Nafarroa Behere gehienean, Aezkoan eta Burundan ia erabat arrotza da bustidura. Zabaldu den lekuetan ere, bestalde, ez dauka guztietan indar bera. Ahula da Zuberoan, Nafarroako ekialdean eta Bizkaiko mendebaleko zenbait alderditan (Arratia, Zeberio, Orozko eta Txorierri). Egoera hori aintzakotzat hartuta, zuzena zen Euskaltzaindiaren erabakia: hots bustiak ez idaztea, eta bakoitzak bere erara ahoskatzea.
Euskara batuaren emaitza
Euskara batuak bere bidea egin duenean, zenbait ondorio ateratzeko moduan gaude. Hasteko, zuzentzat jotzen dut euskara batuaren egitura, zuzentzat erdialdeko euskalkian oinarritu izana. Eredu hori arautzeko hartu diren erabaki gehienak ere zuzenak direla iruditzen zait. Bestalde, gizarteari onura handiak ekarri dizkio. Hauexek nabarmenduko ditut:
- a. Euskaldun guztiok batak bestearekin euskaraz jarduteko aukera daukagu; ez dugu erdaretara jo beharrik dagoeneko.
- b. Euskarari normalizatzeko bideak ireki zaizkio: irakaskuntzan, administrazioan, hedabideetan eta idatzizko zereginetan balia daiteke.
- c. Erdaldunek euskara ikasteko aukera sortu da; "euskaldun berri" ugari agertu dira 1964tik hona.
- d. Administrazioak ezarritako mugak gainditu eta Iparraldea eta Hegoaldea gerturatu dira.
- e. Euskarak ospea irabazi du. Dagoeneko ez da euskalki sorta bat; benetako "hizkuntza" da.
Hala eta guztiz ere, euskara batua zabaltzeko moduan ikusten ditut zenbait akats. Hiru aipatuko ditut:
- a. Ez dira herri erdaldunak eta euskaldunak bereizi. Euskara batua modu berean zabaldu eta erabili da Tuteran eta Lekeition, Santurtzin eta Gasteizen. Leku euskaldunetan ez dira bertako euskalkiak aintzakotzat hartu.
- b. Euskara batua euskara "on" eta "jaso" modura aurkeztu da eta, beraz, batua ez zirenak "txar" eta "basati" modura agertu dira. Hori dela eta, euskalkiak atera dira galtzaile. Etorkizunari begira, batua eta euskalkiak hizkuntzaren osagaitzat aurkeztea komeni da; batari eta besteei dagozkien esparruak egoki zehaztea.
- c. Zeregin jasoetarako baizik ez da egokitu euskara batua: testu liburuetarako, literaturarako… Euskalkirik ez dagoen eremu erdaldunetan ez dago lagunarteko erregistrorik. Ezta euskaldun guztiei begira egiten diren jardun informaletan ere. "Lagunarteko estandarra" edo "estandar kolokiala" lantzea komeni da.
Literatura euskalkiak
Euskara batua 1964an egiten hasi zen arren, behin XVII. mendeaz gero, idazteko zenbait eredu egon dira. Sei literatura euskalki garatu dira:
Kostatarra
Kontrarreforma katolikoa bideratu zuten elizgizon lapurtarrek eraiki zuten XVII. mendean. Modu naturalean gertatu zen. Eduki dezagun gogoan ordu arte ez zegoela beste eredu garbirik. XVII. mendea baino lehen euskarazko liburu bi argitaratu ziren Iparraldean: Etxeparerena (1545) eta Leizarragarena (1571). Bakoitzak bere hizkera erabili zuen; Garazikoa Etxeparek eta, dirudienez, Beskoitzekoa Leizarragak. Baina eredu bi horiek ez zuten jarraitzailerik eduki.
Bestalde, XVII. mendean Lapurdiko itsasbazterra zen Iparraldeko alderdirik aurreratuena. Hantxe zeuden hirigune nagusiak (Donibane-Lohizune eta Ziburu), hura zen ekonomiaren aldetik indartsuena eta, azken batean, hantxe zeuden irakurleak. Idazleak eurak ere eskualde hartakoak ziren. Gainera, talde-lanean jardun zuten eta maila jasoko liburuak plazaratu zituzten; Axularren Gero, guztietan ezagunena. Azken batean, horrek ekarri zuen Lapurdiko itsasbazterreko euskararen, "kostatarra" deitu izan denaren nagusitasuna.
Zoritxarrez, iraupen txikia eduki zuen. 1617an jarri behar da hasiera, Eztebe Materraren Dotrina christiana argitaratzearekin batera, eta Axularren Gero izan zen azken emaitza, 1643an. Dena dela, kostatarraren oihartzuna sekula ere ez da guztiz itzali. Ipar Euskal Herrian, gehienbat, Sarako euskarak beti eduki du nolabaiteko ospea eta izen ona.
Zuberotarra
Hizkuntzaren aldetik berezia da Zuberoa eta, gainera, beste euskal herrialdeetatik aldendu samar ibili da; administrazioz, elizaz eta ekonomiaz Bearnori lotuta. Horrek azaltzen du zuberotarrek euren euskalkia erabili izana idatzian. Dena dela, XVII. mendeko Tartas eta Oihenart idazleek, esate baterako, ezaguna zuten kostatarra. Beharbada, eredu hori lasterregi itzaltzeak ekarri zuen geroagoko zuberotarrek hari begira ez ibiltzea.
Beterriko giputza
XVIII. mendearen erdialdean gertatu zen euskararen aldeko susperraldia, ezagutzen dugun historiako lehena. Gipuzkoan egon zen haren ardatza. Lapurdiko itsasbazterreko ekonomia ondoa jota zegoen orduko, eta euskarak leku mugatua zeukan hango bizimoduan. Hori dela eta, Gipuzkoako euskaltzaleek ez zuten arreta handiegirik hartan jarri. Beterrin zeuden Gipuzkoako hirigune nagusiak (Donostia, Hernani, Andoain, Tolosa) eta hango hizkera baliatu zuten. Agustin Kardaberatz jesuitak (1703-1770) maila jasoko lanak ondu zituen, eta, harrezkero, gora egin zuen hango euskararen ospeak eta izen onak. Hego Euskal Herrian, gehienbat, Tolosako euskara hartu da onen eta dotoreentzat.
Markinako bizkaitarra
XIX. mendearen hasieran heldu zen euskararen susperraldia Bizkaira. Juan Antonio Mogel (1745-1804) izan zen aitzindaria, baina, egiari zor, Mogelek berak ez zeukan Bizkaiko euskara literatura euskalki egiteko asmorik. Euskara giputzean argitaratu zuen lehenengo liburua, Eracasteac (1800) izenekoa. Argiro aitortu zuen horren arrazoia: euskara giputzean idatzita, lagun gehiagok irakurriko zutela. Euskaldunek euskara giputza ulertzen zutela errazen zioen, eta bere ereduak Kardaberatz eta Beterriko euskara zirela.
Mogelen esanetan, Bizkaiko elizgizonek ez omen zuten jokabide hori ondo ikusi. Bizkaiko abade batek euskara giputzean idaztea ez omen zitzaien egoki iruditu. Haiek behartuta, Bizkaiko euskarara itzulita argitaratu zuen liburu hori berriro 1803an; zehatzago esanda, Markinako hizkerara itzuli zuen, bere herrikora.
Beroaldi horren harira etorri zen Bizkaiko euskara literatura euskalki egiteko asmoa, baina Mogel bera ez zen jokabide horrekin bat etorri. Euskararen eta Euskal Herriaren osotasuna zeukan buruan eta, horretarako, Beterriko euskara giputzean ikusten zuen helduleku egokia. Bere gertuko jendearendako idatzi behar zuenean, berriz, Markinako hizkera baliatu zuen; ez bizkaitar batua.
Gauza da Mogelen izkribuen maila onari esker, haren ondorengo zenbaitek eredutzat hartu zutela eta horrela gertatu zen Markinako euskara literatura euskalki. Gehienbat Bizkaiko ekialdean lortu zuen arrakasta, Durangaldean eta Lea-Artibai eskualdean. Bonaparte printzeak ere (1813-1891) zerikusi zuzena eduki zuen horretan. Bizkaiko euskaran zerbait egin behar zuenean, Markinakoa nahi izaten zuen. Geroago, XIX. mendearen amaieran, Sabino Arana Goiri ere (1865-1903) Markinako hizkeraren jarraitzaile izan zen. Astarloa durangarrari zion miresmenagatik gertatu zen hori. Harrezkero, gainbehera egin zuen; ez zuen beste jarraitzaile esanguratsurik eduki.
Bizkaiera batua
Azpieuskalki nagusi bi daude Bizkaiko euskaran: ekialdekoa eta mendebalekoa. Jakina, horrek ekarri zuen Mogelen jarraitzaileak ekialdekoak izatea. Mendebalekoei, berriz, ez zitzaien hain gertuko egiten eredu hori eta beste bide bat urratu zuten. Zentzuz egin ziren gauzak hasieran, Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) tartean zela, baina gauzak bere onetik ateratzen hasi ziren gerora. "Benetako" bizkaiera egin nahian, bertako gauza bereziak indartzen hasi ziren eta, gauza berezi horiek, Bizkaiko bazterren batzuetan azken orduan sortutako berrikuntzak ziren askotan. Aldiz, susmagarritzat hartzen ziren gainerako euskalkiekin zeuzkan gauza komunak; giputzek kutsatutakotzat jotzen ziren. Juan Mateo Zabalaren gramatikan (1848) daukagu horren adibidea. Bizkaiko adizki jatortzat zeuzkan nebazan eta gintzan; Gipuzkoatik ekarritakotzat nituen eta ginen. Guztiz oker zebilen: nituen eta ginen 'euskara' ziren; nebazan eta gintzan Bizkaiko alderdi batzuetan hiztunek euren kasa asmatutako berriak. J. M. Zabalarena izan zen argitaratu zen lehen gramatika bizkaitarra eta, jakina, handia izan zen haren eragina.
XIX. mendearen amaieraz gero, beste eragin gaizto batek jo zuen euskara bizkaitarra: garbizaletasunak. Joera bi garatu ziren, Arana Goirirena eta Azkuerena. Ezaguna denez, erdararen kutsu guztia garbitzen eta kentzen ahalegindu zen Arana Goiri. Okerragoa izan zen Azkueren jokabidea. Euskara bera ikusten zuen hark hondatuta eta, bere onera ekarriko bazen, sustraietara joatea zen konponbidea. Jakina, euskararen sustrai horiek ezezagunak zirenez, asmatzeari ekin zion. Gauza horiek guztiok direla eta, Bizkaiko euskara nabarmen urrundu da gainerako euskalkietatik XIX. mendetik hona. Baina ez hori bakarrik; bere betiko izaeratik ere urrundu eta aldendu egin da.
Nafar-Lapurtarra
Kostatarraren indar bateratzailea galdu zenetik, Lapurdi eta Nafarroa Behereko idazleak eredu garbirik gabe ibili ziren; gehienbat bakoitzak bere eskualdeko hizkera baliatzen zuela. Dena dela, urteen joan-etorrian joera jakin batzuk nagusitzen eta zabaltzen joan ziren eta horrela etorri zen berriro batasuna. Eliza izan zen horren eragile nagusia, Lapurdi eta Nafarroa Behereko meza eta otoitz liburuak egiteko eredu bat behar zuelako. Eta apaiz batek zehaztu eta arautu zuen eredua: Pierre Lafittek. 1944an argitaratu zuen Grammaire basque (navarro-labourdin littéraire).
Ondorio eta gogoeta zenbait
Arrakasta eta iraupen luzea eduki dute literatura euskalkiek Euskal Herrian. Besteak beste, Larramendiren eta Arana Goiriren mezuak daude horren atzean. Larramendik zioenez, Jainkoak sortu zituen euskara eta euskalkiak eta, beraz, onak eta landu beharrekoak ziren.
Irtenbide bi aurkeztu zituen Larramendik. Batzuetan euskaldun bakoitzak bere euskalkia erabiltzeko eta gainerakoak ulertzeko gauza izateko eskatzen zuen. Besteetan, berriz, Greziako eredua aipatzen zuen: literatura genero bakoitzean euskalki jakin bat erabiltzeko.
Sabino Arana Goiri ere euskara batu bakarraren aurka agertu zen. Euskal Herrian egitura federal bat nahi zuenez, herrialde bakoitzak bere ezaugarriei eusteko esan zuen; baita bere euskalkiari ere. Hori dela eta, haren alderdiko kideek bide horri jarraitu zioten.
Euskaran izan diren literatura euskalkien emaitza neurtzen hasiz gero, onura bat, behintzat, ekarri dute: herrialde mailan hizkuntzaren batasunari eusteko balio izan dute. Alderdi txarrei begiratuta, bi nabarmenduko ditut:
- a. Hizkuntzaren batasuna Euskal Herri osoan egitea oztopatu dute.
- b. Euskalki bakoitza besteetatik argiro bereizi nahiak euren arteko aldeak sakontzea eta zabaltzea ekarri du.
Tokiko estandarrak
Hizkuntzak eremu zabaletan eta, gehienbat, estatu batean baino gehiagotan erabiltzen direnean, leku bakoitzeko joeretara egokitzen dira. Horrela sortzen dira 'tokiko estandarrak'. Esate baterako, leku askotan egiten da ingelesez eta horregatik garatu dira Estatu Batuetako, Australiako, Belizeko, Erresuma Batuko, Filipinetako, Hego Afrikako, Hong Kongo, Indiako, Indonesiako, Irlandako, Jamaikako, Kanadako, Malaysiako, Singapurgo, Trinidad eta Tobagoko, Zeelanda Berriko, Zimbabweko… eta beste zenbait tokitako ingeles estandarrak.
Gugandik gertuago, gaztelaniaren barruan ere badira horrelako aukerak: Argentina, Bolivia, Costa Rica, Dominikar Errepublika, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Kolonbia, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguay, Peru, Puerto Rico, Txile, Uruguai eta Venezuelakoak dauzkagu, esate baterako, haren barruan.
Berdin frantsesean: Belgika, Frantzia, Haiti, Kamerun, Kanada, Kongo, Luxenburgo, Mali, Maroko, Monako, Reunion, Senegal eta Suitzako ereduak aurkituko ditugu, besteak beste, haren baitan.
Tokiko estandar horietan leku bakoitzeko hitzak eta esapideak sartzen dira gehienbat, baina baita zenbait berezitasun fonologiko, morfologiko eta sintaktiko ere.
Euskal Herrian ere onuragarri gerta liteke bide hori urratzea, alde handiak daudelako euskalki batzuetatik besteetara, Zuberoatik Bizkaira. Garbia da helburua. Alde batetik, hizkuntzaren osotasuna eta batasuna ziurtatu behar da, hiztun guztiek batak besteari erraz eta eroso uler diezaioten, baina, aldi berean, hiztunei ahalik eta gertuen egingo zaizkien ereduak baliatu behar dira. Hauexek dira eredu horiek erabiltzeko esparruak: tokiko ikastetxe, administrazio erakunde eta hedabideak, eta leku jakin horietan egiten diren mezu, ohar eta iragarkiak.
Tokiko estandarren osagaiak
Gaur egungo euskalkiak kontuan hartuta, hauexek dira tokiko estandarretan sar daitezkeen oinarrizko ezaugarriak (argibideak: Zuazo 2014).
Fonologia
Hiru sail bereiziko ditut: a) bokalak, b) kontsonanteak, c) azentua. Azter ditzagun banan-banan.
Bokalak
Gauza bakarra dago arlo honetan: Zuberoa inguruetako ü bokala; lagüna bezalako hitzetan ahoskatzen da.
Kontsonanteak
Lau gertakari nabarmenduko ditut.
- 1. Hitz hasierako j-ren ahoskerak. Hiru dira:
- a. yan, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Nafarroako alderdi zabalean eta Bizkaiko mendebalean egiten da.
- b. dxan, Zuberoan eta Bizkaiko erdialdean egiten da.
- c. jan, Gipuzkoa osoan, Nafarroako mendebalean eta Bizkaiko ekialdean egiten da.
- 2. Hasperena, Ipar Euskal Herrian –Zuberoan gehienbat– gorde da.
- 3. Bustidura. Hiru eremu ageri dira:
- a. Bustidura gabeko alderdia: Lapurdi eta Nafarroa Behere gehiena, Aezkoa eta Burunda.
- b. Bustidura ahuleko alderdia: Zuberoa, Nafarroa Behereko ekialdea, Nafarroako ekialdea eta Bizkaiko gune bat (Arratia, Txorierri, Orozko, Zeberio).
- c. Bustidura indartsuko alderdia: Bizkai gehiena, Gipuzkoa, Lapurdiko itsas bazterra eta Nafarroako mendebala.
- 4. -rtz-/-st- kontsonante multzoak: bertze/beste. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Nafarroako alderdi batean erabiltzen da -rtz-.
Azentuak
Arlo honetan ez da ezer erabaki euskara batua egiteko orduan; beraz, ez dago inolako mugarik. Euskalkien bereizgarriei begiratuta, ondorengo gertakariak hartu behar dira kontuan:
- 1. Hizkera gehienetan hitzaren ezkerretik kontatzen hasita, bigarren silaban egon ohi da azentu nagusia: larúnbata. Zuberoan eta Nafarroako hizkera askotan, berriz, azkenaurrekoan egoten da: larunbáta.
- 2. Zuberoan eta mendebaleko eta erdialdeko hizkera askotan azentuak hitzen singularra eta plurala bereizten ditu.
- 3. Mendebaleko eta erdialdeko hizkera askotan azentuak esanahi desberdineko hitz bikoteak bereizten ditu: basóa 'oihana' / básoa 'edalontzia', badátor (baiezkoa) / bádator (baldintza).
- 4. Zuberoan eta mendebaleko eta erdialdeko hizkera askotan azentu markatuko hitzak daude. Mendebalean eta erdialdean azentua lehen edo bigarren silaban egon ohi da: Bízkaiko, gáiñera, bátzarra… Zuberoan, berriz, azkenean: bedezí 'medikua', godalét 'edalontzia'.
Morfologia
Hiru arlo bereiziko ditut sail honetan: a) izenaren morfologia, b) aditzaren morfologia, c) hitz eratorriak.
Izenaren morfologia
Honen barruan ere beste hiru esparru egingo ditut: a) kasuen morfemak, b) kasuen morfemen arteko aukerak, c) izenordainak.
Kasuen morfemak
Sail honetan ondorengo aldeak daude hizkera batzuetatik besteetara:
- 1. Datibo pluralean -er dago Ipar Euskal Herriko ekialdean: laguner 'lagunei'.
- 2. Soziatiboan hiru aukera daude:
- a. -gaz, Bizkaian baliatzen da: sing. lagunagaz / pl. lagunakaz.
- b. -kilan, Ipar Euskal Herriko ekialdekoa da: lagunekilan.
- c. -ki, Zuberoan eta Nafarroako alderdi batean erabiltzen da: laguneki.
- 3. Destinatiboan aukera bi daude:
- a. -entzat, Bizkai eta Gipuzkoa gehienean, Nafarroako mendebalean eta Ipar Euskal Herriko mendebalean erabiltzen da: lagunentzat.
- b. -endako, Ipar Euskal Herriko ekialdean, Nafarroako eremu zabalean, Deba ibar gehienean, Goierriko eta Durangaldeko hizkera gutxi batzuetan erabiltzen da: lagunendako.
- 4. Prolatiboan aukera bi daude:
- a. -tzat, mendebalean, erdialdean eta Ipar Euskal Herriko mendebalean baliatzen da: laguntzat eduki.
- b. -tako, ekialdeko eremu zabalekoa da: laguntako eduki.
- 5. Bizidunen inesiboan aukera bi daude:
- a. -gan, gehienbat mendebalean eta erdialdean erabiltzen da: lagunengan
- b. baitan, ekialdeko eremu zabalekoa da: lagunen baitan.
- 6. Ablatiboan -tikan, motibatiboan -gatikan eta partitiboan -rikan erabiltzen dira Euskal Herriko erdigunean: etxetikan, zu ikusteagatikan, ez daukat dirurikan. Ahozko jardunean, behinik behin, lekua eduki lezakete aldaera horiek.
- 7. Adlatiboan -rat eta -ganat erabiltzen dira Ipar Euskal Herrian: etxerat, lagunenganat.
- 8. Zuberoan izen bereziak eta arruntak bereizten dira adlatiboan eta ablatiboan. Adlatiboan -rat izen berezietan eta -alat izen arruntetan baliatzen dira: Maulerat/mendialat. Ablatiboan, berriz, -rik dago izen berezietan eta -tik izen arruntetan: Maulerik/menditik.
- 9. Hurbiltze adlatiboan hiru aukera daude:
- a. -rat/-ri buruz, Ipar Euskal Herrikoa da: Pariserat buruz abiatu da.
- b. -rantza, Bizkaiko mendebalean erabiltzen da: Pariserantza.
- c. -rutz, Bizkaiko ekialdean eta Deba ibarrean baliatzen da: Pariserutz.
Kasuen morfemen arteko aukerak
Aukera bereziak daude lekuen arabera. Hauexek esanguratsuenak:
- 1. Adberbioak modu banatan erabiltzen dira:
- a. Absolutibo singularrean, ekialdean: isil-isila sartu da; justu-justua libratu naiz.
- b. Partitiboan edo mugagabean, mendebalean eta erdialdean: isil-isilik sartu da; justu-justu libratu da.
- 2. Mendebalean ablatiboa erabiltzen da etxerik etxe, herririk herri gisako egituretan.
Izenordainak
Arlo honetan ondorengo gertakariak nabarmenduko ditut:
- 1. Izenordain indartuak egiteko hiru aukera daude:
- a. neuk gisakoak erabiltzen dira mendebalean.
- b. neronek sailekoak Gipuzkoa gehienean, Nafarroan eta Lapurdiko mendebalean.
- c. nihaurk gisakoak Ipar Euskal Herri gehienean.
- 2. Lapurdin eta Nafarroa Beherean nehor 'inor' gisako izenordainak erabiltzen dira.
- 3. Mendebalean eta erdialdean baten bat saileko izenordainak erabiltzen dira. Gipuzkoan eta Nafarroan bakarren bat gisakoak ere badira.
- 4. 'edo + izenordain galdetzailea' egiturako izenordainak erabiltzen dira Bizkaian: edonora 'noranahi', edonogaz 'nornahirekin', edozelan 'nolanahi'…
- 5. 'Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea' egiturako izenordainak erabiltzen dira Bizkaian: nonora 'norabait', nonogaz 'norbaitekin', zeozelan 'nola edo hala'…
Aditzaren morfologia
Hauxe nabarmenduko dut arlo honetan:
- 1. Euskal Herriko ekialdean zuketa eta xuketa alokutiboak daude: paristarra duzu / paristarra duxu 'paristarra da'.
- 2. Geroaldia osatzeko aukera bi daude:
- a. -go, mendebalean eta erdialdean: egingo, hilgo.
- b. -en, ekialdean: eginen, hilen.
- 3. Egitura berezi bi daude ahalera egiteko:
- a. Partizipio burutu gabeko egitura perifrastikoak ekialdean: egiten ahal dut / ez dut egiten ahal.
- b. 'Aditz nominalizatua + eduki/egon', gehienbat Gipuzkoan: badaukat/badago hori egitea.
- 4. Partizipioak hiru eratara erabil daitezke:
- a. 'Partizipioa + -rik'. Antzina Euskal Herri osokoa, gaur egun Zuberoan eta Nafarroako alderdi batzuetan erabiltzen da gehienbat: eginik, osaturik.
- b. 'Partizipioa + -ta'. Mendebalean eta erdialdean nagusitu da: eginda, osatuta.
- c. 'Partizipioa + -a'. Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako mendebalean, Lapurdin eta Nafarroa Beherean erabiltzen da: egina, osatua.
- 5. Aditz izenen zenbait jokabide berezi:
- 1. Aditz izenen osagarria modu banatan erabiltzen da euskalkien arabera:
- a. Genitiboan, Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herriko ekialdean: lagunen ikustera joan gara.
- b. Absolutiboan, Hego Euskal Herri gehienean: lagunak ikustera joan gara.
- 2. Aditz jakin batzuen osagarri jokatugabeak modu banatan erabiltzen dira euskalkien arabera:
- a. Adlatiboan, ekialdean: jatera eman, jatera utzi, jatera ausartu, jatera saiatu…
- b. Inesiboan, mendebalean eta erdialdean: jaten eman, jaten utzi, jaten ausartu, jaten ahalegindu…
- 3. Mugimenduzko aditzen osagarri izan eta helburuzko balioa daukaten aditz izenak inesiboan erabiltzen dira mendebalean: ogia erosten irten du.
- 1. Aditz izenen osagarria modu banatan erabiltzen da euskalkien arabera:
- 6. Jokamolde bereziko aditzak. Hauexek dira adibide ezagunenak:
- a. gosaldu, bazkaldu, askaldu eta afaldu NOR erara jokatzen dira Ipar Euskal Herriko ekialdean: bazkaldu naiz.
- b. irten eta igo NOR-NORK erara jokatzen dira mendebalean: irten dut, igo dugu.
- c. jardun NOR erara jokatzen da Gipuzkoako ekialdean: jardun naiz.
Hitz eratorriak
Atzizkiak erabiltzeko orduan, hauexek dira bereizgarri nagusiak:
- 1. -go erabiltzen da ekialdean: artzaingoa 'artzaintza', txapelgoa 'txapelketa'.
- 2. -ki aditz atzizkia erabiltzen da Lapurdin, Nafarroa Beherean, Nafarroako eremu zabalean eta Gipuzkoako ipar-ekialdeko alderdi txiki batean: joaki, izaki, jakinki…
- 3. -gia, Euskal Herriko ipar-ekialdean: jargia 'jarlekua'.
- 4. -sa atzizki femeninoa erabiltzen da ipar-ekialdean: ostalersa 'andre ostalaria', alarguntsa 'andre alarguna'.
- 5. -ño txikigarria erabiltzen da Lapurdin eta Nafarroa Beherean: baño, irriño…
- 6. Zuberoan -xkot/-ot eta -ñi txikigarriak erabiltzen dira: herrixkot 'herritxoa', plaxot 'plazatxoa', amiñi 'pixka bat'.
- 7. Mendebalekoak dira -to eta -ginen: ederto 'ederki', etxeginen 'etxegintzan'.
Aurrizkietan gauza bakarra dago; ipar-ekialdeko arra-: arrahasi 'berriz hasi', arrapiztü 'berriz piztu'.
Sintaxia
Sail honetan ez dago inolako mugarik: aukera guztiek daukate lekua euskara batuan. Dena dela, hauexek dira gaur egungo euskalkietan dauden bereizgarri nagusiak:
- 1. Perpaus osagarrietan hiru gertakari ageri dira:
- a. -(e)nik erabiltzen da mendebalean eta erdialdean: ez du esan etorriko denik.
- b. -(e)na dago mendebalean: badakit etorri dena.
- c. -(e)n baliatzen da ekialdean, uste, baliteke, irudi du bezalako aditzekin: uste dut etorriko den.
- 2. Kausazko perpausetan 'aditza + eta' eta 'aditza + -(e)la eta' erabiltzen dira mendebalean eta erdialdean: ez ekarri ezer, denetarik daukagu eta; bihar goiz jaiki behar duela eta, ez da afaltzera etorri.
- 3. Kausazko eta helburuzko perpausetan -t(z)earren erabiltzen da mendebalean: zu ikustearren etorri gara.
- 4. Denborazko perpausetan -(k)eran erabiltzen da Bizkaian: bihurgunea hartukeran kontuz ibili.
- 5. Denborazko perpausetan -(e)ino erabiltzen da Ipar Euskal Herrian: gerlak irauten dueino, gure sostengua ukanen dute 'gerrak irauten duen bitartean, gure laguntza edukiko dute'.
- 6. Denborazko eta moduzko perpausetan -(e)larik erabiltzen da ekialdean; -(e)la mendebalean eta erdialdean: gazteak ginela/ginelarik, gogoko genuen arrauna.
- 7. Denbora eta baldintza perpausetan ber erabiltzen da Ipar Euskal Herriko ekialdean: lana dugun ber, ez dugu herria utziko.
- 8. Perpaus erlatiboetan gertakari bi bereiziko ditut:
- a. Partizipio hutsa erabiltzen da Ipar Euskal Herri gehienean: Parisek ezarri baldintzak sobera gogorrak dira.
- b. bait- aurrizkia erabiltzen da ekialdeko hizkera batzuetan: Txomin, Lekunberrin bizi baita, alkate hautatu dute.
- 9. Galdera perpausak egiteko hiru aukera berezi daude:
- a. ala mendebalean: ez zara gugaz etorriko, ala?
- b. al erdialdean: ez al zatoz gurekin?
- c. -a ekialdean: ez zarea gurekin jinen?
- 10. Zehar galderetan -(e)nez atzizkia baliatzen da Ipar Euskal Herri gehienean: Eztakit badudanez.
- 11. Hitzen hurrenkerarekin lotuta, gertakari nagusi bi aipatuko ditut:
- a. 'Izena + bi' hurrenkera erabiltzen da mendebalean: sagar birekin nahikoa da.
- b. 'anitz + izena' eta 'sobera + izena' hurrenkerak baliatzen dira ekialdean: anitz jende; sobera lagun.
- 12. Galdegaiarekin zerikusia daukaten gertakarien artean, ondorengo lau aukerak agertzen dira:
- a. egin aditz indargarria erabiltzen da Hego Euskal Herriko eremu zabalean: ez zuen nahi, baina etorri egin da.
- b. 'Partizipioa + adizki jokatua' dago mendebalean: ez zuen nahi, baina etorri dator.
- c. Ba- erabiltzen da maiz Ipar Euskal Herrian: jende anitz bada.
- d. Aditz laguntzailea partizipioaren aurrean jartzen da Ipar Euskal Herri gehienean foku bat dagoenean: guk dugu hautatu.
Lexikoa eta esapideak
Sail honetan ez dago mugarik: hitz guztiek daukate lekua euskara batuan. Beraz, maindire, mihise edo izara, esate baterako, hirurak erabil daitezke, baina, jakina, maindire izango da lehena Gipuzkoa eta Nafarroa gehienean, mihise Ipar Euskal Herrian eta izara mendebalean.
Mendebaleko batua
Mendebaleko euskara da, Zuberoakoarekin batera, gainerako euskalkietatik gehien urruntzen dena. Zentzuzkoa dirudi, beraz, euskara batua hara egokitzea. Hauexek izan daitezke alderdi hartako euskara batuan onar daitezkeen ezaugarriak.
Fonologia
Lau gertakari daude sail honetan:
- 1. Aspaldi luzetik ekarri dira lau txistukariak bitara: hasi ‘hasi/hazi’; etzi ‘etzi/etsi’. Zaila da jokabide hori egun batetik bestera aldatzea eta bere horretan uztea dirudi egokiena. Bestela jokatu daiteke euskalkia galduta dagoen alderdietan: Ezkerraldean eta Araban.
- 2. Hitzak batzen direnean, l, n eta r ondoren txistukari frikaria ahoskatzen da: hil ziren, joan zen, zer zen.
- 3. Era berean, ez + z- duten adizkiak batzen direnean, txistukari frikaria ahoskatzeko joera dago: ezara ‘ez zara’.
- 4. Mendebaleko hizkeren arabera, y-/dx-/j- ahoskatu ohi da berba hasieran: yan/dxan/jan.
Izenaren morfologia
Zazpi gertakari ageri dira multzo honetan:
- 1. Gradu hurbileko artikuluak gorde dira: zure lagunok; hor berton.
- 2. Bizkaian gehienbat, soziatibo singularrean -gaz eta pluralean -kaz erabiltzen dira: lagunagaz/lagunakaz.
- 3. -rik morfema erabiltzen da etxerik etxe, kalerik kale tankerako esapideetan.
- 4. ‘Edo + izenordain galdetzailea’ saileko izenordainak erabiltzen dira Bizkaian: edonor, edonork, edonori, edonoren, edonorengana...
- 5. ‘Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea’ saileko izenordainak erabiltzen dira Bizkaian: nor edo nor (nonor), nor edo nork (nonork), nor edo nori (nonori), nor edo noren (nonoren), nor edo norengana (nonongana)...
- 6. Neu saileko izenordain indartuak erabili ohi dira: neu, heu, geu, zeu, zeuek.
- 7. Pluralean nortzuk, zertzuk eta zeintzuk izenordainak erabiltzen dira; nor, zer, zein singularrerako mugatu dira.
Aditzaren morfologia
Bost gertakari nabarmentzen dira arlo honetan:
- 1. Mendebaleko eta erdialdeko euskalkietan edun-en adizkien esparrua mugatu eta eduki-ren adizkiek bereganatu dute leku zabala: ez dauka dirurik esaten da; ez ez du dirurik.
- 2. Arrotza da ari izan; egon eta ibili izan dira haren ordezkoak. Ekialdeko alderdian jardun-en trinkoak ere badira: dihardut, dihardu, diharduzu... Beraz, informatika ikasten ari da esan beharrean, informatika ikasten dago / informatika ikasten dabil / informatika ikasten dihardu esaten da.
- 3. Mendebalean eta erdialdean ‘partizipioa + -ta’ erabiltzeko joera nagusitu da: hondatuta dago (ez hondaturik dago).
- 4. NOR-NORK erara jokatu ohi dira irten eta igo aditzak: irten du; igo du.
- 5. Aditz izenak mugimenduzko aditzen osagarri direnean, inesiboan erabiltzen dira mendebal gehienean: Ogia erosten joan da.
Hitz eratorriak
- 1. Adberbio gutxi batzuekin -to atzizkia erabiltzen da: ederto ‘ederki’, polito ‘egoki’ eta txarto ‘gaizki’ dira ezagunenak. Mendebaleko euskalkiaren ohiko eremutik kanpo, ondo ‘ongi’ eta hobeto ‘hobeki’ esaten dira.
- 2. -ginen atzizkia erabili izan da: etxeginen, bideginen...
Sintaxia
Hauexek dira sail honetako gertakaririk esanguratsuenak:
- 1. Ala erabili ohi da galdera perpausetan: Ez zatoz ala?
- 2. Bizkaian -(k)eran erabili ohi da denbora perpausetan: Bihurgunea hartukeran jo du bazterra.
- 3. Perpaus osagarrietan -(e)na erabiltzeko aukera dago: Badakit Iñaki etorri dena.
- 4. Kontzesio perpausetan arren erabiltzeko aukera dago: Jakin arren, ez du esan gura.
- 5. Kausa eta helburu perpausetan -t(z)earren erabiltzeko aukera dago: Zeu ikustearren etorri naiz.
- 6. Bi zenbatzailea izen sintagmaren eskuinean ipintzeko joera dago: Sasoiko gizonezko bi daude ate ondoan.
- 7. Aditz trinkoak galdegai direnean, ‘partizipioa + adizki jokatua’ egitura erabiltzeko aukera dago: Zertan zara, joan zoaz ala etorri zatoz?
- 8. Euskalki honetako bereizgarri dira, era berean, orobatasuna adierazten duen zein (bata zein bestea berdin dit), perpaus adbertsatiboetako baino (orokorra baizik), eta moduzko perpausetako legez (orokorra bezala).
Bibliografia
ARANA GOIRI, Sabino
- 1896. Lecciones de ortografía del euskera bizkaino. Berrargitaratua Obras completas de Sabino Arana Goiri (II): 810-982. Donostia: Sendoa, 1980.
AZKUE , Resurrección Mª
- 1896. Proyecto de ortografía. Bilbo: Müller y Zavaleta.
BELAUSTEGIGOITIA, Federico
- 1916. La unificación del euzkera. Bilbo: Imprenta de J. Echenagusia.
DARRIGOL, Jean-Pierre
- 1827. Dissertation critique et apologétique sur la langue basque. Baiona: Duhart-Fauvet.
DUHALDE, Martin
- 1809. Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, cembait abisuekin, othoitcekin eta bicitceco erregela batekin. Baiona: Cluzeau anayen baithan.
ELEIZALDE, Koldobika
- 1919a. La lucha por el idioma propio. Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas.
- 1919b. "Metodología para la restauración del euzkera". Primer Congreso de Estudios Vascos: 428-439. Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas.
EUZKELTZALE-BAZKUNA
- 1916. Sobre la unificación del euzkera. Bilbo-Abando: Grijelmo.
LAFITTE, Pierre
- 1944. Grammaire basque (Navarro-labourdin littéraire). 2.arg., osatua, Donostia: Elkar, 1979.
LARRAMENDI, Manuel
- 1745. Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín (2 ale). Donostia: Bartolomé Riesgo Montero.
ZABALA, Juan Mateo
- 1848. El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino. Donostia: Ignacio Ramón Baroja.
ZUAZO, Koldo
- 2005. Euskara batua. Ezina, ekinez egina. Donostia: Elkar.
- 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.
- 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.