EU | EN

Close!

Hizkeraz Hizkera

Atal honetan hizkera jakin batzuen ezaugarriak azalduko ditugu.


Burundako hizkera

Nafarroako mendebaleko ertzean dago Burunda, Gipuzkoa eta Araba ondoan dituela. Kokagune berezi horrek eragin zuzena eduki du hango hizkeran: hiru alderdi horietako ezaugarriak jaso ditu, tarteko hizkera da bete-betean.

Kokaguneak azaltzen du, beraz, alderdi askoko eraginak edukitzea, baina badira, hala ere, ezusteko gertakari bi. Alde batetik, gauza zahar asko gorde dira eta, bere kokagunea ikusita, ez da hori espero, Burunda ez dagoelako leku urrun eta bakarti batean. Alderantziz, Iruñea eta Gasteiz eta Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen bidean dago. Bestalde, berriz, Sakana eskualdean dagoen arren, nabarmena da Burundako azken herritik, Bakaikutik, bere aldamenekora, Etxarri Aranatzera dagoen aldea.

Esandako guztiak oso berezi egiten du Burundako euskara; ezagutzen dudanetan bereziena eta, hori dela eta, luze eta zabal azalduko dut.

Sei herrik osatzen dute Burunda: Ziordia, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku dira. Euskalkiaren egoera ez da ona, Urdiainen baizik ez da zaharrengandik gazteengana igaro. Bakaikun heldu batzuek baizik ez dakite eta gainerako herrietan galduta dago. Guztira 11.000 lagun inguru bizi dira Burundan; horietarik gehienak (7.500 inguru) Altsasun.

Ikus ditzagun ezaugarririk esanguratsuenak:

Fonologia

Bokalak

Sail honetan hauxe da nabarmentzekoa:

  • 1. /e + a, e, o/ bokalak elkartzen direnean, e > i egiten da: etxea > etxia. Euskal Herri osoko bazter askotan gertatzen da hori, baina Burundan, eta Sakanan oro har, beste inon baino indartsuagoa da: bokal artean izan den kontsonantea galdu ondoren ere gauzatzen da. Hitz hasieran, esate baterako, honelako bilakaerak gertatu dira: edan > ean > yan, egon > eon > yon, erantzi > eantzi > yantzi, erosi/egosi > eosi > yosi… Berdin hitz barruan ere: aberats > abeats > abiats, jatera > jatea > jatia, urtero > urteo > urtio… Gauza bera gertatzen da /o + a, e, o/ elkartzen direnean: o > u egiten da bokal arteko kontsonantea galdu ondoren ere. Horren adibide dira: basora > basoa > basua, denbora > denboa > denbua…
  • 2. -a + a > -ea > -ia egiten da: anekdotia 'anekdota', balbulia 'balbula', bronkia 'bronka', klabikulia 'klabikula'… Mendebaleko euskararen bereizgarri esanguratsu hori Burundan ere bada, beraz. Hango azken herriraino heltzen da; arrotza da Bakaikutik ekialdera. Arau hori betetzen denez, hitz amaieran -e > -a egiten da zenbaitetan: andra 'andre', bara 'bare', basurda 'basurde', bela 'bele', lora 'lore'… Hori ere mendebaleko gertakaria da.
  • 3. Ekialdeko euskalkietan bezala, Burundan eta Sakana guztian ohikoak dira goranzko diptongoak: nes.kjá 'neska', bi.djá 'bidea', ma.ris. kwék 'mariskoak'…
  • 4. -ei- > -ai- egiten da maiz: alaina 'ahalegina', laihoa 'leihoa', lantaia 'lantegia', luziai 'luzeegi'… Askotan lehian daude -ai- eta -ei-: axei/axai 'azeri', baindo/beindo 'baino'…
  • 5. Sakana osoan bezala, -eu- > -au- egiteko joera dago: yauli 'euli', yauri 'euri', naurri 'neurri', lauke (< leuke) 'luke'…
  • 6. Hitz amaieran -un dago ondorengo lau hitzotan: asun, bi(g)un, lurrun, mun. Euskal Herriko mendebalean gertatzen da gehienbat hori; gainerako alderdietan -uin/-in ageri dira.
  • 7. Erdialdeko euskalkian bezala, er > ar egiten da zenbait hitzetan: baztar 'bazter', ifarnu 'infernu', izardi 'izerdi', iztar 'izter', muskar 'musker', uzkar 'uzker'…

Kontsonanteak

  • 1. Asimilazio bustidura eza da gertakaririk esanguratsuena. Inguruko hizkera guztietan indartsua da bustidura; arrotza, aldiz, Burundako sei herrietan. Horren lekuko maila, zaila, laino, oinez… bezalako ahoskerak. Gainera, gaztelaniatik hartutako hitzetan ere saihestu egin dira ll eta ñ: botila, kutxilo, ladrilo, pastila, sila…esaten da.
  • 2. Erdialdean bezala, euskal hitzen hasieran [x] ahoskera dago Sakana osoan: jaio, jakin, jan, jo…
  • 3. Zenbait hitzetako -nd- kontsonante multzoa da Burundako bereizgarri. Alde batetik, izan-en adizkietan agertzen da: gindan 'ginen', zindan 'zinen', zindain 'zineten'. Bestetik, muga adlatiboko morfema -raindo da (orok. '-raino'): nuaindo 'noraino', etxiaindo 'etxeraino'… Beste hitz batzuetan ere gertatzen da; baindo/beindo 'baino', esate baterako.
  • 4. Herskarien sailean ere badira gauza bereziak. Alde batetik, herskari ahostuna dago hitz batzuetan: barre (ez parre), dalo 'talo', dolestu/dolostatu 'tolestu', gainu 'keinu', galte 'kalte', gata 'kate', girten 'kirten'… Beste hauetan, berriz, ahoskabea: kaixa 'gerezia', pits 'bits'… Nabarmentzekoak dira beste aldaera bi hauek ere: aitatu 'aipatu' eta kipula 'tipula'.
  • 5. Hitzak elkartzerakoan z ahoskatzen da l, n eta r ondoren; ez tz: han zon (ez han tzon) 'han zegoen', zer zan (ez zer tzan) 'zer zen', hil zan (ez hil tzan) 'hil zen'.
  • 6. ez partikula z- batekin hasten den adizkiarekin elkartzerakoan ere z ahoskatzen da; ez tz: eza (ez etza) 'ez zara', ezan (ez etzan) 'ez zen', ezon (ez etzon) 'ez zegoen'.
  • 7. -st- kontsonante multzoa dago: beste, bost, heste, ostegun, ostiral esaten dira; ez bertze, bortz gisakoak.
  • 8. r dago, inoiz d edo ø aldatuta; ez l orokorra: bear/biar 'belar', irar 'ilar', irargi 'ilargi', zidar 'zilar'. Baina, horien ondoan, elur esaten da; ez erur.
  • 9. Nafarroako jokabidearekin bat etorriz, erdal -ón eta -ión bukaerak -ona eta -iona egokitu dira Sakana osoan: melona, montona, abiona, akordiona…

Azentuak

Burunda eta Sakanako osoko azentua ahula da. Ez dauka balio bereizgarririk: ez du singularra eta plurala bereizten; ezta hitz bikoteak ere. Ez dut bilatu azentu markatua daukan hitzik.

Morfologia

Izenaren morfologia

Kasuen morfemei dagokienez, hauxe nabarmenduko dut:

  • 1. Datibo plurala -airi/-eiri da:
    langilieiri eztiai sueldoik eman 'langileei ez diete soldatarik eman'
  • 2. Genitibo plurala -ain/-ein da:
    estudiante txarrain moduen 'estudiante txarren moduan'
    Jakina, genitiboaren gainean eraikitzen diren kasu guztietan –soziatiboan ez besteetan– daukagu aldaera bera: txarraingana 'txarrengana', txarraingeiti 'txarrengatik', txarraindako 'txarrendako'…
  • 3. Soziatiboa -kin da: borondate onakin 'borondate onarekin'. Euskal Herriko eremu zabalean erabiltzen da morfema hori, baina behin Etxarri Aranatzez gero, -ki ere bada aukeran. Arrotza da hori Burundan.
  • 4. Antzeko gertakaria daukagu instrumentalean. Burundan -z erabiltzen da: oinez. Aldiz, behin Etxarri Aranatzez gero, -s nafarra dago.
  • 5. Destinatiboan -endako dago Burundan eta Sakana osoan:
    yauria ona da lurrandako 'euria ona da lurrarentzat'
  • 6. Prolatiboan -tako dago. Hori ere Sakana osokoa da:
    eskualdunetako dukau giaure bua 'euskalduntako daukagu geure burua'
  • 7. Bizidunen inesiboan -en baitan erabiltzen da Sakana osoan; ez -engan:
    jaiek prestatzeko bajukagu konfiantzia gaztiein baitan 'jaiak prestatzeko bazaukaagu konfiantza gazteen baitan'
  • 8. Ablatiboan eta motibatiboan bizirik iraun dute -ti eta -gaiti aldaera zaharrek:
    • a. gelati ata in gindan 'gelatik atera egin ginen'
    • b. zengeiti eskatzen dai diru asko 'zergatik eskatzen dute diru asko'
    Gaur egun, jakina, euskara batuak eraginda, -tik eta -gatik erabiltzen ditu gazte jendeak. Aldiz, arrotzak dira -tikan (gelatikan) eta -gatikan (zergatikan) aldaerak. Sakanako gainerako alderdietan ere ez dira aldaera horiek errotu.
    Atal hau ixteko, gauza bat nabarmenduko dut: mendebalean bezala, -rik morfema erabiltzen da Burundan etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi tankerako esapideetan.
  • 9. Adinarekin inesiboko -tan morfema baliatzen da:
    eskolati hamalau urtetan ata nitzan 'eskolatik hamalau urtetan atera nintzen'

Beste hiru gertakari hauek aipatuko ditut izenaren morfologiaren sailean:

  • 1. -rutza morfema baliatzen da honutza, horrutza eta hautza aditzondoetan. Sakana osoan erabiltzen da. Nabarmentzekoa da, dena dela, 'hona/horra/hara' dela horien esanahia. Norabidea adierazi nahi bada, aldera eransten zaie: honutzaldea, horrutzaldea, hautzaldea.
  • 2. Izenordain indartu bereziak erabiltzen dira Burundan: ñeau/niau 'neu', yau 'heu', bea 'bera', giau 'geu', ziau 'zeu', zebeik 'zeuek', ebeik 'berak'. Dena dela, mota honetako izenordainak ez dira ohikoak gazte jendearen jardunean.
  • 3. bakarren bat 'norbait' gisako izenordainak maiz aditzen dira Sakana osoan: bakarren batek, bakarren bati… Horiekin batera, baten bat gisakoak ere ezagunak dira: baten batek, baten bati… Beste bi izenordain hauek ere badira Burundan: zeozer 'zerbait' eta edozer 'zernahi'.

Aditzaren morfologia

  • 1. izan-en singularreko 3. pertsonako erroan -a- dago: dan 'den', dala 'dela', dalako 'delako, zan 'zen', zala 'zela', zalako 'zelako'.
  • 2. edun-en orainaldian -o-, -au- eta -e- lehian daude adizkien arabera: dot 'dut', dezu 'duzu', dau 'du', du 'dugu', dezai 'duzue', dai 'dute'.
  • 3. NOR-NORI sailean zaira 'zait', zaio, zaigu… gisakoak erabiltzen dira. Ez dira bereziak, baina egin dezagun kontu Burundatik ekialdera, behin Etxarri Aranatzez gero, dakit 'zait', dakiyo 'zaio', dakigu 'zaigu'… gisakoak baliatzen direla. Iraganaldian, ostera, -ki- hori bada Bakaikun eta Iturmendin:
    trena pasatu zakiten 'trena pasatu zitzaidan'
  • 4. NOR-NORI-NORK saileko adizkiek egiten dute Burunda berezi. Ez dago *-i- erroa, inguruko hizkera guztietan bezala. Badirudi *eradun dela hango erroa. Hona hemen Urdiaingo zenbait adibide: dua 'dit', duazai 'didazue', geauzu 'diguzu', dezait 'dizuet', diai 'diete'…
  • 5. egin erroa NOR-NORI-NORK saileko aginteran baliatzen da: yakus iok/ion 'erakuts iezaiok/iezaion', eskatu iozu 'eska iezaiozu'…
  • 6. joan-en adizkietan nua/niyua 'noa', dua/diyua 'doa', nenduan/nendiyuan 'nindoan', zuan/ziyuan 'zihoan' bikoteak dauzkagu. Beraz, Gipuzkoako diyua gisakoak hara ere heldu dira.
  • 7. eduki-ren erroa berezia da, baina bi aukera daude. Urdiainen -u- da (eta halaxe zen han hasi eta Ziordia bitartean): dukat 'daukat', nukan 'neukan'. Iturmendin eta Bakaikun -e- da: dekat 'daukat'. Berezia da ekarri-ren erroa ere: -e- dago horretan; dekat 'dakart'.
  • 8. edun aditzaren erabilera mugatu eta eduki nagusitu da Sakana osoan:
    launak banukatzien 'lagunak baneuzkan'
  • 9. NOR-NORK saileko adizkiak gutxi erabiltzen dira Sakanan; ia bat ere ez Burundan: NOR-NORI-NORK sailekoak nagusitu dira, baita adin handiko hiztunen jardunean ere.
  • 10. Geroaldia egiteko -en eta -ko erabiltzen dituzte adin batetik gorako hiztunek: emain/emanko, izein/izanko… Gazte jendeak -go baliatzen du: emango, izango.
  • 11. NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sailetako adizkien pluraleko 2. eta 3. pertsonetan -ei/-ai morfemak daude; ez -te: dai 'dute', zain 'zuten', duai 'didate', diai 'diote', dezai 'duzue', zenduein 'zenuten'… Baita NOR saileko pluraleko 2. pertsonan ere: zai 'zarete', zei 'zaudete', zazai 'zoazte'…
  • 12. Aditzen pluralgileak direla eta, bada zer nabarmendu:
    • a.NOR-NORI-NORK sailean -tzi- eta -zki- erabiltzen dira Urdiainen, adizkien arabera: NORI 'niri', 'hari' eta 'haiei' denean, -tzi- aukeratzen da; -zki- gainerakoetan. Beraz, duatzizu 'dizkidazu', diatzit 'dizkiot/dizkiet' gisakoak esaten dira. Berdin gertatzen da Bakaikun eta Iturmendin, baina hauetan -tza- erabiltzen da; ez -tzi-.
    • b.-tzi- erabiltzen da eduki, ekarri eta eroan-en adizkietan: dukatzit 'dauzkat', dekatzit 'dakartzat', diatzit 'daroatzat [daramatzat]'. Iturmendin eta Bakaikun -tza- dago: dekatzat 'dauzkat/dakartzat', diatzat 'daroatzat'.
    • c.-zi dago joan-en adizkietan: gazi 'goaz', zazi 'zoaz', dazi 'doaz'.
  • 13. Partizipioari -ta nahiz -rik morfemak eransten zaizkio: jarrik/jarrita. Nabarmentzekoa da aditz berrietan -rik dela ohikoena: bakunatuik, mobilizatuik, prezintatuik…
  • 14. Sakana osoan dago -gi partizipioetan. Burundan ebai 'ebaki', jagi 'jaiki', yazi (< irazegi) 'irazeki [piztu]' esaten dira.

    Hiketa dela eta, oso galduta dago gazte jendearen artean. Aldiz, adin batetik gorako hiztunak, gizonezkoak gehienbat, horretaz baliatzen dira euren eguneroko hartu-emanean. Gauza bi nabarmendu nahi ditut morfologiari dagokionez:
  • 15. Mendebalean bezala, j- da NOR morfema ondorengo adizkiotan:
    • a.edun-en pluralean: jituk/jitun 'ditik/ditin'. Singularrean d- orokorra dago: dik/din.
    • b.Trinko iragangaitzen orainaldian: jok/jon 'zagok/zagon'. Iraganaldian z- dago: zoken/zonen 'zegoan/zegonan'.
    • c.Trinko iragankorren orainaldian, 'hik' pertsonari dagozkion adizkietan izan ezik: jukak/jukan 'zaukak/zaukan'. Oraingo honetan ere z- dago iraganaldian: zukaken/zukanen 'zeukaan/zeukanan'.
    • d.NOR-NORI-NORK sailean: juak/juan 'zidak/zidan'.
  • Adizki horiek guztiok ez partikularekin elkartzen direnean, ez + *j- > etx- da emaitza: etxakik 'ez zakik', etxukak 'ez zaukak'.

  • 16. Nafarroa gehienean bezala, y- dago singularreko 2. pertsonan adizki jakin batzuetan, baina gaur egun behintzat ez da arauzkoa: yengon 'hengoen', yua 'hoa', yukan 'heukan'… bezalako batzuetan aditzen da.

    Eta sail hau ixteko, beste gertakari bi hauek aipatuko ditut:
  • 17. Adberbioak errepikatzen direnean, absolutibo singularrean erabiltzeko joera dago Sakana osoan:
    ixil-ixila ibiltzen da 'isil-isila ibiltzen da'
    arropia seko-sekua do 'arropa seko-sekoa dago'
    trena geldi-geldia heldu da 'trena geldi-geldia dator'
  • 18. Aditz izena ZERTAN kasuan erabiltzen da gehienetan:
    etxien eztuai faten autzi 'etxean ez didate joaten utzi'
    yakusten alaindu nauk 'erakusten ahalegindu nauk'
    ohia biandu faten ohitu nauk 'ohera berandu joaten ohitu nauk'
    Baina atrebitu eta eman aditzekin ZERTARA kasua baliatzen da:
    enaiz dirua jokatzia atrebitu 'ez naiz dirua jokatzera ausartu'
    eman giauei ondo jatia ta yatia 'eman zigutek ondo jatera eta edatera'
    Bi aukerak balia daitezke gelditu aditzarekin:
    zuien ibaia nola heldu zan ikustia/ikusten gelditu naiz 'zubian ibaia nola zetorren ikustera/ikusten gelditu naiz'

Atzizkiak

Hiru gertakari aipatuko ditut:

  • 1. Nafarroako beste alderdi batzuetan bezala, -kan aldaera aditzen maiz Sakanan (orok. -ka): bakarkan, jokan, saltokan…
  • 2. Distributiboa egiteko -na baliatzen da; ez -ra: bina, seina, zazpina…
  • 3. -tza baliatzen da; ez -go: artzaintza, nekazantza, soldautza…

Sintaxia

Hauexek dira sail honetako gertakaririk esanguratsuenak:

  • 1. Kausazko perpausetan ondorengo lau egiturok dauzkagu:
    • a. 'nolabait + aditza + -en'. Asko erabiltzen da Sakana osoan:
      nolabait andragaia Iruñakua dukan, bertan yosi dai etxia 'nolabait andregaia Iruñekoa daukan, bertan erosi dute etxea'
    • b. 'Aditza + eta' eta 'aditza + -(e)la eta' ere ohikoak dira Sakana osoan:
      heldu'an lanbatien Alsua fanko gaituk, feiek tuk eta 'datorren larunbatean Altsasura joango gaituk, feriak dituk eta'
      usuek ekar tueila ta, afaia inko du 'usoak ekarri dituztela eta, afaria egingo dugu'
    • c. 'Aditza + bait-' ere ohikoa da Sakanan, baina arrotza Burundan.
    • d. Burundan -(e)lako erabiltzen da gehienetan, baina adin batetik gorako hiztunek -(e)lakoz era baliatzen dute:
      ez ne aita zalakoz, bea oso ondo zukan burua 'ez nire aita zelako, baina oso ondo zeukan burua'
  • 2. Kontzesio perpausen sailean, baina perpaus menderatuaren bukaeran dela osatzeko aukera nabarmenduko dut:
    eskolia oso zarra duku, guai konpondu in ber dai bea 'eskola oso zaharra daukagu, orain konpondu egin behar dute baina'
  • 3. Perpaus osagarrietan, aditz nagusia ezezkoa denean, menderatuak -(e)nik morfema hartzen du:
    eztot uste holakoik pasatuko danik gahio 'ez dut uste horrelakorik pasatuko denik gehiago'
  • 4. Denborazko perpausetan -(e)la erabiltzen da Sakana osoan; ez ekialdeko -(e)larik:
    hileta funtziotan gendela, izugarrizko elurra bota zen 'hileta funtzioetan geundela, izugarrizko elurra bota zuen'
  • 5. Esan dezadan, azkenik, Sakana osoan erabiltzen dela egin aditzaren indartzaile. Ikus dezagun egin-dun eta egin gabeko perpaus biren arteko kontrastea:
    • a. Gobernuek galazita duka, bea ikurriña patu in dai 'Gobernuak galarazita dauka, baina ikurrina jarri egin dute'
    • b. etxeko ataien argia patu dot 'etxeko atean argia jarri dut'

Lexikoa

Burundan erabiltzen diren hitz berezi batzuen zerrenda egingo dut jarraian.

  • A: ahalegindu (> ahalaindu) 'saiatu', ahaztu 'atzendu, ahantzi', amarratz 'armiarma' (Ziordian eta Olatzagutian antzina), antuxa 'usin, doministiku', arkakuso 'kukuso', asko 'anitz', atari 'ate' esanahiarekin, atxitamutxita / atxitamutxitari / atxitamustaia 'tximeleta', atze 'gibel', aurre 'aitzin'.
  • B: barga 'amildegi', barride 'auzo', baso 'oihan', behatz (> bihatz) 'hatz', berantzagi (> mentzagi) 'orantza, legami', beratz (eta bigun), beta 'asti', bota 'erori' esanahiarekin.
  • D: dermio/dermau 'alor', despeditu 'bukatu', domeka (> donbeka) 'igande'.
  • E: eroan (> ean/yan) 'eraman', errendaketan (Bakaikun botaketan) 'botaka', esegi 'zintzilikatu' (Olatzagutian eta Altsasun antzina), esnatu (> esenatu) 'iratzarri'.
  • G: garagarril 'ekain', garranga 'izotz burruntzia' (Ziordia eta Altsasu bitartean antzina), gerba 'amildegi txikia', gura 'nahi' hitz elkartuetan (azkura, barregura, botagura, logura, ñeargura, onguramina 'apeta').
  • H: heldu + izan-en adizkiak 'etorri', hirurogei 'hiruretan hogei', hitz egin 'mintzatu, solastu', hobeto (eta hokio 'hobekiago'), hots egin 'deitu'.
  • I: ibai, ibili 'eduki' esanahiarekin (autua garajien ibili dot 'automobila garajean eduki dut'), ilbetz 'urtarril', ilondo 'ilbehera', inbuluzkan 'itzulipurdika', indiaba (eta babarrun) 'indaba', ira (Bakaikun iyostor) 'iratze', irazeki (> yazi) 'piztu', izara 'maindire', izeko 'izeba' (Ziordia eta Urdiain bitartean antzina).
  • J: jaregin (> jarein) 'askatu', jator, jaungoikoaren gerriko 'ostadar', joare (> fara) 'zintzarri', jostai 'ostots, trumoi'.
  • K: kale 'karrika', katagorri 'urtxintxa', konturatu 'ohartu', korrikan 'lasterka', kunkun 'apo'.
  • L: lapiko (eta eltze), lastail 'urri [hilabetea]' esanahiarekin, laurogei 'lauretan hogei'.
  • M: maki 'herren', momoxarro 'inauteri', mutiki 'mutiko', mutxikan 'jolasean', muxinkuen 'borrokan'.
  • N: nekazari 'baserritar', nesaki 'neskato'.
  • O: odolki 'tripot, odoloste', ohe 'ohatze', okaran, okela (eta haragi), okolu 'ukuilu', ondo (eta ongi), ortu (eta baratza), oso 'hagitz, arrunt', ozpingarri 'oinaztura'.
  • P: pantalon 'galtza, praka', pernil 'urdaiazpiko', pits (eta apar).
  • S: sobrare (> sobre) 'nonbait', sor 'gor'.
  • T: triku 'sagarroi', tu (ez listu, txistu), txarki (eta gaizki), txitxigarro 'kilker', txukun.
  • U: ubaraxa (> ubaxa, Bakaikun ubalaiza) 'igel', urri 'irail' esanahiarekin.
  • Z: zajau 'ahozapi', zakar 'itsusi' esanahiarekin, zapo 'zomorro' esanahiarekin, zil 'zilbor, zilko', zinzirrin 'belarritako'.

Aldaerak

Bukatzeko, Burundako zenbait aldaeraren zerrenda osatuko dut:

  • A: ailubi/aulubi 'marrubi', aitxur 'aitzur', alkar 'elkar', apiz 'apaiz', arrontza 'arrautza', autzi 'utzi'.
  • B: bea/baia 'baina', be 'gabe' (eta beiko/baiko 'gabeko'), bekela (eta bezela) 'bezala', bildur 'beldur', bulkatu 'bultzatu', bultzurrun 'giltzurrun', burruka 'borroka'.
  • E: erruki 'urriki', esan (ez erran), esenatu 'esnatu', esene 'esne', eskubi 'eskuin', eskutur 'eskumutur', etzin 'etzan'.
  • F: gaztai 'gazta', guai 'orain'.
  • H: haraitz 'haritz'.
  • I: ikutu 'ukitu', iretsi 'irentsi', irruti 'urruti', itain 'izain'.
  • J: jaunka 'zaunka', jito 'ijito'.
  • M: musti 'busti'.
  • N: narru 'larru' (Bakaikun larru).
  • O: okotz 'kokots', opo 'orpo'.
  • P: piliskorri 'biluzgorri'.
  • S: sagon 'xaboi'.
  • T: tapilo 'korapilo', tximu 'tximino', txindila 'dilista', txindurri/txingurri 'inurri', txixa 'pixa'.
  • Y: yainun 'herenegun', yaitzi (< ereitzi) 'iritzi', yauli 'euli', yauri 'euri'.

Bibliography

BONAPARTE, Louis-Lucien.

- 1881. "Observaciones sobre el vascuence de algunos pueblos del valle de la Burunda". Euskal-erria, 2, 145-151.


ERDOZIA, Jose Luis.

- 2001. Sakana erdialdeko euskara. Iruñea: Nafarroako Gobernua.

- 2002. "Bakaikuko hizkera". Fontes Linguae Vasconum, 34, 90. zenb., 269-306.

- 2004. Sakanako hiztegi dialektologikoa. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.

- 2006. Altsasuko euskara. Altsasu: Altsasuko Udala eh Sakanako Mankomunitatea.


INTZA, Damaso.

- 1922. "Burundako euskalkia". Euskera, 3-3: 3-42.


IZAGIRRE, Kandido.

- 1967. "Altsasuko euskeraren gai batzuk". Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 1, 45-97.


ONDARRA, Francisco.

- 1965. "Voces vascas de Bacaicoa". Boletín de la Real SociedadVascongada de los Amigos del País, 21, 386-412.

- 2005. "Bakaikuko euskal hitzak, esaerak, etab." Fontes Linguae Vasconum, 37, 100. zenb., 481-523.


YRIZAR, Pedro.

- 1991. Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano (2 ale). Donostia: Kutxa eta Euskaltzaindia.


ZUAZO, Koldo.

-2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.


Up


Araitz-Beteluko euskara

Beteluko eta Araitz ibarreko sei herrietako euskararen aurkezpen laburra egingo dut. Hauexek dira Araizko herriak: Arribe, Atallu, Azkarate, Gaintza, Intza eta Uztegi. Larraungo Errazkin herrian eta Lezaeta auzoan ere hizkera bera egiten da. 'Mailope' ere deitzen zaio eskualde honi, Aralarko mailoen azpian dagoelako.

Guztira, 1.000 bizilagun inguru dira; horietatik gehienak euskaldunak. Nafarroako mendebalean dago, Gipuzkoarekin mugan eta Tolosatik gertuan. Kokagune horrek eragin zuzena izan du hango hizkeran: ezaugarri nafarrekin batera, giputzak ere badira. Gainera, hauexek zabaldu eta nagusitu dira azkenaldian.

Hona hemen Mailopeko euskararen ezaugarririk esanguratsuenak.

Fonologia

Arlo honetan sei gertakari dira kontuan hartzekoak.

  • 1. i eta u bokalen ondoren a > e egiten da: sue 'sua'; gutxiten 'gutxitan'; arrike 'harrika'; zazpiñe 'zazpina'; eun bétzutako 'egun batzuetako'.
  • 2. Hiatoetan ez dago aldakuntzarik: semea, besoa, mendie, burue esaten da. Arrotzak dira semia/semie, besua/besue, mendiya/mendiye, buruba/burube gisakoak.
  • 3. Hitz hasierako j- [x] ahoskatzen da: jakin, jan, jo; ez yakin, yan, yo.
  • 4. Erdal -on bukaera bere horretan uzten da: balkona 'balkoia'; botona 'botoia'; limona 'limoia'.
  • 5. -st- kontsonante multzoa dago: beste, bost, ostegun; ez bertze, bortz.
  • 6. Azentua gehienbat hitzaren ezkerretik hasita 2. silaban egoten da: larúnbata (> laúnbeta/laánbeta). Beste ezaugarri hauek ere baditu:
    • - Azentu markatuko hitzak daude: lékue, béstea...
    • - Hitzen singularra eta plurala bereizten ditu: Sing. usóak jan du / Pl. úsoak jan due
    • - Esanahi desberdineko hitz bikoteak bereizten ditu: eltzéa 'lapikoa' / éltzea 'iristea'

Morfologia

Hamar gertakari aipatuko ditut sail honetan:

  • 1. Prolatiboan (NORTAKO/ZERTAKO) -tako atzizkia erabiltzen da; ez -tzat: Tontotako al naukezu?
  • 2. Ablatiboan eta motibatiboan ohikoak dira -ti, -gandi eta -gati aldaerak: etxeti etorri; mútillengandi hartu; mútillengati egin.
  • 3. Baten bat eta bakarren bat gisako izenordainak erabiltzen dira: Baten batek, baten bati, baten batekin... Bakarren batek, bakarren bati, bakarren batekin...
  • 4. Maiz erabiltzen da eduki, edun-en ordez: zortzi urte dauzke (ez ditu).
  • 5. Etorri-ren adizkien ordez, 'heldu + izan' baliatzen da: eldu naiz (ez nator).
  • 6. Edun-en erroan -u- dago: dut, duzu, duzue. Tarteka -e- ere aditzen da: det, dek.
  • 7. NOR-NORI-NORK saileko pluraleko adizkien erroan -a- agertzen da: dazkit 'dizkit'; dazkiot 'dizkiot'; nazkizun 'nizkizun'; zazkion 'zizkion'.
  • 8. Geroaldiko morfema -go da: egingo, jakingo, joango; ez eginen gisakoak.
  • 9. gina- eta zina- agertzen dira trinkoen iraganaldian: giñauden 'geunden'; ziñauden 'zeunden'; ziñauten 'zeundeten'; giñauken 'geneukan'; ziñaukezun 'zeneukan'; ziñaukezuen 'zeneukaten'.
  • 10. 'Partizipioa + -ta/-rik/-a' hirurak erabiltzen dira, baina -ta eta -a dira ohikoenak: erosita, zaartua, eginik.

Sintaxia

Zortzi gertakari nabarmenduko ditut arlo honetan:

  • 1. Kausazko perpausak osatzeko aukeren artean, 'adizkia + eta' eta 'adizkia + - (e)la eta' daude:
    • Igual eztuk égie izengo, aobero xámarra duk oi ta 'beharbada ez duk egia izango, ahobero samarra duk hori eta'
    • Kótxeai kólpea eman diola ta, errixta latza jaso'ik 'kotxeari kolpea eman diola eta, errieta latza jaso dik'
  • 2. Kontzesio perpausak osatzeko aukeren artean, bi hauek aipatu behar dira:
    • - Perpaus menderatuaren bukaeran baina jartzea:
      Ingo't, gogo aundiik eztauket biño 'egingo dut, gogo handirik ez daukat baina'
    • - Lanak lan gisakoak:
      Lának lan, biar jai ein bea'iau 'lanak lan, bihar jai egin behar diagu'
  • 3. Denborazko perpausen artean, hauexek daude:
    • - 'Adizkia + -(e)la'
      Gazteak giñela, asko joaten giñen Orexaa 'gazteak ginela asko joaten ginen Orexara'
    • - 'Harik eta... arte':
      Aik eta dénak bildu arte, ezka jaten asiko 'harik eta denak bildu arte, ez gara jaten hasiko'
  • 4. Moduzko perpausetan 'partizipioa + ahala' gogoratu behar da:
    • Jan ala, géigo ateako'ttuu 'jan ahala, gehiago aterako ditugu'
  • 5. Baldintza perpausen artean -t(z)era da berezia:
    • Oi jakittea, ingo nun 'hori jakitera, egingo nuen'
  • 6. Helburuzko perpausen sailean 'aditz izena + aldera' dago:
    • Belarrak itte aldea, dénak bildu giñen 'belarrak ebakitze aldera, denak bildu ginen'
  • 7. Al erabiltzen da 'bai/ez' erako galdera perpausetan:
    • Ba al daukek nei launtzeko bétaik? 'ba al daukak niri laguntzeko betarik?'
  • 8. Egin aditz indartzailea baliatzen da. Hona hemen egin-dun eta egin gabeko perpausen arteko aldea:
    • a. Enun nai, biño etorri in naiz 'ez nuen nahi, baina etorri egin naiz'
    • b. Lekunberritti etorri naiz 'Lekunberritik etorri naiz'

Lexikoa

Eskualde honetako hitz esanguratsuenetako batzuk erakutsiko ditut

A-

  • aditu 'entzun'
  • agidanean 'dirudienez'
  • ahaztu (eta atzendu)
  • aise (eta erraz)
  • aita ponteko eta ama ponteko 'aita-/amabitxi'
  • aitona (> attuna) eta amona
  • akets 'kamuts'
  • aldaboi 'euria eta haizea aldi berean'
  • alkotx 'pertsona narrasa'
  • amaume (eta armiarma sare)
  • andre (eta emazte)
  • antzigar 'lantxurda'
  • apika (eta beharbada)
  • argitu 'eguna zabaldu'
  • ariora(n) 'proportzioan'
  • arkakuso (> arkakoso)
  • artesi 'arrakala'
  • asko 'anitz'
  • astegorri 'astegun'
  • atarramentu
  • atorra (eta alkandora)
  • atze (eta aurre)
  • aukeratu 'hautatu'
  • aurreneko (eta lehenbiziko)
  • axuri (eta arkume)
  • azienda (eta abere, ganadu)
  • azkar (eta agudo, bizkor)
  • azkura

B-

  • baba 'babarrun'
  • bailara 'ibar'
  • baliteke (eta beharbada)
  • banaz beste 'batez beste'
  • barratu (eta zabaldu)
  • barride (eta auzo)
  • barru (> barrun) 'barne'
  • barruti 'belardi'
  • baso 'oihan'
  • basur (eta ihintz)
  • batez ere (eta gehienbat)
  • beharrik! (eta eskerrak!)
  • beherako (eta kakeria)
  • belakatu (eta ahul)
  • beratz (eta biguin)
  • berebiziko (eta bialdiko, sekulako)
  • beta 'asti'
  • bidali (> bialdu) 'igorri'
  • bidenabar (> binaarrean) 'bide batez'
  • botagura (eta gonbitale)

D-

  • dagoeneko 'jada'
  • dena dela (eta dena den)
  • denetara 'orotara'
  • deus (eta ezer)
  • diosal (eta agur)

E-

  • edozer
  • eguarrito 'elur jauzi'
  • egundainoko (eta egundoko, sekulako)
  • egutera 'eguzki alde'
  • enantzu 'gaitasun, indar'
  • enas 'zikin'
  • eozi (eta eroizi, euzi) 'luizi'
  • erakustun 'irakasle'
  • erostun 'erosle'
  • erreka 'ibai'
  • errero 'errementari'
  • erruki (eta gupida)
  • erruz (eta ugari)
  • esate baterako 'adibidez'
  • eseri 'jarri'
  • eskerrik asko 'mila esker'
  • eskumuin (> eskumin) 'goraintzi'
  • esnatu (> esnaatu) 'iratzarri'
  • espa 'nahia, gogoa'
  • espartzin 'apreta'
  • ezizen (eta izengoiti)
  • ezkila 'kanpai'

F-

  • faborez (eta mesedez)
  • flako 'argal'

G-

  • gaixotu (eta gaizkitu)
  • galtzarbe (eta besape)
  • galtzin (eta kare)
  • garagarril 'ekain'
  • garo 'iratze'
  • gisu (> kisu) (eta igeltsu)
  • gisugile (> kisuskile) (eta igeltsero)
  • gogoratu (eta akordatu)
  • gorbizi 'egoskor, gogor'

H-

  • hainbestean 'ongi samar'
  • haizematu 'putz egin'
  • hala-moduzko 'hala-holako'
  • hartu-eman 'harreman'
  • hegal (eta hegatz) 'hego'
  • hobeki 'hobeto'
  • hoberenean (eta beharbada)
  • holako eta halako 'urlia/berendia'
  • hormatxori 'txolarre'
  • hots egin (eta deitu)
  • hozka egin 'haginka egin'
  • hozkada (eta mokadu)

I-

  • ilbeltz 'urtarril'
  • iritsi (eta heldu)
  • isats 'buztan'
  • iskanbila (eta ardaila, istilu, okasio, zalaparta)
  • itxoin (> atxoin) (eta esperatu)

J-

  • jakina (eta horixe baietz, noski)
  • jasa 'zaparrada'
  • jator
  • jela (eta izotz)
  • jostatu 'jolastu'

K-

  • kalpar (eta ilaje)
  • kanposantu 'hilerri'
  • katagorri (> kattagorri) 'urtxintxa'
  • kaxol/kaxon 'zakurraren beroaldia'
  • kazkabar (eta harri) 'txingor'
  • kilima (eta kili-kili)
  • kirkir (eta kirkil) 'kilker'
  • koko 'espainiar' eta 'hegoaldeko'
  • kolle 'ur izoztua'
  • kolle-ziztor 'izotz-burruntzi'
  • konparazio batera (eta konparaziora) 'adibidez'
  • konturatu (eta ohartu)
  • kukuso (eta ñañarro) 'txori-izugarri'
  • kuxidade 'txukuntasun'
  • kuzmaneoan/kuzmanean/kuzmandan (eta kuxkuxean)

L-

  • lakatz 'latz' eta 'argal'
  • lapurtu (eta ostu)
  • lasterka (eta korrika)
  • lekutu 'alde egin'
  • limiskatu/limiztatu 'milikatu'
  • listu 'tu'

M-

  • mailo 'malkar harritsua'
  • makur 'gaizto'
  • malkar 'aldapa handia'
  • malkor 'haitz'
  • mamartolo 'labezomorro, kakalardo'
  • mami 'gatzatu' eta 'esne gain'
  • maskuri
  • materia (eta gesal, zorne)
  • mikatz (> minkatz) (eta min)
  • mingain 'mihi'
  • mizto 'ezten'

N-

  • nahiko (eta aski)
  • neguri 'udazkenaren bukaera'
  • nekazari (eta baserritar)
  • neskame
  • nini 'hazpizar'
  • noski 'uste dut, ematen du'
  • nozitu

Ñ-

  • ñaño 'ganora gabea'

O-

  • odolki
  • ohatze 'ohe'
  • olatu 'uhin'
  • ongarri 'simaur'
  • ongi 'ondo'
  • orantza (> orrantza) 'legamia'
  • osatu (eta txikiratu)
  • oso 'hagitz'
  • osotara (eta erabat)
  • ospel 'laiotz' eta 'azkordin'
  • ostots (eta trumoi)

P-

  • pantalon (eta galtza)
  • paraos 'euritako'
  • pella 'azalore'
  • perdeska 'balantzaka'
  • peto 'egiazko'
  • poltsiko (eta poltsa) 'sakela'

R-

  • raso (eta erabat, osotara, zeharo)
  • rekozina (eta despentsa)

S-

  • sarri (> saarri) (eta geroxeago)
  • segari 'segalari'
  • sesio 'liskar'
  • sobra ere 'nonbait'
  • sor 'gor'
  • sorreria 'gorreria'

T-

  • (aran) tximilo 'basaran'
  • tankera (eta antz, kera)
  • tenore (eta sasoi)
  • triku 'sagarroi'
  • txalburu 'zapaburu'
  • txamal 'moxal'
  • txantxangorri
  • txarro 'pitxer'
  • txipa 'ezkailu'
  • txukun

U-

  • udare 'madari'
  • ukalondo 'ukondo'
  • ukuilu
  • urgun 'ardien herrena'
  • urruti 'urrun'
  • usin (eta doministiku)

Z-

  • zalkor (eta txalkor) 'konkor'
  • zanpatu
  • zata 'abarka'
  • zein 'zein' eta 'nor'
  • zelai (eta ordeka)
  • zilbor (> txilbor)
  • zintzarri 'joare'
  • zurgin

Aldaerak

Aldaeren sailean hauexek nabarmenduko ditut:

A-

  • apez 'apaiz'
  • atxoin (eta itxoin)
  • atxur 'aitzur'

B-

  • bae (eta bare) 'gabe'
  • barrun 'barru, barne'
  • bildur 'beldur'
  • biño (eta baño) 'baina'
  • bixki 'biki'

E-

  • ebi (eta euri)
  • elbi (eta euli)
  • esan

G-

  • geazi 'gerezi'

H-

  • hamika 'hamaika'
  • haraitz 'haritz'

I-

  • ikutu (eta ukitu)
  • illoa 'iloba'
  • izoa 'izeba'

J-

  • jendu 'kendu'

K-

  • kerten 'kirten'

L-

  • leurri 'neurri'

O-

  • obi 'ogi'
  • okotz 'kokots'
  • osin 'asun'

P-

  • pake 'bake'
  • parra 'barre'
  • pixko (eta pixke) 'pixka'
  • puzkar 'uzker'

S-

  • sapai 'sabai'

T-

  • txilar
  • tximu 'tximino'
  • txingurri 'inurri'

Z-

  • zirriku 'zirrikitu'

Bibliography

APALAUZA, Amaia.

− 2007. "Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretako lexikoaren azterketa". Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», 41-1: 175- 236.

− 2008. "Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu". Fontes Linguae Vasconum, 40, 107. zenb., 63-104.

− 2012. Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.


APALAUZA, Amaia eta Kontxi ARRAZTIO.

- 2007. Araitz-Beteluko ahotsak. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Beteluko Udala eta Araizko Udala.


ETXEBARRIA, Jose Mari.

- 1985. "Gaintzako euskeraren alderdi fonetiko batzuk". Eusko Ikaskuntza. Hizkuntza eta Literatura, 4. zenb., 127-142. Donostia.

ZUAZO, Koldo.

- 2013. Mailopeko euskara. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.


Up


Fonologia

Morfologia

Sintaxia

Lexikoa

Aldaerak

Bibliography

Up


Bibliography

Up


Fonologia

Morfologia

Sintaxia

Bibliography

Up

Western

View video

Central

View video

Navarrese

View video

Navarrese-Lapurdian

View video

Zuberoan

View video

Laguntzailea:

Team:
Oneka Alvarez / Xabier Eizagirre / Arantza Flores / Nahia Grande / Eva Hidalgo / Iñaki Iñarra / June Lauzirika / Teresa Portugal