Helburua:

Close!

Sailkapenak

Euskal Herri gehieneko lekukotasun idatziak dauzkagu XVI. menderako, eta euskalkiak baziren orduko. Haien arteko aldeak ez ziren orain bezain garbiak, baina euskalkiak gauzatuta eta euren mugak zehaztuta zeuden garai hartarako.

Oihenartek egin zuen euskalkiak sailkatzeko lehenengo saioa, XVII. mendean; Larramendik bigarrena, XVIII.enean; Bonapartek hirugarrena, XIX.enean. Ikus ditzagun banan-banan.


ARNAUT OIHENART

1592-1667

Arnaut Oihenarten eskuizkribua

Arnaut Oihenart zuberotarrak Notitia utriusque Vasconiae liburuan aurkeztu zituen lehenengoz euskalkiak. Ez dakigu zenbaterainokoak ote ziren euskal hizkeren gainean zeuzkan zuzeneko albisteak, baina, behinik behin, bere garaiko izkribuak ezagutzen zituen (ikus Oihenart 1665 [1967]) euskara zuberotarra, berriz, zuzen eta zehatz erakutsi zuen (Oihenart 1656).

Berritzailea izan zen Oihenarten sailkapena. Ez zituen euskalkien mugak herrialdeen arabera bereizi, haren garaikide zenbaitek egin zuten bezala (ikus, esate baterako, Axular 1643: 17). Antzinako leinuekin lotu zituen eta, hori dela eta, lau euskalki aipatu zituen (Oihenart 1656 [1971]: 353):

  • a. Akitaniarrena, Ipar Euskal Herrian egiten zen.
  • b. Baskoiena, Nafarroan egiten zen.
  • c. Barduliarrena, Gipuzkoan eta Araban egiten zen.
  • d. Autrigoiena, Bizkaian egiten zen.

Ikuspegi horren arabera, euskalkiak oso antzinakoak dira, erromatarrak alderdi honetara etorri aurrekoak, leinuak zeuden garaikoak. Oihenart izan zen, hain zuzen, euskalkien jatorriaren gaineko iritziak plazaratzen lehena.

Bere usteen alde jokatu nahian, akats nabarmen bat egin zuen: Ipar Euskal Herriko hizkera guztiak euskalki bakarrean bildu zituen. Erromatarren garaiko berriemaileen esanetan, leinu bakarra omen zegoen alderdi hartan, eta uste horri eutsi nahiak hango euskalkiak ere bakarra izan beharra ekarri zuen. Ikuspegi hori, ostera, ez zen inondik inora zuzena: euskara zuberotarrak nortasun osoa zeukan XVII. menderako, eta argiro bereizita zegoen Lapurdi eta Nafarroa Behereko hizkeretatik.

Oihenartek euskalkiak sailkatzeko erabili zituen irizpideez, berriz, ezin dugu ezer esan; ez zuen deus adierazi. Euskalkiak banatzen zituzten ezaugarri gutxi aipatu zituen:

  • a. Zuberoako eta Nafarroa Behereko alderdi batzuetako ü bokala.
  • b. Ekialdeko nihaur eta mendebaleko neuror gisako izenordain indartuak.
  • c. Bizkaiko a erakuslea (orokorra 'hura').

Igo


MANUEL LARRAMENDI

1690-1766

Manuel Larramendiren irudia

Larramendik egin zuen euskalkiak sailkatzeko bigarren ahalegina. 1729an argitaratutako gramatikan erakutsi zituen euskalkien gaineko argibide gehienak, baina 1745eko hiztegiaren hitzaurrean eta Corografía de Guipúzcoa liburuan ere (1969) albiste ugari bildu zituen.

Hiru euskalki bereizi zituen (Larramendi 1729: 12):

  • a. Bizkaitarra
  • b. Giputza
  • c. Nafar-lapurtarra

Arabako euskara Bizkaikoarekin batera sailkatu zuen, nahiz eta zenbait ezaugarrik hartatik aldentzen zutela esan: izaera nahasikotzat zeukan. Corografía de Guipúzcoa saioan aitortu zuenez, euskara nafar-lapurtarraren barruan ere baziren aldeak: Zuberoakoa eta Nafarroakoa aldentzen ziren gehien. Larramendiren sailkapen horren azpian ere bazegoen ideia jakin bat, haren aurreko historialariek (Garibai, Marca eta Moret) plazaratu zutena: baskoiek antzina Pirinioak zeharkatu eta Ipar Euskal Herria bereganatu zutela (Larramendi 1745: LXXV). Beraz, baskoiek euren euskara eraman zutenez hara, euskalki berbera egin behar zen Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Jakina, Larramendik esandakoak gorabehera, eremu zabal horretan XVIII. mendean egiten zen euskarak ez zuen horrelako batasunik erakusten inondik inora.

Larramendik ere, bestalde, zahartzat zeuzkan euskalkiak. Erromatarren garaiko geografo eta historialariek Espainian ikusi zituzten "hizkuntzak" euskararen "dialektoak" zirela esan zuen (Larramendi 1745: CLVIII eta 1969: 280). Uste horren oinarrian, dena dela, ez zegoen hizkuntzazko arrazoirik. Larramendik gauza bakarra erakutsi nahi zuen: euskara izan zela antzina Espainia osoan egiten zen hizkuntza bakarra. Erromatarren lekukotasunek, ordea, kolokan jartzen zuten uste hori: Espainian barrena herri eta hizkuntza asko zeudela zioten haiek.

Larramendik, era berean, herrialdeen eta euskalkien mugak ez zetozela bat ikusi zuen. Gipuzkoa adibide hartuta, Deba ibarrean euskara bizkaitarra egiten zela ohartarazi zuen, eta Oiartzun, Hondarribia eta Irun bitartean, berriz, Lapurdiko euskararen gertutasuna nabari zela.

Larramendik Euskal Herri osoan idatzitako liburuak aztertu zituen eta, gainera, ahozko euskara jasotzeaz ere arduratu zen. Behinik behin, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin ibili zen. Aditza aztertzeari eman zion lehentasuna. Larramendiren iritziz, aditza zen euskararen alderdirik aberatsena eta, hark eraginda, aditza izan da, bai dialektologian eta baita euskalaritzan oro har ere, lehentasun osoa bereganatu duen iker saila. Dena dela, Larramendik hizkuntzaren gainerako esparruak ere kontuan hartu zituen eta haren liburuetan euskalkietako hainbat albiste aurki ditzakegu (ikus Pagola 1991). Hura izan zen, hain zuzen, azentuaz arduratzen lehena, eta mendebaleko eta erdialdeko azentuen gaineko argibide ugari eta zehatzak erakutsi zituen (Larramendi 1729: 336-372).

Igo


LOUIS-LUCIEN BONAPARTE

1813-1891

Louis-Lucien Bonaparteren argazkia

Bonapartek hasi zituen dialektologia ikerketak Euskal Herrian. Londresen jaio eta bizi izan zen, baina hala eta guztiz ere, euskara ondo menderatzea lortu zuen. Izkribuzko lekukotasunak ez ezik, ahozkoak ere ezagutu zituen. Azken batean, Bonaparte izan zen euskararen eremua osotasun guztian ezagutzen eta aztertzen lehena. Bost egonaldi egin zituen Euskal Herrian eta, gainera, Londresera ere eraman zituen zenbait euskaldun berarekin lan egitera.

Bonaparte ez zen euskalkien jatorriaz arduratu. Ez zuen euskalkiak antzinakoak ote ziren zehaztu. Bere garaian egiten ziren euskalkiak mapa batean erakustea zuen helburu. Zortzi euskalki bereizi eta hiru multzo nagusitan ezarri zituen (Bonaparte 1863 eta 1869): a) mendebalekoa, euskara bizkaitarrak osatzen zuen; b) erdigunekoa, giputzak, iparraldeko nafarrak, hegoaldeko nafarrak eta lapurtarrak osatzen zuten; c) ekialdekoa, zuberotarrak, ekialdeko behe-nafarrak eta mendebaleko behe-nafarrak osatzen zuten.

Zortzi euskalki horien barruan, berriz, 25 azpieuskalki eta 36 hizkera bereizi zituen. Gisa honetara aurkeztu zituen:

  • 1. Euskara bizkaitarrean hiru azpieuskalki eta bederatzi hizkera. Azpieuskalkiak: mendebalekoa (Gernika, Bermeo, Plentzia, Arratia, Orozko, Arrigorriaga eta Otxandioko hizkerekin), ekialdekoa eta Gipuzkoakoa (Bergara eta Leintz Gatzagako hizkerekin).
  • 2. Euskara giputzean hiru azpieuskalki eta bost hizkera. Azpieuskalkiak: iparraldekoa (Hernani, Tolosa eta Azpeitiko hizkerekin), hegoaldekoa eta Nafarroakoa (Burunda eta Etxarri Aranazko hizkerekin).
  • 3. Iparraldeko nafarrean sei azpieuskalki: Ultzama, Baztan, Bortziriak, Arakil, Araitz eta Gipuzkoakoa.
  • 4. Euskara lapurtarrean bi azpieuskalki eta hiru hizkera. Azpieuskalkiak: jatorra (Sara, Ainhoa eta Donibane Lohitzuneko hizkerekin) eta nahasia (Arrangoitze aldekoa).
  • 5. Hegoaldeko nafarrean hiru azpieuskalki eta zortzi hizkera. Azpieuskalkiak: Iruñetik ekialdekoa (Eguesibar, Olaibar, Artzibar, Erroibar eta Auritzeko hizkerekin), Izarbeibarkoa eta Iruñetik mendebalekoa (Oltza, Zizur eta Gulibarko hizkerekin).
  • 6. Euskara zuberotarrean bi azpieuskalki eta hiru hizkera. Azpieuskalkiak: jatorra (Zuberoa bertakoa) eta Erronkarikoa (Bidankoze, Urzainki eta Uztarrozeko hizkerekin).
  • 7. Ekialdeko behe-nafarrean hiru azpieuskalki eta sei hizkera. Azpieuskalkiak: garaztar-amikuztarra (Garazi, Amikuze, Bardoze eta Arberoako hizkerekin), Aturrialdekoa (Beskoitze eta Urketako hizkerekin) eta Zaraitzukoa.
  • 8. Mendebaleko behe-nafarrean hiru azpieuskalki eta hizkera bi. Azpieuskalkiak: Baigorrikoa, Lapurdikoa (Uztaritze eta Lekorneko hizkerekin) eta Aezkoa ibarrekoa.

Ikus dezagun, jarraian, sailkapen horren atzean dagoena.


Bonaparteren aztergaiak

Aro nagusi bi bereiz daitezke Bonaparteren jardunean, eta 1864. urtean ezar dezakegu bien arteko muga. Urte hori bitartean oso ezaugarri gutxi hartu zituen kontuan eta, gehienbat, bere aurrekoek urratutako bideari jarraitu zion. Larramendirengandik zetorren edun-en dut/det/dot aldaerak bereizgarri nagusitzat hartzea, eta Mogelengandik eta Añibarrorengandik, berriz, bokal eufonietan indarra jartzea (ikus, esate baterako, Mogel 1803: IV-V eta Peru Abarca-ren hitzaurreko 20. oharra). Bonaparterengandik gertuago, beste bizkaitar batek, Juan Mateo Zabalak, bokal eufonia horiek nabarmendu zituen Bizkaiko hizkerak erakusteko (Zabala 1848: 54-55).

Gauza da Bonapartek ezaugarri gutxi horiek nahikotzat jo zituela Bizkaiko eta Gipuzkoako euskalkiak, azpieuskalkiak eta hizkerak bereizteko. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkerak aztertzerakoan sortu zitzaizkion buruhausteak. Eremu zabal horretan dut aldaera erabiltzen zen eta bokal eufoniek ez zuten ezer erabakitzen leku askotan. Arazo horri aurre egiteko, irizpide zorrotzagoak bilatu behar izan zituen, eta horretantxe egon zen, hain zuzen, Bonapartek euskal dialektologiari egindako onurarik handienetako bat: Nafarroako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hizkeren gainean ordu artean baino berri zabalagoa eta zehatzagoa ematean. Mendebalekoan eta Zuberoakoan, gainerakoetatik nabarmen bereizten zirenez, ez zuen arreta handiegirik jarri.

1864tik aurrera, beraz, ezaugarri gehiago erabili zituen aztergai. Gauza da ez zituela argiro zehaztu eta azaldu; gehienbat haren artikuluetan eta lankideei bidalitako gutunetan daude sakabanatuta horien gaineko argibideak eta, beraz, jende askorendako ezkutuan egon dira oraintsu arte. Hona hemen ezaugarriok zein diren:

  • a. Fonologian sei gertakariren eremuak begiratu zituen: ü bokala, bokal sudurkariak, bokal arteko -i- galtzea (behia > bea), hasperena, hitz hasierako *j-ren ahoskerak (yan/xan/jan) eta Zuberoako txistukari ahostunak.
  • b. Izenaren morfologian lau gertakari neurtu zituen: ergatibo pluraleko -ak/-ek aldaerak (gizonak jan dute / gizonek jan dute), bizidunen inesiboko -gan/baitan (jaunagan / jauna baitan), soziatiboko -gaz/-kin/-ki (jaunagaz/jaunarekin/jaunareki) eta erakusleetako g- edo k- (gau/kaur 'hau').
  • c. Aditzaren morfologian bost gertakariren gaineko albisteak jaso zituen: izan-en orainaldiko adizkien erroa (naiz/nas/niz eta gara/gera/gira), edun-en orainaldiko adizkien erroa (dut/det/dot), zuketa eta xuketa tratamenduak, ukhan/izan aditzak eta iraganaldiko -ø (ikusi nuen > ikusi nue).
  • d. Sintaxian gertakari bi hartu zituen kontuan: kausazko bait- aurrizkia (zeren ona baita) eta -a galdera atzizkia (egin dia? 'egin al du?').
  • e. Lexikoan zeuden gorabehera batzuk ere aipatu zituen: domeka/igande edo bekoki/kopeta/belhar/boronde, esate baterako. Baita aldaera batzuk ere; esan/erran bikotea batez ere.

Bonaparteren irizpideez zenbait ohar

Hasteko, Bonapartek euskara ikasteko egin zuen ahalegina nabarmendu behar da. Zabal eta sakon aztertu zuen euskara eta, gehienbat, euskalki bakoitzak egindako berrikuntzak edo aukera bereziak hartu zituen kontuan. Alde horretatik begiratuta, egoki jokatu zuen.

Dena dela, euskalkiak zedarritzeko orduan, eta hizkerak euskalki batean edo bestean non sartu erabakitzerakoan, oso ezaugarri gutxiri begiratu zien; bakarrari askotan. Hona hemen, esate baterako, Observations sur le formulaire de prône txostenean aurkeztu zuen sailkapena (Bonaparte 1867: 7):

  • 1. Giputza, det gisako adizkiak dituena.
  • 2. Bizkaitarra, dot gisako adizkiak dituena.
  • 3. Nafar-lapurtarra, dut eta naiz gisako adizkiak dituena.
  • 4. Behe-nafarra, niz gisako adizkiak dituena eta zuketa eta xuketa tratamendurik ez duena.
  • 5. Nafar-zuberotarra, zuketa eta xuketa tratamenduak dituena.

Ezaugarri bakarrean oinarritzeak bere ondorioak ekarri zituen. Alde batetik, berdintsuak ziren hizkerak multzo desberdinetan sailkatu zituen, ezaugarri bakar horretan ez zetozelako bat. Berdin alderantziz ere: desberdinak ziren hizkerak multzo berberetan sailkatu zituen, bat zetozelako ezaugarri bakar horretan. Bestalde, ezaugarri gutxi batzuetan oinarritzeak hizkera multzo gehiegi bereiztea ekarri zuen. Izan ere, gauza gehienetan berdinak ziren hizkerak desberdindu egiten zituen Bonapartek aukeratutako ezaugarri bakar horrek.

Begi-bistakoa denez, mendebalean eta Zuberoan ez zegoen arazorik, garbiak eta gardenak direlako euskalki horien mugak. Nafarroan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean agertzen dira zailtasunak. Homogeneo samarra da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko euskara, baina hala ere, Bonapartek hiru euskalki, zortzi azpieuskalki eta hamaika hizkera bereizi zituen. Bost arrazoi eduki zituen horretarako (Bonaparte 1867: 2-5):

  • a. izan-en naiz/niz gisako adizkiak.
  • b. u bokala a edo e bokalekin elkartzen zenean gertatzen ziren emaitzak: buru + a > burua/buruya/buria, du + -en > duen/duyen/dien.
  • c. izan eta ukhan bereiztea: ikhusi izan dut / ikhusi ukhan dut.
  • d. -a galdera atzizkia izatea edo ez izatea: eginen duk? / eginen duka?
  • e. zuketa eta xuketa tratamenduak izatea edo ez izatea: bizi naiz / bizi nuzu / bizi nuxu.

Irizpide horiek oinarri hartuta, Bonapartek zorrotz eta zurrun jokatu zuen eta, horren ondorioak neurtzeko, adibide bi aipatuko ditut:

  • 1. Mendebaleko behe-nafarraren barruan hiru azpieuskalki bereizi zituen; "Lapurdikoa" zen horietako bat. Hauxe zen azpieuskalki hori beste bietatik bereizteko arrazoia: /u + a, e/ batzen zirenean -y- tartekatzea. Beraz, buru + a > buruya egitea. Ezaugarri bakar horrek ekarri zuen "azpieuskalki" maila ematea.
  • 2. Azpieuskalki horren barruan, berriz, hizkera bi bereizi zituen: Lekornekoa eta Uztaritzekoa. Bi ziren horretarako arrazoiak: Lekornekoan -a galdera atzizkia zegoen eta izan eta ukhan bereizten ziren; Uztaritzekoan, aldiz, ez.

Bonapartek bereizitako eremu txikiagoetara etortzen bagara, era horretako akats gehiago aurkituko ditugu. Euskara bizkaitarra, giputza eta nafarra bereizteko, esate baterako, ezaugarri bakarrean oinarritu zen: edun-en adizkietan. Hori dela eta, Elgoibarko hizkera euskalki bizkaitarrean sartu zuen, dot esaten zelako. Lezokoa, berriz, euskalki nafarrean, dut esaten zelako, eta Etxarri Aranazkoa, azkenik, euskara giputzean, det esaten zelako. Hizkuntza osotasunean hartuta, ordea, Lezoko hizkera euskara giputzetik gertuago dago eta Etxarri Aranazkoa, era berean, nafarra da giputza baino gehiago. Elgoibarko hizkerari dagokionez, euskalki bizkaitarrean nahiz giputzean sartzeko arrazoiak daude: tarteko hizkera da.

Nabarmentzekoa da, Aezkoa ibarreko hizkera mendebaleko behe-nafarrean sartzeko arrazoia. Bonapartek berak aitortu zuenez (1867: 3-5), hizkera horrek ez zituen jasotzen Ipar Euskal Herrian oro har eta, zehazkiago, mendebaleko behe-nafarrean egindako berrikuntzak: ez zegoen -a galdera atzizkirik, ez zen erabiltzen ukhan aditza, eta /u + a, e/ batzerakoan, ez zen u > i egiten edo bien artean -y- sartzen. Gainera, hasperenik ere ez zegoen. Aldiz, Nafarroako beste hizkera batzuetan bezala, hitz hasieran [∫] ahoskera zegoen (xan 'jan'), erakusleetan g- zegoen (gau 'hau') eta iraganaldiko adizkietan -ø zegoen (egon ze 'egon zen'). Bazituen, bestalde, aldaera berezi bi: fan 'joan' eta ekendu 'kendu', eta horiek ere Nafarroara begira jartzen zuten. Baina hala eta guztiz ere, eta harritzekoa den arren, Bonapartek mendebaleko behe-nafarrean sartu zuen. Hauxe, nonbait, horretarako arrazoia: niz tankerako adizkiak erabiltzen zirela.

Aezkoa ibarreko hizkera bezala, Zaraitzukoa eta Erronkarikoa ere Ipar Euskal Herriko euskalkietan sailkatu zituen: ekialdeko behe-nafarrean lehena eta zuberotarrean bigarrena. Hauexek izan ziren horretarako arrazoiak:

  • a. Zaraitzun xuketa tratamendua eta Erronkarin zuketa izatea.
  • b. -a galdera atzizkia izatea.
  • c. Zaraitzun izan-en erroa -i- izatea (niz).

Azpieuskalkien barruan, hizkera multzoak bereizteko orduan ere, zaila da Bonaparterekin bat etortzea. "Bokal eufonien" arabera egituratu zituen hizkera horietako asko. Ipar Euskal Herrian, ikusi dugunez, /u + a, e/ elkartzerakoan gertatzen ziren emaitzak hartu zituen kontuan: burua/buruya/buria. Hego Euskal Herrian, berriz, beste sei hauek aztertu zituen:

  • a. /e + a, e, o/ elkartzerakoan e > i egiten zen ala ez: semea/semia.
  • b. /o + a, e, o/ elkartzerakoan o > u egiten zen ala ez: besoa/besua.
  • c. /i + a, e, o/ artean epentesiren bat sartzen zen ala ez: mendia/mendiya-mendidxe-mendixa.
  • d. /u + a, e, o/ artean -b- epentesia sartzen zen ala ez: burua/buruba.
  • e. i eta u bokalen ondoren a > e egiten zen ala ez: mendia/mendie, burua/burue.
  • f. -a batekin amaitzen ziren hitzak a artikuluarekin elkartzen zirenean, -a, -ea (edo -ia, -ie), edo -ara egiten ote zen: alaba/alabea-alabia-alabie/al(h)abá/alabara.

Bonaparteren jarduneko lehenengo urteetan, 1864. urtea bitartean gehienbat, "bokal eufoniek" leku zabala bereganatu zuten. Jose Antonio Uriarte haren lankidea, esate baterako, emaitza horietan oinarritu zen Bizkaiko azpieuskalkiak zedarritzeko ([Ruiz de Larrinaga, arg.] 1957: 331). Bonapartek berak 1862an argitaratutako Langue basque et langues finnoises txostenean ere "eufonia" horiek eduki zuten nagusitasun osoa. Baita 1868 aldera egindako txosten argitaragabe batean ere: Phonologie de la langue basque dans tous ses dialectes.

"Eufoniak" direla eta, esate baterako, hizkera multzo berean sartu zituen Mungialdea, Busturialdea, Durangaldea, Otxandio eta Arabako Zigoitia eskualdeetako hizkerak. Ez daukat Zigoitian egiten zen hizkeraren berri zuzenik, baina Mungialdeko eta Durangaldeko hizkerak, behinik behin, ezin dira multzo berean ezarri. Eufonia berdintsuak daude, baina hizkuntza osotasunean aztertuta, hizkera desberdinak ez ezik, azpieuskalki desberdinak ere badira: Mungialdea sartaldeko azpieuskalkian dago eta Durangaldea sortaldekoan.

Igo


EUSKALKIAK GAUR

Europako mendebal osoan, eta baita Euskal Herrian bertan ere, aldakuntza esanguratsuak gertatu dira XX. mendeko bigarren erdialdean: benetako iraultza gauzatu da komunikabideetan eta hedabideetan. Gaur egungo komunikabideei esker, sarri eta laster joan ohi gara edozein alderditara eta, gainera, horixe egitea eskatzen du bizimoduak: lana dela, ikasketak direla, edo beste hainbat arrazoi direla, jendea etengabe ibiltzen da batetik bestera, eta bazter askotako jendea biltzen da leku berberetan. Eliza, erromeriak, feriak eta merkatuak ez dira dagoeneko bilgune nagusiak, garai batean bezala; jendea gehiago eta esparru zabalagoetan biltzen da.

Gaur egungo hedabideei esker, bestalde, ez da nahitaezkoa norbere herritik irtetea besteen hizkeren berri izateko. Irratiari, telebistari eta Interneti esker, norbere etxean entzun ditzakegu alderdirik urrunenetan bizi direnen hizkerak.

Euskal Herriari berari dagokionez, badira nabarmendu beharreko beste gertakari bi. Alde batetik, "ahozko hizkuntza" soil izateari utzi eta beste esparru batzuetara zabaldu da: eskolara, administraziora, idatzizko literatura eta hedabideetara… eta hori, jakina, hizkuntzarendako indar bateratzaile gertatu da. Bestalde, hizkera batu estandar bat sortu da esparru horietan erabiltzeko. 1964an hasi zen eredu estandar hori eraikitzen eta dagoeneko ondo errotu da Euskal Herri osoan. Hori ere, dudarik gabe, indar bateratzaile gertatu da.

Aldakuntza horiek guztiok eragin zuzena eduki dute hizkuntzan: euskalkiak bata besteari hurbiltzea eta haien arteko aldeak txikitzea eta gutxitzea ekarri dute. Beste aldetik, berriz, aldakuntzen ardatza Hego Euskal Herria eta, batez ere, Gipuzkoa izan denez, alderdi horretako hizkerak gertatu dira eredu eta jarraibide.

Nafarroan daukagu esan nahi dudanaren adibide ona. Historian zehar, Nafarroako iparraldeko ibarrak Ipar Euskal Herriari lotuta ibili dira eta hizkuntzan ere agerikoa zen lotura. Gaur egun, ostera, guztiz aldatu da egoera; gehienbat Hego Euskal Herriari begira bizi dira. Garai bateko euskalkien mugak aldatzea ekarri du horrek: Urdazubi eta Zugarramurdi, esate baterako, ezin dira dagoeneko euskara lapurtarrean erabat sartu. Harekin zituzten loturak ez dira guztiz galdu, baina euskara nafarrarekin, eta Hego Euskal Herrikoarekin oro har, estutu dituzte harremanak. Batez ere gazte jendearen hizkeran nabari da hori. Gauza bera esan daiteke Bortziriak, Bertizarana eta Baztan ibarretako hizkerez. Azken batean, Luzaide da, une honetan, Ipar Euskal Herriarekin lotura estuak dituen herri nafar bakarra, baina hango egoera ere aldatzen ari da.

Nafarroako mendebaleko eskualdeetan, berriz, Gipuzkoaren gertutasuna ikusten da. Oso agerikoa da Araitz ibarrean, baina baita Larraunen, Basaburuan eta Imotzen ere.

Hori guztiori dela eta, bost euskalki agertzen zaizkigu gaur egun:

  • a. Mendebalekoa, Bizkaian, Arabako Aramaion eta Gipuzkoako Deba ibar gehienean egiten da.
  • b. Erdialdekoa, Gipuzkoa gehienean egiten da eta hartara gerturatzen ari dira Nafarroako mendebaleko zenbait eskualde: Araitz eta, aldeak alde, baita Larraun, Basaburua eta Imotz ere.
  • c. Nafarra, Nafarroa gehienean egiten da.
  • d. Nafar-lapurtarra, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Luzaide ibar nafarrean eta Zuberoako ipar-mendebalean egiten da.
  • e. Zuberotarra, Zuberoa gehienean eta Eskiulan (Bearno) egiten da.

Bonaparteren garaiko euskalkien mugak aldatzearekin batera, beste kontzeptu bat ere sartu beharra dago euskal dialektologian: tarteko hizkerak daudela. Hau da, badira zenbait hizkera multzo jakin batean jarri ezin direnak, bateko eta besteko eraginak dituztelako aldi berean. Hauexek dira tarteko hizkera esanguratsuenak:

  • 1. Deba ibarreko iparraldekoa (Elgoibar, Mendaro eta Mutriku), mendebaleko eta erdialdeko euskalkien arteko lotura egiten du.
  • 2. Burundakoa, mendebaleko, erdialdeko eta euskara nafarraren arteko lotura egiten du.
  • 3. Gipuzkoako ipar-ekialdekoa (Errenteria eta Irun bitartekoa), erdialdekoaren, nafarraren eta nafar-lapurtarraren arteko lotura egiten du. Eremu horretan dago Arano herri nafarra ere.
  • 4. Nafarroako mendebalekoa (Araitz, Larraun, Basaburua eta Imotz), euskara giputzaren eta nafarraren arteko lotura egiten du.
  • 5. Baztan eta Urdazubi-Zugarramurdi eskualdekoa, euskara nafarraren eta nafar-lapurtarraren arteko lotura egiten du.
  • 6. Aezkoa ibarrekoa, euskara nafarraren eta nafar-lapurtarraren erteko lotura egiten du.
  • 7. Lapurdiko itsasbazterrekoa, euskara nafar-lapurtarraren eta erdialdekoaren arteko lotura egiten du.
  • 8. Amikuzekoa, euskara nafar-lapurtarraren eta zuberotarraren arteko lotura egiten du.

Igo


BIBLIOGRAFIA

AXULAR [Pedro Agerre].

- 1643. Guero. Bordele: G. Milanges.


BONAPARTE, Louis-Lucien.

- 1862. Langue basque et langues finnoises. Londres.

- 1863. Carte des sept provinces basques, montrant la délimitation actuelle de l'euscara et sa division en dialectes, sous-dialectes et variétés. Londres.

- 1867. Observations sur le formulaire de prône conservé naguère dans l'église d'Arbonne. Baiona: Lamaignère.

- Phonologie de la langue basque dans tous ses dialectes [1868 aldera egindako txosten argitaragabea].

- 1869. Le verbe basque en tableaux. Berrargitaratua [J. A. Arana Martija, arg.] Opera omnia vasconice (I): 175-442. Bilbo: Euskaltzaindia, 1991.


LARRAMENDI, Manuel.

- 1729. El impossible vencido. Arte de la Lengua Bascongada. Faksimilea Donostia: Hordago, 1979.

- 1745. Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín (2 ale). Donostia: Bartolomé Riesgo Montero.

- 1969. Corografía o descripción general de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa. [J. I. Telletxea Idigoras, arg.] Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones.


MOGEL, Juan Antonio.

- 1803. Confesino ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen Confesinuari ondo eguiña izateco. Gasteiz.

- Peru Abarca. Berrargitaratua Bilbo: Gerediaga, 1981.


OIHENART, Arnaut.

- 1656. Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum aquitanicae. 2. arg., osatua. Berrargitaratua [J. Gorosterratzu, itzul.] Revista Internacional de Estudios Vascos, 17-19 (1926-1928). Faksimilea Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1992.

- 1665 [1967]. L'art poétique basque d'Arnaud d'Oyhénart (1665). [P. Lafitte, arg.] Baiona: Gure Herria.


PAGOLA, Rosa Miren.

- 1991. "Larramendi eta dialektologia". [J. A. Lakarra, arg.] Manuel Larramendi. Hirugarren mendeurrena 1690-1990: 247-265. Andoain: Andoaingo Udala, Euskaltzaindia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.


RUIZ DE LARRINAGA, Juan (arg.).

- 1954-1958. "Cartas del P. Uriarte al Príncipe Luis Luciano Bonaparte". Boletí́n de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 10: 231-302; 13: 220-239, 330-348, 429-452 eta 14: 397-443. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.


ZABALA, Juan Mateo.

- 1848. El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino. Donostia: Ignacio Ramón Baroja.


ZUAZO, Koldo.

- 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.


Igo

Mendebalekoa

Ikusi bideoak

Erdialdekoa

Ikusi bideoak

Nafarra

Ikusi bideoak

Nafar-Lapurtarra

Ikusi bideoak

Zuberotarra

Ikusi bideoak

Laguntzailea:

Taldekideak:
Oneka Alvarez / Xabier Eizagirre / Arantza Flores / Nahia Grande / Eva Hidalgo / Iñaki Iñarra / June Lauzirika / Teresa Portugal