Helburua:

Close!

Euskalkien Jatorria

Historian zehar euskalkien jatorriaz esan dena eta, horrekin batera, gai horretaz daukadan iritzia erakusten dut atal honetan. Euskalkiak zaharrak diren ustea gezurtatzen duten gertakari bi azaltzen ditut: a) euskalkien arteko batasuna zabala dela eta b) berrikuntza komun ugari daudela euskalki guztietan.

Bigarrenik, gaur egungo euskalkiak Erdi Aroan gauzatu direla esango dut eta haien bost sorleku erakutsiko ditut: a) Iruñea, b) Gasteiz, c) Ekialdea, d) Bizkaiko erdigunea eta e) Beterri eskualdea.

Aldi berean, euskararen barruan ikusten den zatiketa hirukoitz bat aipatzen dut: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa daude multzo batean; Ipar Euskal Herria, bigarrenean; Nafarroa, hirugarrenean.


EUSKALKIEN JATORRIAREN GAINEKO IRITZIAK

Oso errotuta egon da euskalkiak antzinakoak diren iritzia. Hiru mugarri nagusi nabari dira uste horren bilakaeran: a) Oihenart, b) Larramendi, c) Caro Baroja.

Arnaut Oihenart(1592-1667)

Oihenart izan zen euskalkiak aurkezten lehena, Notitia utriusque Vasconiae liburuan (1656). Lau euskalki bereizi eta antzinako leinuekin lotu zituen: a) Akitaniarren euskalkia, Ipar Euskal Herrian egiten zen, b) Baskoiena, Nafarroan egiten zen, c) Barduliarrena, Gipuzkoan eta Araban egiten zen, d) Autrigoiena, Bizkaian egiten zen. Ikuspegi horren arabera, euskalkiak aspaldikoak dira, erromatarrak etorri aurrekoak, leinuak zeuden garaikoak.

Manuel Larramendi(1690-1766)

Eztabaidaren beroak ekarri zuen Larramendik euskalkien jatorriaz erakutsi zuen ikuspegia; ez ikerketa eta hausnarketa sakonak. Euskara antzina Espainia osoan egiten zen hizkuntza bakarra zela erakutsi nahi zuen. Haren aurkariek, berriz, erromatarren garaiko lekukotasunak aipatu zituzten, uste horren ustela agerian jartzeko. Lekukotasun horien arabera, herri eta hizkuntza asko omen zeuden Espainian erromatarrak heldu zirenean. Larramendik, oztopo horri aurre egiteko, hizkuntza haiek ez zirela benetako "hizkuntzak" esan zuen, euskararen dialektoak baizik. Dialektoak bata bestetik asko bereizten zirelako gertatzen omen zen hori. Azken batean, euskara eta euskalkiak Jainkoak berak sortu zituela Babelen esan zuen, Diccionario trilingüe liburuaren hitzaurrean (1745).

Julio Caro Baroja (1914-1995)

Oihenartek bezala, euskalkien mugak eta antzinako leinuenak bat zetozela esan zuen eta, gainera, eliza ere, bere egitura ezartzerakoan, muga horietan oinarritu zela aipatu zuen. Oso liburu ezagun bitan aurkeztu zuen ikuspegi hori: Los pueblos del norte de la Península Ibérica (1943) eta Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina (1945). Liburu horiek izandako oihartzunari esker, iritzi hori erabat onartu eta zabaldu zen.

Ikuspegi horren oinarriak

Mendebalean dago ikuspegi horren oinarririk sendoena eta ia bakarra. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Deba ibarrean antzeko euskalkia egin izan da. Bestalde, Arabako elizbarrutian bildu zen eremu hori, harik eta XI. mendearen amaieran, Calahorrakoan sartu zen arte. Eta, gainera, eremu horretan karistiarren leinua zegoela esan ohi da; ez autrigoiena, Oihenartek huts egitez esan zuen bezala. Horren arabera, beraz, euskalkien mugak, leinuenak eta elizbarrutienak bat datoz mendebalean.

Gipuzkoako ipar-ekialdea ere sarri aipatu dute ikuspegi horren aldekoek; gehienbat Oiartzun, Hondarribia eta Irun alderdia. Eremu horretan euskara nafarra egiten zela esan zuen Bonapartek eta antzina baskoien lurraldea omen zen. Baina bada kontraesan bat: elizaz ez zegokion Iruñeko Elizbarrutiari, Baionakoari baizik.

Hizkuntzari berari dagokionez, gertakari bakarra aipatu da euskalkiak, leinuak eta elizbarrutiak lotzeko: edun aditzaren erroa. Horren arabera, -o- dago karistiarren eremuan (dot), -e- barduliarrenean (det), eta -u- baskoienean (dut). Baina arrazoi bakar hori ere ez da zuzena. Karistiarren eremuan -o- ez da inondik inora erabatekoa. Gasteizen egindakoa dirudi Landucciren hiztegia (1562) eta -u- erroa agertzen da: dut, duk, duzu. Eta Gasteiz baino mendebalerago ere, Zigoitia eskualdean, -u- erroa jaso zuen R. Mª. Azkuek, XX. mendearen erdialdean.

Koldo Mitxelenaren ikuspegia(1915-1987)

Mitxelenak 1981ean argitaratutako "Lengua común y dialectos vascos" artikuluan aipu labur bat egin zuen euskalkien jatorriaren gainean. Haren iritzian, Erdi Aroan sortutakoak ziren, erromatarren Inperioa desegin ondorengo garaian. Arrazoi bi aurkeztu zituen uste horren alde: a) Euskalkien arteko batasuna handia da, eta hori ez zen horrela izango baldin eta euskalkiak oso aspaldikoak balira, b) Latinetik hartutako maileguak modu berezian egokitu dira euskarara, baina modu berezi hori berdina da euskalki guztietan, eta hori ere ez zen horrela izango, baldin eta euskalkiak erromatarrak etorri zirenerako egituratuta egon balira. Beste era batera esateko, euskara euskalkietan zatituta egon balitz, latineko maileguak bakoitza modu batera egokituko zen euskalkien arabera. Eta gauzak bestela dira. Euskaraz, esate baterako, aingeru, bake, borondate, gela… esaten dira. Euskaraz baizik ez dira horrela esaten, baina euskalki guztietan esaten dira modu horretan.

Zuzena dirudi Mitxelenaren ikuspegiak eta, gainera, hark aipatu zituen arrazoi biei hirugarren bat gehitu behar zaie: benetan bereziak diren euskalkiak bazterretako biak dira, zuberotarra eta mendebalekoa. Erdiguneko hizkeren arteko aldeak txikiak dira; Lapurdi, Nafarroa Behere, Nafarroa eta Gipuzkoako hizkerak oso antzekoak dira. Jakina, hori ere ez zen horrela izango euskalkiak oso aspaldikoak balira.

Igo


EUSKALKIEN ARTEKO BATASUNA

Alderdi batzuetako eta besteetako euskaldunak elkartu direnean, erdarara jo izan dute sarritan, euren arteko hartu-emana erraz eta eroso egin ahal izateko. Hori horrela dela erakusteko, hainbat lekukotasun dauzkagu eskura, eta antzinako denboretatik hasita gainera. Dena dela, euskalkien arteko aldea ez da uste den bezain handia. Zehatzago esateko, bazterretako euskalkiak dira bereziak: zuberotarra eta mendebalekoa. Berezia zen Erronkari eta Zaraitzu ibar nafarretakoa ere. Horretaz gainera, Euskal Herria bitan banatzen duen muga administratiboak sortzen ditu arazorik larrienak. Azken batean, mugaren alde batean frantsesetik elikatzen dira; gaztelaniatik, bestean.

Ikus dezagun, sailez sail, euskalkien arteko berdintasun eta desberdintasun esanguratsuenak zein diren:

Fonologia

Bokalak eta kontsonanteak ia berberak dira euskalki guztietan, eta berberak dira, era berean, batzuk eta besteak hitz barruan kokatzeko arauak.

Desberdintasunei bagagozkie, eta bokaletatik abiatuta, Zuberoa aldeko ü bokala da esanguratsuena. Badirudi okzitanotik hartutakoa dela. Zuberoan, era berean, bokal sudurkariak ahoskatzen dira, gaur egun galbidean dauden arren, baina bokal horiek mendebalean ere izan ziren, Bizkaian eta Deba ibarrean, XVI. eta XVII. mendeetan. Badirudi, beraz, Euskal Herri osokoak zirela antzina.

Kontsonanteen sailean hasperena da gauzarik nabarmenena. Gaur egun Ipar Euskal Herriko alderdi batzuetan dago bizirik, Zuberoan gehienbat, baina hori ere Euskal Herri osokoa zen antzina: Arabako toponimian daukagu horren lekukotasuna, Euskal Herriko hego-mendebaleko ertzean.

Txistukarien artean ere badira gorabeherak leku batzuetatik bestera, baina izkribu zaharrei begiratuta, erraz ikusten da azken mendeotako aldakuntzak direla: mendebaleko euskalkian eta Gipuzkoako iparraldeko alderdi askotan s eta z eta ts eta tz berdindu egin dira. Zuberoan, ostera, gehitu egin da txistukarien kopurua. Dirudienez, okzitanoaren eraginez gertatu da.

Hirugarren gertakari bat ere bada kontsonanteen sailean: hitz hasierako *j-ri dagokiona. Modu askotara ahoskatzen da Euskal Herrian barrena, baina badirudi ahoskera guztiak bilakaera baten emaitza izan direla: y (yan) > dx (dxan) > x (xan) > j (jan). Azken batean, hizkera batzuk besteak baino urrunago heldu dira bilakaera horretan.

Eta fonologiaren saila ixteko, esan dezadan azentuan eta intonazioan gertatzen direla euskalkien arteko alderik esanguratsuenak (ikus Hualde 1997).

Izenaren morfologia

Postposizio sistema da euskararen ezaugarririk esanguratsuena eta euskalki guztiak bat datoz gauzarik gehienetan. Aldeei bagagozkie, hauxe nabarmendu behar da: Ipar Euskal Herrian eta mendebalean hurbiltze adlatiboa osatzeko dauden bitarteko bereziak. Ipar Euskal Herrian -ri/-rat buruz erabiltzen da: Pariserat buruz joan da; udaberriari buruz egunak luzeagoak dira. Mendebalean, berriz, -rantza/-rutz erabiltzen dira: Pariserantza/Pariserutz joan da.

Beste lau kasu osatzeko orduan, honako aldeak daude euskalkien artean:

  • 1. Bizkaian -gaz erabiltzen da soziatiboan: lagunagaz singularrean eta lagunakaz pluralean.
  • 2. Destinatiboan -entzat edo -endako erabiltzen da euskalkien arabera: lagunarentzat/lagunarendako.
  • 3. Prolatiboan ere -tzat/-tako aukera dago: Pello laguntzat/laguntako daukagu.
  • 4. Bizidunen inesiboa egiteko aukera bi daude: gan/baitan. Beraz, lagunarengan/lagunaren baitan badut konfiantza.

Aldakuntza nagusi horietaz gainera, gauza txikiagoak ere badira; aldaera fonetikoak gehienbat. Ergatibo plurala egiteko -ak/-ek erabiltzen dira: gizonak/gizonek egin dute. Datibo pluralean -ei/-eri/-er daude: lagunei/laguneri/laguner eman diet. Genitibo singularrean, berriz, -aren/-aen/-ain/-an baliatzen dira: lagunaren/lagünaen/lagunain/lagunan etxean egon naiz. Soziatiboan -kin/-ki/-kilan daude: lagunarekin/lagunareki/lagunarekilan ibili da. Ablatiboan -tik/-ti/-tikan/-tio daude: etxetik/etxeti/etxetikan/etxetio atera da. Motibatiboan, era berean, -gatik/-gati/-gatikan/-gatio daude: zu ikusteagatik/ikusteagati/ikusteagatikan/ikusteagatio etorri naiz.

Kasu bat edo beste aukeratzeko orduan ere badira gorabeherak. Hauxe ezagunena: aditz izenaren osagarria absolutiboan edo genitiboan erabiltzea. Beraz, laguna/lagunaren ikustera joan da. Zenbait aditzen osagarriek ere kasu desberdinak aukeratzen dituzte. Esate baterako, jaten/jatera eman, joaten/joatera utzi, egiten/egitera ausartu…

Izenaren morfologiako gainerako arloetan ez dago alde handirik. Bat aipatuko dut: izenordain indargarriak osatzeko orduan neuk/neronek/nihaurk erabiltzen dira, euskalkien arabera.

Aditzaren morfologia

Sail honetan agertzen dira alderik esanguratsuenak. Alde batetik, badira erro bereziak. Esate baterako, NOR-NORI-NORK sailean hiru daude: *i (diot), *eradun (deraukot > dakot) eta eutsi (deutsat > dotset). Ahalerako laguntzaileetan ere aukera hirukoitza dago: *ezan (dezake), egin (daike) eta *iro (diro).

Geroaldiko morfemak bitan banatzen du Euskal Herria. Mendebalean eta erdialdean -go izan ohi da: izango, egingo. Ekialdean, berriz, -en: izanen, eginen. Antzeko eremu banaketa dago partizipioa edo aditzoina erabiltzeko orduan. Mendebalean, erdialdean eta Nafarroako alderdi batean partizipioa erabiltzen da: kendu zaitez. Ekialdean, berriz, aditzoina: ken zaitez. Aukera zabala dago adizkien plurala egiteko: -tza-, -zki-, -it-, -zi, -z… Esate baterako, goaz/goazi, dizkio/deutsaz/ditio, daramatzat/daramazkit…

Esangura txikiagoko kontuak ere badira, jakina. Esate baterako, edun-en orainaldiko erroan dut/det/dot gisakoak erabiltzen dira, izan-en orainaldian naiz/niz/naz, izan-en orainaldi pluralean gara/gera/gira. Azkenik, izan-en singularreko 3. pertsonan -a-/-e- dauzkagu: dan, dala, zan, zala mendebalean eta erdialdean eta, aldiz, den, dela, zen, zela ekialdean.

Sintaxia

Gorabehera gutxi dago sail honetan. Hiru gertakari nabarmenduko ditut. Ipar Euskal Herrian ba- aurrizkia maiz baliatzen da: gizon batek bi seme bazituen. Hego Euskal Herrian ez da ba- hori jartzen: gizon batek bi seme zeuzkan.

Ipar Euskal Herrian, era berean, aditz laguntzailea partizipioaren aurrean jartzen da foku bat dagoenean: nor duzu ikusi?

Hirugarren gertakaria Hego Euskal Herriko eremu zabaleko bereizgarria da: egin baliatzen da aditzaren indargarri. Beraz:

  • 1. Mikelek erre du (perpaus neutroa)
  • 2. Mikelek erre egin du (aditza indartuta)

Lexikoa

Lexikoa aldatzen da gehien hizkuntza guztietan eta halaxe gertatzen da euskaran ere. Dena dela, uste den baino handiagoa da sail horretan dagoen batasuna. Esate baterako, aditz gehienak berberak dira euskalki guztietan: egon, izan, edan, jan, saldu, sartu, ekarri, kendu… Adjektibo gehienak ere berberak dira: handi, txiki, zabal, mehe, arin, zorrotz… Zenbakien izen guztiak berberak dira: bat, bi, hiru, hamar, hogei, ehun… Hizkuntzaren oinarrizko hitzik gehienak ere berberak dira. Hona hemen zenbait adibide (ikus zehatzago Eranskinean):

  • Koloreen izenak: beltz, gorri, urdin, zuri…
  • Gorputz atalen izenak: aho, begi, belaun, buru, oin…
  • Ahaidetasunaren adierazleak: alaba, ahizpa, anaia, arreba, senar…
  • Pertsonen nolakotasunari dagozkionak: andre, gizon, neska, ume…
  • Sentimenen adierazleak: amets, esker, gogo, lotsa…
  • Bizilekuari dagozkionak: etxe, herri, hiri…
  • Etxeko osagaienak: ezkaratz, labe, leiho, su…
  • Lanabesenak: aitzur, hede, igitai, orratz…
  • Espazio (ezker, ipar), denbora (atzo, lehen) eta kopuru (erdi, oso) unitateak.
  • Animalia, hegazti eta zomorro izenak: behor, idi, txakur, arrano, eper, erle, zorri…
  • Zuhaitz eta landare izenak: haltz, haritz, belar…
  • Mineralak eta lurreko osagaiak: burdina, harri, ikatz, urre, zilar…
  • Janari eta edariak: aza, esne, gatz, gazta/gazna, haragi, ogi…
  • Eguraldiari dagozkionak: ekaitz, elur, euri, haize…
  • Geografia deiturak: itsaso, larre, leize, lur, mendi…

Igo


EUSKALKIEN BERRIKUNTZA KOMUNAK

Koldo Mitxelenak "Lengua común y dialectos vascos" artikuluan (1981) arrazoi sendo bat aipatu zuen euskalkiak oso antzinakoak ez zirela esateko: berrikuntza berberak eta modu berberean gertatu direla euskalki guztietan, eta berrikuntza horietako batzuk ez direla, gainera, oso aspaldikoak. Jakina, hori ez zen horrela izango, euskalkiak iragan urrunetik etorriko balira.

Latinetik hartutako hitz ugariak dira horren adibide. Hitz horietako asko euskaran oso modu berezian egokitu dira, ez inguruko hizkuntzetan bezala, baina egokitzeko modu berezi hori berbera da euskalki guztietan. Hona hemen adibide bat: latineko pace > bake egin da. Euskaraz baizik ez da horrela egokitu, baina euskalki guztietan esaten da modu horretan, geroago bake > pake egin bazen ere erdialdean.

Hauexek dira latineko maileguak euskalki guztietara egokitzeko orduan gauzatu diren arau nagusiak:

  • 1. Ez dira onartu muta cum liquida kontsonante multzoak, hau da, p, t, k, b, d, g, f + l, r. Bide bi jarraitu dira multzo horiek desegiteko: a) kontsonanteetako bata galdu da (lat. pluma > eusk. luma), b) kontsonante bien artean bokal anaptiktiko bat sartu da (lat. cruce > eusk. gurutze).
  • 2. Ez da hitz hasieran dardarkaririk onartu; aurretik a- edo e- bokalak jarri dira. Euskalki guztietan esaten dira errege, Erroma, erromeria, errota, arrazoi(n)…
  • 3. Hitz hasierako p-, t-, k- euskaraz b-, d-, g- egin dira: lat. tempora > eusk. denbora, lat. causa > eusk. gauza, lat. cella > eusk. gela.
  • 4. Bokal artean lau bilakaera gertatu dira. Alde batetik, -n- galdu da (lat. corona > eusk. koroa). Bestetik, l > r egin da (lat. angelu > eusk. aingeru). Hirugarrenik, -nn- > -n- egin da (lat. annona > eusk. anoa). Eta laugarrenik, -ll- > -l- egin da (lat. castellu > eusk. gaztelu).

Latineko maileguak direla eta, beste gauza bat esan behar da: handik etorritako hitz asko euskalki guztietara zabaldu direla. Hona hemen zenbait adibide: eremu, joko, landare, soka…

Hitz elkartuak ez dira oso antzinakoak eta horiek osatzeko moduak ere berberak dira euskalki guztietan. Hona hemen orokorrak diren arauak:

  • 1. Hitz elkartuen lehen osagaiak -di/-gi amaiera daukanean, -t egiten da: ardi + zain > artzain, begi + ile > betile.
  • 2. Lehen osagaiak -e, -o, -u amaiera daukanean, -a egiten da: etxe + be > etxabe, baso + jaun > basajaun, katu + kume > katakume.
  • 3. Lehen osagaiak -n amaiera daukanean, -r egiten da: egun + aldi > eguraldi.
  • 4. Lehen osagaia -ra, -re, -ri amaierakoa denean, -l egiten da: euskara + dun > euskaldun, abere + etxe > abeletxe, afari + du > afaldu.
  • 5. Lehen osagaiak -ri, -ru amaiera daukanean, galdu egiten da bokala: iturri + buru > iturburu, buru + muin > burmuin.
  • 6. Silaba bitik gorako hitzetan lehen osagaiko -o galdu egiten da: itsaso + bazter > itsasbazter.

Atzizki asko daude euskaran eta horiek ere ezin izan oso aspaldikoak. Gehienak berberak dira euskalki guztietan: -ari (bazkari), -di/-doi (pagadi), -dun (euskaldun), -garren (bigarren), -garri (harrigarri), -gile (langile), -gin (hargin), -ka (lasterka), -keria (zerrikeria), -ki (txerriki), -kide (adiskide), -ko (mutiko), -koi (etxekoi), -koitz (bakoitz), -kor (galkor), -le (ikasle), -men/-pen (nabarmen), -na (hamarna), -oro/-ero (egunero), -pe (aterpe), -tar (zuberotar), -(t)ari/-lari (pilotari), -tasun (maitasun), -te (elurte), -tegi (urtegi), -ti (gezurti), -tila (neskatila), -to (gaizto), -tsu (jakintsu), -tura (haustura), -txo/-tto/-to (neskato), -tza (bizitza), -tzaile (saltzaile), -xe (holaxe), -xka (gorrixka).

Hitanoko alokutiboena ere euskararen barruan gertatutako berrikuntzatzat jotzen da eta, zenbait gauza txiki gorabehera, egitura berbera daukate euskalki guztietan: naiz > nauk/naun, zait > zaidak/zaidan, dut > diat/dinat (mendebalean joat/jonat), nago > nagok/nagon, dakit > zakiat/zakinat…

Alokutibo horiek sortzearekin lotuta, beste gertakari bat ere bada. Antzina pluraleko 2. pertsona zena (zu zara, zuk duzu) singular izatera aldatu da euskalki guztietan, eta plurala adierazteko sortu den berria ere (zuek zarete, zuek duzue) berbera da alde guztietan.

Igo


EUSKALKIEN SORGUNEAK

Elena Barrena historialariak aipatu zuen lehenengoz euskalkien sorguneen auzia, La formación histórica de Guipúzcoa liburuan (1989). Hiru menditan kokatu zituen sorguneak: a) Gorbeian, Arabaren eta Bizkaiaren artean, b) Aralarren, Nafarroaren eta Gipuzkoaren artean, c) Saioan, Nafarroaren, Lapurdiren eta Nafarroa Beherearen artean. Blanca Urgellek ere ukitu zuen gai hori, zeharka bada ere, "Para la historia del sustantivo verbal en vasco" artikuluan (2006). Hiriak aipatu ziren saio horretan: Iruñea, Gasteiz eta Bilbo. Nik ere hirietan ikusten dut euskalkien sorrera. Bost sorgune aurkeztuko ditut:

  • 1. Iruñea
  • 2. Arabako lautada (Gasteiz)
  • 3. Bizkaiko erdigunea
  • 4. Ekialdea
  • 5. Beterri

Ikus ditzagun banan-banan:

IRUÑEA

Euskal Herriko hiri nagusia izan da; apezpikuaren egoitza zegoen bertan VI. menderako. Litekeena da handik zabaldu izana antzina Euskal Herri osoan hedatu ziren berrikuntzak. Esate baterako, latinetik hartutako hitz ugariak modu berezian egokitu ziren euskarara, gainerako hizkuntzetan ez bezala. Eta modu berezi hori berbera da euskalki guztietan. Horren lekuko aingeru, bake, borondate, gauza, gela, eliza, errege, lege, luma, kipula/tipula... bezalako hitzak. Euskaraz baizik ez dira esaten horrela, baina euskalki guztietan esaten dira modu berean.

  • Beste berrikuntza batzuk oraintsuagokoak dira; ez dira zabaldu Euskal Herri osora. Gehienbat, mendebala (Bizkaia, Araba, Deba ibarra) eta ekialdea (Zuberoa, Erronkari, Zaraitzu) geratu dira eremutik kanpora. Hauexek dira:
  • 1. -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -a egitea. Esate baterako, luma + a > luma. Zuberoan eta Erronkarin -a + a > -á gertatu da (lümá/lumá), Zaraitzun -ara (lumara) eta mendebalean -ea (lumea).
  • 2. NOR saileko adizkien pluraleko 2. pertsonen morfema -te izatea: zarete, zineten, zabiltzate, zaudete… Gutxi gorabehera, aurreko berrikuntzaren eremu bera dauka: Zuberoa, Erronkari, Zaraitzu, Sakana eta mendebala geratu dira esparrutik kanpora. Alderdi horietan -(i)e da morfema: zarie 'zarete', ziñen/ziñien 'zineten'…
  • 3. Aditz izenak osatzeko -tzen morfema indartzea: ibiltzen, jartzen. Bazterretan -ten dago: ibilten/ebilten, jarten.

GASTEIZ

Arabako lautada izan daiteke mendebaleko euskalkiaren ardatza. Gainera, XI. mendeaz gero behinik behin, Gasteiz hirigune handia zen; mende horretan antolatu zen apezpikutegia Armentian. Alderdi hartan sortutako berrikuntzak eremu zabalean hedatu zirela ematen du: Bizkaira, Gipuzkoako Goierri, Urola eta Deba ibarretara, Nafarroako Burunda, Ameskoa eta Lana eskualdeetara, Burgosko eta Errioxako zenbait eskualdetara. Hauexek dirudite handik zabaldutako joerak:

  • 1. -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -ea egitea: luma + a > lumea.
  • 2. j bokalerdiak z eta tz busti eta x/tx bihurtzea: haize > axe, haitz > atx.
  • 3. Soziatiboko -gaz morfema: lagunagaz 'lagunarekin'.
  • 4. Hurbiltze adlatiboko -rutz morfema: barrurutz 'barru aldera'.
  • 5. Mugimenduzko aditzen osagarri diren aditz izenak inesiboan (ZERTAN) erabiltzea; ez adlatiboan (ZERTARA): laguna ikusten noa vs laguna ikustera noa.
  • 6. -rik morfema erabiltzea etxerik etxe, kalerik kale gisako esapideetan.
  • 7. 'edo + izenordain galdetzailea' egiturako izenordainen sail osoa garatzea: edonor 'nornahi', edonon 'nonahi', edonora 'noranahi', edonondik 'nonahitik'…
  • 8. -to atzizkia: ederto 'ederki', polito 'poliki'…
  • 9. Adberbioetako -la atzizkiari -n gehitzeko joera: nolan, honelan, halan…
  • 10. egin erroa nagusitu eta *ezan baztertzea: jan egizu 'jan ezazu'.
  • 11. NOR-NORI-NORK saileko eutsi erroa: deust 'dit'.
  • 12. NOR-NORI saileko adizkietako j-: jako 'zaio', jatort 'datorkit'.
  • 13. -z aditz pluralgilea indartzea: jakuz 'zaizkigu'.
  • 14. Gaztelaniatik hartutako aditzetan -ado > -adu eta -ido > -idu egitea: konfiadu 'konfiatu', atrebidu 'atrebitu'.
  • 15. Aditz izenak osatzeko zenbait morfema: a) -etan (suplikaetan 'suplikatzen'), b) -ketan (bidalketan 'bidaltzen'), c) -zaiten/-zaen (eltzaiten/eltzaen 'heltzen').
  • 16. Kausa eta helburuzko perpausetako -tearren: zu ikusterren etorri da 'zu ikusteagatik etorri da'.

BIZKAIKO ERDIGUNEA

Mendebaleko euskalkiaren ardatza Araba izan bazen ere, behin XVI-XVII. mendeetarako Bizkaia ez zegoen hara begira; bertan sortzen ziren berrikuntzak. Badirudi Bizkaiko erdialdea izan zela berrikuntzen gunea; Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza. Bilboren handitasuna berandukoa da, XIV. mendeaz gerokoa, eta euskalkia egituratuta zegoen orduko. Hauexek dirudite Bizkaiko berrikuntzarik esanguratsuenak:

  • 1. i sudurkariaren ondoren -n- kontsonantea garatzea. Gehienbat *io aditzean eta -(z)io amaieran ikusten da hori. Alde batetik, diño 'dio', diñozu 'diozu' tankerako adizkiak daude eta, bestetik, konfirmaziño 'konfirmazio', konsagraziño 'kontsakrazio' bezalako hitzak.
  • 2. -txu atzizki txikigarria: axetxu 'haizetxo'.
  • 3. Aditz izenetan -tuten indartzea: aginduten 'agintzen', elduten 'heltzen'.
  • 4. Erakuslea izenaren aurrean kokatzea: onek gauzok 'gauza hauek'.

Beste berrikuntza batzuek oraintsuagokoak dirudite, beharbada XIX. mendearen hasieraz gerokoak:

  • 1. -au- > -eu- egiteko joera: aurre > eurre, gaur > geur. Bestalde, eduki-ren adizkietan -e- gertatu da: daukat > dekot, dauka > deko.
  • 2. i + z > ix bustidura: izan > ixen, izar > ixer, gizon > gixon, dakizu > dakixu…
  • 3. Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea' izenordainen sail osoa: nor edo nor (> nonor) 'norbait', nor edo nogaz (> nonogaz) 'norbaitekin', non edo non (> nonon) 'nonbait', nora edo nora (> nonora) 'norabait'…

EKIALDEA

Ekialdea oso berrikuntza gune indartsua izan da. Ez dago argi zein ote den sorgunea. Baliteke Bearnon edo Huescan izatea. Hauexek dira alderdi horretako gertakaririk esanguratsuenak:

  • 1. /u + a, e/ > i egitea: eskia 'eskua', diela 'duela'.
  • 2. NOR saileko adizkietan -ai- > -i- egitea eta NOR-NORK sailekoetan, berriz, -au- > -u-. Alde batetik, niz 'naiz', gitu 'gaitu', gitzake 'gaitzake', eta, bestetik, nuk 'nauk', nuzu 'nauzu'.
  • 3. Datibo pluraleko -er morfema: laguner 'lagunei'.
  • 4. Soziatiboko -kila(n): lagunekilan 'lagunekin'.
  • 5. Zuketa eta xuketa alokutiboak: mintzatu behar dizit/dixit 'mintzatu behar dut'.
  • 6. -a galdera atzizkia: jin dea? 'etorri da?'

Ondorengo hauek eremu txikiagokoak dira. Zuberoan eta haren ondoko eskualdeetan gauzatzen dira:

  • 1. -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean -a + a > -á egitea: lüma + a > lümá.
  • 2. u - i > u - u > ü - ü eta i - u > u - u > ü - ü asimilazioak erabat egitea: bürdüña 'burdina', ülhün 'ilun'.
  • 3. -au- > -ai- egitea: gai 'gau', gaiza 'gauza'.
  • 4.Adlatiboan artikulua erabiltzea: mendialat 'mendira'.
  • 5. -ñí atzizki txikigarria: amiñí 'apurra'.

BETERRI

Iruñea itsasbazterrarekin lotzen zuen bide aldamenetan sortu ziren Gipuzkoako zenbait hirigune: Tolosa, Andoain, Hernani eta Donostia. Badirudi ardatz horretatik zabaldu direla zenbait berrikuntza. Hauexek esanguratsuenak:

  • 1. edun-en orainaldiko adizkietako -e- erroa: det 'dut'.
  • 2. izan-en orainaldiko adizkietako -e- erroa: gera 'gara'.
  • 3. joan-en adizki bereziak: nijoa 'noa', dijoa 'doa'.
  • 4. NOR-NORK saileko hitanoko adizkietako -zki- pluralgilea: dizkiat/dizkinat 'ditiat/ditinat'.

Igo


EUSKARAREN ZATIKETA HIRUKOITZA

XVI. menderako, izkribuzko lekukotasunak agertzen direnerako, bazeuden euskalkiak, baina euskalkiez gainera, beste zatiketa batzuk ere ikusten dira euskararen barruan. Horietatik bi dira esanguratsuak. Alde batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik bereizita agertzen dira. Bestetik, berriz, Ipar Euskal Herria Hego Euskal Herritik aldenduta azaltzen da. Beste era batera esateko, hiru eremu ageri dira: a) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, b) Nafarroa, c) Ipar Euskal Herria. Jakina, eremu horien mugak ez datoz administrazioak ezarri dituenekin guztiz bat. Nafarroako iparraldeko ibarrak Ipar Euskal Herriari lotuta agertzen dira askotan; Nafarroako mendebalekoak Gipuzkoari edo Arabari. Lapurdiko hego-mendebalean ere ezagun da Gipuzkoaren gertutasuna.

Ez daukagu helduleku ziurrik banaketa hirukoitz hori azaltzeko, baina baliteke Nafarroako Erresumaren haustura egotea horren azpian. Uste hori zuzena izatera, Euskal Herriaren zatiketa politikoak euskalkien arteko aldeak sakontzen eta zabaltzen ere eduki zezakeen eragina. Uste hori zuzena edo ustela izan, hizkuntzak, behinik behin, argi erakusten du zatiketa hirukoitz hori. Ikus ditzagun banan-banan.

Mendebala eta Erdialdea vs Ipar Euskal Herria eta euskara nafarra

Zazpi ezaugarri esanguratsu aurkeztuko ditut multzo honetan:

  • 1. Mendebalean eta erdialdean -st- kontsonante multzoa zegoen hitz jakin batzuetan; -rtz-, berriz, ekialde gehienean. Alde batean beste, bost, este, ostegun, ostiral esaten zen eta, bestean, bertze, bortz, hertze, ortzegun, ortziral. Esan dezadan, -st- esan dela Zuberoan eta haren inguruetan, ekialdeko ertzean.
  • 2. Mendebalean eta erdialdean -gan erabiltzen zen bizidunen inesiboan eta baitan ekialdean: lagunarengan / lagunaren baitan.
  • 3. izan aditzaren singularreko 3. pertsonan -a- zegoen mendebalean eta erdialdean; -e- ekialdean. Beraz, dan, dala, dalako, zan, zala, zalako, alderdi batean, eta den, dela, delakotz, zen, zela, zelakotz, bestean.
  • 4. Geroaldiko morfema -ko (>-go) zen mendebalean eta erdialdean; -(r)en ekialdean: egingo/eginen.
  • 5. Mendebalean eta erdialdean absolutiboa (NOR) erabiltzen zen, gehienbat, aditz izenen osagarrian; genitiboa (NOREN) ekialdean: laguna ikustera joan / lagunaren ikustera joan.
  • 6. Mendebalean eta erdialdean inesiboan (ZERTAN) jarri ohi ziren, gehienbat, zenbait aditzen osagarri jokatugabeak; adlatiboan (ZERTARA) ekialdean. Hona hemen Etxepareren lekukotasuna, 1545ean:
    • assayatu bere lengoage propriaren favoretan heuscaraz cerbait obra eguitera (hitzaurrea: 9-10)
    • finian ere eztic uzten harc galcera beria (II: 72)
    • neure penen erraytera are eniz ausarcen (V: 12)
    Beraz, asaiatu egitera, utzi galtzera, ausartu erraitera idatzi zituen Etxeparek, ekialdeko legera. Mendebalean eta erdialdean saiatu egiten, utzi galtzen, ausartu esaten ziren ordezkoak.
  • 7. Mendebalean eta erdialdean -ela erabiltzen zen denbora eta moduzko perpausetan; ekialdean -elarik ere bazen aukeran. Joanes Leizarraga lapurtarrak, esate baterako, honako hauek idatzi zituen 1571n:
    • ni çure eçagun gabea beçala naicelaric (…)
    • orain çure moienez reedificatzen delaric (…)

Ipar Euskal Herria vs Hego Euskal Herria

Sei ezaugarri erakutsiko ditut multzo honetan.

  • 1. Hasperena galduta zegoen Hego Euskal Herrian XVI. menderako. Ziurrenera, Nafarroako iparraldeko hizkera batzuk ziren salbuespena; Luzaide bezalakoak.
  • 2. Kontsonante sudurkari aurrean o > u egiteko joera zegoen Ipar Euskal Herrian. Etxepareren izkribuan, esate baterako, huin 'oin', hun 'on', unsa 'ongi, ondo', undar 'hondar' eta hunek 'honek' saileko erakusleak (hunen, huneki, hunat) agertzen dira.
  • 3. Erdarako maileguak egokitzeko orduan desberdin jokatzen zen mugaren alde bakoitzean. Ipar Euskal Herrian amaierako -e galdu duten hitzetan -a jartzen zen. Etxeparek, esate baterako, adbokata, demandanta, desonesta, elementa, pazienza erabili zituen. Hego Euskal Herrian abogadu, demandante, desonesto, elemento, pazienzia ziren horien ordainak.
  • 4. Adlatiboan -rat aldaera zegoen Ipar Euskal Herrian; -ra Hegoaldean. Etxeparek, esate baterako, hunat, horrat, harat, norat, aitzinerat idatzi zituen.
  • 5. Bereziak dira Ipar Euskal Herriko izenordain indartzaileak: nihaur, ihaurk/ihaurorrek, guhaur, zuhaurk/zuhaurorrek baliatu zituen Etxeparek.
  • 6. Perpaus erlatiboak partizipio hutsaren bidez eraikitzen ziren Ipar Euskal Herrian. Hona Etxepareren adibidea (I: 436):
    • eguin oroz recebitu neure merexituya
  • Hego Euskal Herrian egin ditudan / egindako / eginiko / eginikako ziren ordezkoak.

Igo


BIBLIOGRAFIA

BARRENA, Elena

- 1989. La formación histórica de Guipúzcoa. Donostia: Cuadernos Universitarios. Sección Historia, 5. E.U.T.G.- Mundaiz.


CARO BAROJA , Julio

- 1943. Los pueblos del norte de la Península Ibérica. Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas.

- 1945. Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina. Salamanca: Universidad de Salamanca.


ETXEPARE, Bernart

- 1545. Linguae Vasconum Primitiae. [P.Altuna, arg.] Bilbo: Mensajero, 1980.


HUALDE, Jose Ignacio

- 1997. Euskararen azentuak. ASJU-ren gehigarriak-42. Donostia eta Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea


LARRAMENDI, Manuel

- 1745. Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latí́n (2 ale). Donostia: Bartolomé Riesgo Montero.


LEIZARRAGA, Joanes

- 1571. Jesus Christ gure Jaunaren Testamendu Berria. Arroxela: Pierre Hautin. Faksimilea: Donostia, Hordago, 1979.


MITXELENA, Koldo

- 1981. "Lengua común y dialectos vascos". Anuario del Seminario de Filologí́a Vasca "Julio de Urquijo", 15: 289-313. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.


OIHENART, Arnaut

- 1656. Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum aquitanicae. 2. arg., osatua. Berrargitaratua [J. Gorosterratzu, itzul.] Revista Internacional de Estudios Vascos, 17-19 (1926-1928). Faksimilea Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1992.


URGELL, Blanca

- 2006. "Para la historia del sustantivo verbal en vasco". Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 40/1-2: 921-948. Donostia eta Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea.


ZUAZO, Koldo

- 2010. El euskera y sus dialectos. Irun: Alberdania.

- 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.


Igo

Mendebalekoa

Ikusi bideoak

Erdialdekoa

Ikusi bideoak

Nafarra

Ikusi bideoak

Nafar-Lapurtarra

Ikusi bideoak

Zuberotarra

Ikusi bideoak

Laguntzailea:

Taldekideak:
Oneka Alvarez / Xabier Eizagirre / Arantza Flores / Nahia Grande / Eva Hidalgo / Iñaki Iñarra / June Lauzirika / Teresa Portugal